Epopeia bat da Argiz(h)ari podcasta; artxiboetan barna egiten den soinu bidaia bat. Euskal Irratietan estreinatu zuten urriaren 28an, eta bigarren alea hedatu dute aste honetan: Marie Hirigoienek eta Pantxix Bidart Plak gidaturik, luzaz ezezagunak izan diren euskarazko soinu artxibo batzuen deskubritzeko parada eskaintzen du emankizunak. Badira XX. mendeko hainbat soinu artxibo, eta, oraingoz, 1947an bi emaztek Euskal Herrira jin zirelarik grabatu zutenari buruzko saioak egin dituzte.
Gogoz ezagutzen du artxibo fondoa Hirigoienek: tesia horretaz egin zuen musikologoak, bertan entzuten diren garaiko euskal kantarien kantaerari buruz. Musikologiaren ikuspegitik, teknikoa da hark egin duen lana, baina beren xedea publiko zabalari begirakoa zenez, ipuin bat bezala kontatzeko lana hartu du bere gain Bidartek, artxiboa molde pedagogikoan aurkezteko. 1947ko grabaketak egin zituzten bi andre paristarren autoan sartuz hasten da, beraz, soinu bidaia.

Euskal Irratiek proposatu zieten formatua, «kantuaren inguruko zerbait» egiteko xedea zutelako, eta jakinik Hirigoienek XX. mendeko euskal kantaerari buruzko tesia egin zuela, lan horren hedatzeko aukera izan zitekeela pentsatu zuten. «Deliberatu dugu berriz artxiboetan sartzea; gure xedea da Ximun Haranek 1960.eko hamarkadan egin zituen artxiboetaraino arribatzea. Hauek momentuan ez dira entzungai, eta hori beste lan bat denez, momentuz 1947an grabatuak izan ziren eta Interneten eskuragarri diren artxiboekin abiatu gara», kontatu du Bidartek. Izan ere, 1947ko soinu bilketa hori Les Reveilles Internet atarian entzungai da, libreki. Jendeari artxibo horretara sartzeko gogoa eta kuriositatea «piztea» da, funtsean, ariketaren helburua.
«Gure historiaren parte bat dira artxibo horiek, gure kulturarenak, musikari eta kantuari lotuak direlako. Ni loriatzen naiz horiek entzunez...»
PANTXIX BIDART PLAÂ Musikaria
Proiektu bat bururatu berri zuen Hirigoienek —Giltzaera musika euskaraz ikasteko metodologia— Euskal Irratien proposamena heldu zitzaielarik, eta gogoz hartu zuen erronka. «Artxiboen ezagutza eta ikuspegi zientifikoa ditut nik, eta Pantxixek esperientzia artistikoa eta irratiarena baditu, jendearengana heltzeko manera ludikoa atzeman du hasieratik», erran du. Gisa horretako saio batendako «elkar osatzen» dutela uste dute, eta hala funtzionatzen dute kronikak prestatzeko tenorean. Erraterako, kronika laburrak hedatzen dituzte uhinetan lehenik, eta, ondotik, hilabete osoko kroniken muntaketa, podcastean.
Transmisioaren beharra
Artxibo horiek luzaz kutxa batzuetan bildurik egon dira, han hemen barreiatuak, eta gaur egun ere, euskal herritarrek guti ezagutzen dituzte. Alta, Bidartek eta Hirigoienek argi dute: «Gure historiaren parte bat dira artxibo horiek, gure kulturarenak, musikari eta kantuari lotuak direlako. Ni loriatzen naiz horiek entzunez... Entzuten duzularik 1913an zure herriko auzapez zena, Piarres Broussain, bada zerbait berezi... Ahotsa entzuteak beste zerbait ekartzen du», kontatu du Bidartek. Anekdota hunkigarririk ere gertatu zaie artxiboarekin: Hazparneko Salbat Leon 1913ko fondoan grabatua izan zen, eta egun Hazparnen bizi den andre baten aitatxi zen; hark ere ez zekien bere aitatxi grabatua izan zenik. «Artxiboak eternitate puska bat eskaintzen du», gehitu du Bidartek.
Nahiko berria da soinu fondo hori eskuragarri izatea, eta «transmisio eta partekatze» zubi lana egitea beharrezkoa ikusten dute. Hirigoienek duela hamabi urte tesia egiten zuenean, 1947ko artxibo fondoa ez zen eskuragarri publiko zabalarentzat; Parisera hainbat joan-etorri egin behar zituen, eta zegozkion baimenak eskatu behar izaten zituen horiek entzun ahal izateko. «Zinez sufritzen genuen ikustean hainbeste gauza bazela eta jendearentzat ez zirela eskuragarri. Orain, emeki emeki, hasten dira irekitzen eta eskuragarri izaten. Alta, garaian grabatzera etorri zirenek ondare horren atxikitzea, iraunaraztea eta aztertzea zuten helburua, ez kukuturik egotea», zehaztu du. Gisa berean, grabatua izatea onartzen zuenak, «transmititu nahi» zuela uste du Hirigoienek, eta horrek helburu «kolektibo» bat zuela. «Pena da gordetzea edo atxikitzea», deitoratu du.
