Gainpopulazioa, zigor barneko zigorra

Baionako presondegian bisita egin dute Peio Dufau eta Colette Capdevielle diputatuek. Arras zaharkitua da; 70 leku ditu, eta 160 preso dira. Presoen eskubideak ez dira errespetatuak, eta zaindariek salatu dute ez dutela nahikoa baliabide.

Baionako presondegia
Baionako espetxeko patioko burdin hariak, uztailaren 18ko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Baionako presondegiaren atarian oren erdi bat itxoin behar izan dute Peio Dufau EH Baiko eta Colette Capdevielle PSko diputatuek —eta gonbidatu dituzten kazetariek—, «ustekabeko bisita» egin ahal izan aitzin, iragan ostiralean. Santizpiritu auzoko eraikin zaharrenetakoa da kartzela; ate gorri erraldoi bat, hiru leiho gainaldean, Frantziako bandera, eta hamabi hizki: Maison d'arret. Kanpotik ageri den ate gorri erraldoi hori ireki du azkenean zaindari batek, eta kartzelako zuzendariordea zain da ate gibelean, zut: delegazio osoa sartu aitzin, diputatuekin bildu nahi du. Uko egin diote Dufauk eta Capdeviellek, eta bisita hasi nahi dutela erran. Onartu du azkenean zuzendariordeak, eta hasi da Baionako presondegiaren bisita.

1891koa da eraikina. Biziki zaharra da, eta urteetan zehar berritzeko nola hala egindako obrek ez dute kukutzen ahal denborak lekuan egin duen lana. Dena da zaharra: murruak, zola, ateak, sabaia. Zaharra, eta hertsia —irudipen hori ematen dio kanpoko ate zabaletik sartu berri denari, gutxienez—. 70 leku ditu, 66 ziegatan. 70 leku, baina 160 preso daude. %237koa da gainpopulazioa. Eta horren araberakoa da baliabide eskasia: 70 presorendako pentsatuak diren baliabideekin funtzionatzen du. Ez da nahikoa higiene kit, ez da nahikoa ohe, eta ez da nahikoa langile: 42 dira, jakinez horietako hamar geldialdian direla.

«Segurtasunerako» detekzio makina guziak pasatu ondotik, eta barnera sartzen ahal ez diren objektuak kaxa ttipi batean utzirik, presoek bisitak egiten dituzten lekuan hasi da itzulia. Zola lauza ttipi horixkez egina da, eta koloretako batzuk tartekatuak dira han-hemenka. Paretak, zuri. Ezkerraldean bi gelatxo, bi kadira ezartzeko lekuarekin. Eskuinaldean lauzpabost gela, izari berekoak. 50 minutu gelditzen ahal dira presoak ingurukoekin; bisita urriak dituztenak edo familia urrun dutenak, pixka bat gehiago.

Familiak sartzen diren atetik sartu da delegazioa; presoak, berriz, beste ate batetik sarrarazten dituzte. Biometria tresna bat dute ate hori pasatu orduko, hatz markak emateko. Ondoan, abokatuekin egoteko gelatxoak ageri dira: bik dute hitzordua bisita denboran. Beste gelaxka bat bada, doi bat handiagoa, eta kanpoaldean dilindan diren hari elektriko batzuk ateratzen dira murrutik. «Makur elektriko bat bada», erran du Dufauk. Gela hori bideokonferentzia bidez autoritate judizialarekin biltzeko lekua da; Capdevielle asaldatu da: «Epailearekin biltzen dira bideokonferentzia bidez? Hori ez da posible». 

Baionako presondegia
Peio Dufau (EH Bai) eta Colette Capdevielle (PS) diputatuak, Baionako kartzelako patioan, uztailaren 18an. PATXI BELTZAIZ

Zuzendariordeak eta zaindariak ez dute erantzun, eta aitzina segitu dute. Ate bat ireki, bestea hetsi, beste bat ireki, eta berriz hetsi. «Gu ez gara beldur barneko errealitatea erakusteaz. Batzuek uste dute presondegia bost izarreko hotel bat dela; beste batzuek, gulag bat dela eta torturatzaileak garela. Ez da ez bata, ez bestea. Gizatasunez egiten dugu gure lana, baldintza zailetan, eta gure zeregina segurtasuna bermatzea da», erran du Laure Meritet zuzendariordeak. Baionako presondegiko baldintzak salatu ditu: gainpopulazioa eta langile eskasia. Gaua zaie zailena: lau langile baino ez dira. «Ez dira baldintza egokiak, ez guretzat, ez haientzat». 

