Herritar kopurua apalduz joan da azken urteetan Zuberoan. 2011. urtetik 2022.era populazioa %5 apaldu da, eta, horrez gain, adinekoen kopurua igo: biztanleriaren %35 ziren lehen, eta %39 orain. Hori dela eta, Zuberoako hautetsiek, lurraldearen etorkizunera begira, kezkak adierazi dituzte gazteen presentzia apalari buruz, erakartzen duten jendearen gehiengoa adinekoa baita. Gainera, aurreikusten dute horrela segituz gero zailtasunak agertuko direla gutieneko zerbitzu publiko batzuk eskaintzeko. Horiek horrela, arazo horri kontra egiteko plan bat prestatzea erabaki dute, epe luzera begira, eta galdetegi batekin abiatu dute proiektua. 2040. urterako mila herritar gehiago ukaitea da xedea.Â
Zuberoako hautetsiak aldaketaren beharraz ohartuak ziren Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoaren aitzineko agintalditik. Izan ere, orain arte urtez urteko plangintza bidez funtzionatzen zuen Zuberoak, epe luzeko proiekturik ezin eramanik. Preseski, Zuberoako lurraldeko kontseilari ordezkari Peio Kihillaltek adierazi du antolaketa molde hori ez dela «aski» gazteen eskasiaren arazoari aurre egiteko, eta epe luzerako antolaketa bat behar dela. Â
Hain zuzen, hautetsien aldarrikapenak bat egiten du elkargoko agintaldi honetako politika parte hartzailearekin. Zehazki, «deszentralizazioa» aipatu du Nicole Etxamendi elkargoko lurralde eta parte-hartze arloko kontseilari ordezkariak. Gobernantza estrategia horren bidez, lurralde bakoitzari autonomia handiagoa eta «erabaki politikoetan hitza hartzeko aukera ematea» dute helburu. Uste du «estrategia egokia» dela 158 herri barne hartzen dituen «XXL neurriko hirigunea modu demokratikoan kudeatzeko», beti ere kontziente izanik horren lortzeko «zailtasunaz». Elkargoaren estrategia politiko berriaren adibide argia da Zuberoako proiektua, Etxamendiren ustez; izan ere, segur da elkargoaren sostenguarekin lurraldeak tresna gehiago eta autonomia handiagoa ukanen dituela etorkizunera begira. Â
Galdetegiaren inportantzia
Gazte eskasiari aurre egiteko, gaur egungo egoera ulertzea eta ahulgune eta indarguneak atzematea da lehen urratsa. Hain zuzen, funtzio hori du prestatu duten galdetegiak: Zuberoan egondako jendeen iritzietan oinarrituz, lurraldea erakargarri izan dadin hobetu behar diren puntu nagusiak identifikatzea. «Zuberoan hobeki bizitzeko giltzak zein diren jakitea da xedea», Kihillalten hitzetan.Â
Hiru profil desberdinendako galdetegiak sortu dituzte: Zuberoan lanean ari eta bizi direnendako, Zuberoatik kanpo bizi baina bertan lanean ari direnendako, eta Zuberoaz kanpokoendako. Aniztasun horren bitartez, gisa anitzetako ikuspuntuak bildu nahi izan dituzte Zuberoaren erakargarritasunari buruz. Erantzuteko aukera libreak ere baziren, bakoitzak bere ekarpena egiteko parada ukan zezan. Hala, arrakasta handia ukan du galdetegiak : 300-600 herritarrek parte hartzea espero zuten, eta, azkenean, 2.000 erantzun lortu dituzte. Kihillaltek ondorioztatu du jendeak «mintzatzeko beharra» zuela.
Lortutako emaitzen bilduma bat egitea izanen da ondoko urratsa. Behin erantzunak sailkaturik, lurraldeko elkarteei, hautetsiei, eta enpresei ondorioak azaldu, eta lantalde eta tailerrak sortuko dituzte. Gero, azaroan eta abenduan, hiru bilkura publiko egitekoak dituzte, lantaldeetan osatutako proposamenak bateratzeko. Hala, espero dute 2027. urtearen hastapeneko epe luzeko plangintza bat prest ukaitea, populazioaren emendatzeko helburua erdiesteko.Â