«Zinez sufritzen genuen ikustean hainbeste gauza bazela eta jendearentzat ez zirela eskuragarri. Orain, emeki-emeki, hasten dira irekitzen eta eskuragarri izaten»
MARIE HIRIGOIENMusikologoa
Preseski, «beren heinean» partekatu nahi dute iragan mendean egina izan den lan hori, nahiz eta hainbat arrazoiengatik, bide luzea izaten duten halako fondoek gaur egun hedatuak izateraino heltzeko. Garaiotan, ordea, «sekulako inportantzia eta interesa» dute: «Kulturaren eta hizkuntzaren aldetik anitz galtzen ari garen garaiotan, eta uniformizazio bat gertatzen den honetan, biziki aberasgarria da kantatzeko manera zahar hori berriz entzun ahal izatea», esplikatu du Hirigoienek.
Handik hona, zubiak
Garaiko soinuak deskubriarazteko molde eraginkor eta erakargarri bat atzeman nahi zuten, «entzuleak ez berehala beste irrati batera pasatzeko gisan», Bidartek erran duenez. Hortaz, belarriarentzat ezagunagoak diren doinuak eta kantuak ere sartu dituzte, eta, hala, garaiko eta gaur egungo doinuen arteko zubiak egin. «Artxiboaren parte baten kantuak zaharkituak dira, eta batzuetan soinua bera ez da arras kalitate onekoa. Bagenekien gaurko belarrietara heltzeko, istorio bat kontatzea izan behar zela abiapuntua. Bestalde, soinuaren zati bat baizik ez dugu ezartzen jendea dastarazteko gisan, baina bi minutuko artxibo zahar bati beha egotea, luze izan daiteke... Horregatik deliberatu dugu oraingo gaiak eta kantuak ere sartzea», erran du Bidartek. Eta horretan da preseski interesa, garaiko artxiboak gaur egungo erronkei lotzea: «hari bat bada gaur garenera ekarri gaituena».
Oraingoaren eta garaikoaren arteko zubiak egiteko beste bide bat emankizunaren izenburuak ere ematen die. Izan ere, biniloen ber sistema izan zen soinuak grabatzea ahalbidetu zuen lehen sistema —orduan ez zuten soinurik emititzen—, zilindro batzuetan argizariarekin funtzionatzen zuena. Horregatik, beraz, Argiz(h)ari. Eta garaiko sistematik, fonografora jauzi egin zen, gero CDra, eta gaur egun hainbat berrikuntza izanik ere, berriz ere preziatuak dira garai bateko biniloak. Gai horiei buruzko gogoetak ere planteatzen dituzte podcastean, epopeiaren bidez beti, iragana eta orainaren arteko hariak nola gauzatzen diren galdekatuz.
Musika formaziorako materiala euskaraz

Bost urteko lanaren emaitza da Marie Hirigoienek ondu duena, eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute Musikaren giltzak, musika formakuntzarako euskarazko ikasliburua. Behar bati erantzuteko abiatu zuen proiektua musikologoak; musika eskola batean lana galdu, eta proiektu horretan buru-belarri sartu zen: euskarazko musika formakuntzako kurtsoak egiten zituzten hainbat irakaslek —baita Hirigoienek ere—, baina euskarazko ikasmaterial gutxi zutela ohartuak ziren; ziren apurrak itzulpenak ziren, eta ez zuten kontuan hartzen euskal kultura eta errepertorioa.
Hala, euskal kantutegitik abiatuta metodo pedagogiko bat egitea zen Hirigoienen helburua, musika idazteko, irakurtzeko, eta teoria lantzeko. Kultur fitxak ere gehitu dituzte, eduki ludikoak eskaintzeko asmoz. Proiektua gauzatzeko, Itsaso Arrieta bizkaitarra eta Pantxix Bidart Pla izan ditu bidelagun. Euskal Herri osorako pentsatua den metodoa da, eta argi utzi du euskal errepertoriotik abiatuz pentsatu dutela tresna: «Errepertorioak du pedagogia ibilbidea zehaztu; ez alderantziz», zehaztu du Hirigoienek. Eta, horretarako, ikasmaterialak ludikoa izan beharko zuela argi zuen. Ludikoa, eta denei egokitua: «Kasu eman dugu haur guziendako baliagarri izanen den tresna bat sortzea, eta, beraz, dislexia eta dis arazoak dituzten haurrentzat ere balio du». Asisko Urmenetak egin ditu marrazki eta ilustrazioak.
Irakasleei ere baliagarri izateko atal oso bat dute pentsatua, digitalean, eta egileak argibide batzuk prestatu ditu ikasmateriala egoki baliatzeko gisan. Materiala erabili nahi duenak Giltzaera elkarteari eska diezaioke webgunerako sarbidea.
Hasieran, proiektu xumea zen, eta emeki-emeki gero eta partaide gehiago bildu ditu Giltzaera elkartearekin Hirigoienek: Euroeskualdearen, EEPren, Makeako Herriko Etxearen, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ukan du. «Proiektua handituz eta handituz joan da, hala gertatuko zenik sobera espero izan gabe, baina batek parte hartzeko besteak ere parte hartu behar zuen, eta, azkenean, proiektu gotorra muntatu dugu», kontatu du. Bost urteko lana egin du, eta emaitzarekin «kontent» agertu da, «egin beharrekoa bururaino eraman duen» sentsazioarekin. Orain, publikoak harrera «ona» eginen diola espero du Hirigoienek.