Miaketen gelara arribatu da delegazioa. La Grande vadrouille filmeko argazki bat bada koadro batean, Andre Robert Raimbourg Bourvil eta Louis de Funes aktoreen potret bat. Gelaz arduratzen den zaindariak erran du zailena «antolaketa» dela. Izan ere, gela horretan atxikitzen dituzte espetxera arribatzean presoei kentzen dizkieten puskak, eta, leku eskasia izanda, «ez da erraza». Baliabide nahikorik gabe, erran du «jeinutsuak» izan behar dutela. Gela horretan, presoei higiene kit bat banatzen diete. Hor ere arazo bera da: 70 presorendako pentsatuak dira, eta, administrazioari produktu gehiago galdetu arren, ez dituzte beti lortzen. «Etengabeko desafioa da», trenkatu du Meritetek. 

Lau preso bederatzi metro koadrotan

Gainpopulazioaren ondorio latzena ziegetan da agerikoen: bederatzi metro koadrotan lau preso bizi dira batzuetan; besteetan hiru edo bi. Eta badira bederatzi metro koadrokoak baino ziega ttipiagoak. Meritetek ez daki zenbat denbora pasatzen duten hor gehienez, baina segurtatu du egunean bi aldiz ateratzen direla patiora, beste hainbat espetxetan ez bezala. «Goizean eta arratsaldean». Diputatuek bi ziega bisitatzeko eskatu dute; atean jo, eta erantzunik itxoin gabe atea zabaldu du zaindariak. Ez da nehor barnean. Espetxeko ziega txikienetarik bat da, eta bi gizon preso dituzte hor. Dena biziki txukun bildua dute, eta janari anitz badute apalean bildua: dozenaka esne botila, beste hainbeste barazki kontserba, eta oraino arroltze kaxa gehiago. Hozkailua eta sukaldean aritzeko plaka bat dituzte, baita telebista eta haizagailu bat ere. Dutxarik ez da ziega barnean, baina komuna bai, hiru pareten artean. «Kantinan erosten ahal dituzte gauza hauek guziak», esplikatu du Meritetek. 

«Batzuek uste dute presondegia bost izarreko hotel bat dela; beste batzuek, gulag bat dela eta torturatzaileak garela. Ez da ez bata, ez bestea. Gizatasunez egiten dugu gure lana, baldintza zailetan, eta gure zeregina segurtasuna bermatzea da»

LAURE MERITETBaionako espetxeko zuzendariordea

Beste ziega bat bisitatzeko galdetu dute diputatuek. Ondoko atean jo, eta erantzuna ukan gabe ireki du atea zaindariak. «Parlamentariak zuek bisitatzera jin dira», erran die hor diren bi gizonei. Lau ohe dira, eta lau pertsona bizi dira; ez da aitzinekoa bezain bildua, eta presoetariko bat lo da bere ohean. «Beti lo da; erremedioak hartzen ditu», erran du besteak. Harekin mintzatu dira Dufau eta Capdevielle —kazetariek ez dute eskubiderik presoekin eta zaindariekin mintzatzeko—. Apirilean arribatu zen espetxera, eta «istantean» ateratzekoa da. Soldatzaile izateko formakuntza egin nahi du; badaki egiten, baina ez du diplomarik. Capdeviellen ustez, «ez du deus egitekorik presondegian, birgizarteratzeko proiektu bat baitu».  

Goiko estaian, kartzelara arribatu berri diren presoendako bi ziega badira, besteetatik bereiz. Burdinezko bi ohe, komun bat erdian —kukutzeko paretarik gabe—, eta telebista bat; besterik ez. Kartzelako shocka deitzen zaiona gertatzen den lekua, omen. Bi gizon atera dira ziegatik; badu aste bat arribatuak direla. Dufauk galdegin du ea ez ote den luzeegia ziega horretan egoteko tartea, eta Meritetek erantzun du arratsaldean berean lekualdatzekoak dituztela. 

Baionako presondegia
Colette Capdevielle Baionako espetxeko ziega baten barnean, uztailaren 18an. PATXI BELTZAIZ

Zigor ziega bisitatu nahi dute diputatuek. Ziega guziak bi estaitan banatuak dira; zigor ziega behereko estaian da, punta-puntan, eta ate gorri bat pasatu behar da hara joateko. Zuzendariordeak kazetariei uko egin die hara sartzeko, «segurtasun arazoengatik». Diputatuak eta haien kolaboratzaileak sartu dira. Ateratzean, kontatu dute ez zela presorik, eta itsuski zikina dela. 

Erizaindegira igo dira gero. EH Baiko eta PSko diputatuek kartzelako zuzendariordeari ohartarazi diote erizainekin buruz buru hitz egiteko eskubidea badutela, bera hor izan gabe. Zuzendariordeak ez du deus erran, eta gelatik atera da. Erizainei hainbat galdera egin dizkiete diputatuek: ea osasun arazo berezirik duten presoek, ea erremedio anitz kontsumitzen dituzten, presoen osasun mentala nolakoa den, menpekotasunak nola kudeatzen dituzten, arreta psikologikorik jasotzen ote duten... Banaka erantzun dute erizainek, zintzoki. «Segur da osasun mentalaren arloa konplikatua dela; gainpopulazioak eragiten du intimitate arras guti badutela, eta horrek eragin psikologikoak baditu», erran du erizainetariko batek —ez du izenik eman nahi izan—. Baionako ospitaleko langileak dira, eta esplikatu dute kartzelan sartu orduko presoen erremedioak bere gain hartzen dituela Gizarte Segurantzak. Bestalde, uste dute arazo psikiatrikoak dituzten pertsona batzuk preso sartzen dituztela ospitale psikiatrikoetan lekurik ez delako. «Penala tratatzen da psikiatrikoa tratatu aitzin», deitoratu du Capdeviellek. 

Baionako presondegia
Baionako presondegiko dutxa bat. PATXI BELTZAIZ

Eraikinaren beste parte batean, baldintzapekoan den preso bat bada ziega batean. Besteak baino handiagoa da; berez, dutxa badu barnean, baina andeatua izan zenetik ez dute konpondu. Bazkaria ekartzea ahantzi dute, eta zuzendariordeak walkie-talkietik eskatu dio zaindari bati ekar diezaiotela. Telebista piztua du: CNEWS kateari so da, eta zera dio eguerdiko albistegiko titulu nagusiak: «Georges Ibrahim Abdallah terrorista libre utziko dute». Gizonak esplikatu du baldintzapekoan dela kondena istantean fini duelako, eta lan bila ari delako. Diputatuak eskertu ditu bisitagatik.

Zigor politika eztabaidan 

Diputatuek uste dute zigor politika «berrikusi» beharko litzatekeela; haien iritziz, birgizarteratze prozesuan baliabide gehiago behar dira, eta presondegi kondena gutxiago. «Egunetik biharamunera laguntza gabe ateratzen direnen %60 itzultzen dira kartzelara, beste delitu batengatik. Birgizarteratze prozesuan lagundu behar da, proiektu sendoak izan ditzaten», erran du Capdeviellek. Zuzendariordeak adierazi du «ados» dela, eta SPIP birgizarteratzeko zerbitzuarekin «eskuz esku» lan egiten dutela horretarako, nahiz eta onartu duen ez dela nahikoa baliabide jartzen horretan. Meritetek azpimarratu du, halere, Baionako espetxean sukaldaritza trebakuntza bat badela, eta hamabi presori «aukera eskaintzen» zaiela horren segitzeko. Preseski, sukalde hori bisitatu du delegazioak. Biziki handia da, eta berri-berria. «Gela handienetariko bat da. Jatetxe batzuek ere ez dute halakorik!», erran du Meritetek. 

«Egunetik biharamunera laguntza gabe ateratzen direnen %60 itzultzen dira kartzelara beste delitu batengatik. Birgizarteratze prozesuan lagundu behar da, proiektu sendoak izan ditzaten»

COLETTE CAPDEVIELLE PS alderdiko diputatua

Anaiz Harriet sukaldari trebatzaileak egiten du lan hor, Afec egituraren bidez. Astelehenetik ostiralera heldu da, goizero, hamabi ikasleei kozinatzen irakastera. «Dena biziki ongi pasatzen da. Berdinetik berdinera mintzo natzaie, eta kanpoan irakatsiko banu bezala irakasten diet», kontatu du Harrietek. Bi urte eta erdi dira lan hori egiten duenetik, eta biziki laket da. «Emeki-emeki mundu honetara egokitzen ikasi dut». Hor kozinatzen dutena aprendizen artean banatzen dute, eguerdian jateko. 

Baionako presondegia
Baionako presondegiko ziegen estaia, uztailaren 18an. PATXI BELTZAIZ

Bisita finitzean, atarian metatu dira hiru zaindari, zuzendariordea eta bisita egin duen delegazioa. Leku hertsia da, eta bisitaren bilana egin dute hor. Diputatuek zaindariei galdetu diete zerbaiten bozgorailu izan daitezkeen. Denak ados dira errateko ez dutela aski baliabiderik eta gainpopulazioa arazo handia dela. «Egoitza ez da egokia hainbeste preso hartzeko. Osoki presondegian oinarrituriko politika ez da egokia, baina zigorrak behar dira, baldintza duinekin. Egun, ez dira hala», esplikatu du Meritetek. 

Hiru orenen ondotik, kanpora atera da delegazioa, eta atea hetsi orduko hatsa hartu dute sakonki. Maite Etxeberria OIP Presondegien Behatokiko kidea zain dute kanpoaldean. Capdeviellerekin eta Dufaurekin bildu da bisitaren bilana egiteko. «Presoen eskubideak zangopilatuak dira. Dena pentsatua da 70 presorendako, eta araberako zaindari kopurua da. Horrek ekartzen du jarduera gutiago egiteko aukera dutela, eta laguntza soziala eta osasun arreta ez dela egokitua», laburbildu du Etxeberriak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.