Genero hezkuntza

Genero hezkuntza, 'drag' kulturaren begietatik

'Drag' tailer bat proposatu die Ael Campistron antzerkilari eta Altxalili kabareteko kideak Baionako Oihana ikastolako haurrei eta burasoei. Tailerrean parte hartu dutenen ustez, kultura «garrantzitsua» da haurren genero hezkuntzarako.

Ael Campistronek 'drag' tailerra eman die Oihana ikastolako haurrei eta burasoei, joan den astean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ael Campistronek 'drag' tailerra eman die Oihana ikastolako haurrei eta burasoei, joan den astean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Baiona
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguneko eta asteko azken tirrintak jo du Baionako Oihana ikastolan. Ikasle gehienak kanpoko eremura doaz, baina talde ttipi bat ikastolako jolas gelan elkartu da. Tailerra hasteko minutu batzuk bakarrik falta dira, eta jadanik ikus daiteke zerbait prestatzen ari direla, ikasleen matelak girgileriekin apainduak baitira. Tailerraren aitzin dasta suma daiteke, eta pixkanaka, burasoak ere gelara sartu dira, irria ahoan eta bezti poltsekin besoetan. Ile faltsuak, maskak, lumak, pintzelak agertzen dira poltsetatik. 

Ikastolako gela hartan elkartu direnek aste batez prestatu emanaldi laburrak edo showak emanen dituzte. Showak ez dira emanaldi arruntak izanen, drag kulturan murgildu baitira Ael Campistron antzezle eta Altxalili kabareteko kideak haurrentzat eta burasoentzat prestatu dituen tailerren bidez. Hiru saio egin ahal izan dituzte kultura hori ezagutzeko, deskubritzeko eta pertsonaietan murgiltzeko.

«Hasiko gara», bota du Campistronek. Gelan diren hamabost parte hartzaileak hurbildu eta borobil bat osatu dute. Campistronek saioa hasi baino lehen, ikastolako bi irakaslek hitza hartu dute: «Milesker gure proposamenari erantzuteagatik, eta milesker ausartzegatik. Espero dugu horrelako tailer gehiago proposatu ahal izatea. Gozatu!». Atea hetsi eta tailerraren lehen partea abiatu dute parte hartzaileek. Giroa sortzeko, konfiantza lantzeko eta gorputza berotzeko, jokoak prestatu ditu Campistronek. Hemendik At taldearen Orain kantua abiatu du, eta dantzan hasi dira denak. Norbait eriz seinalatu du antzezleak, eta hura borobil erdira joan da: dantza mugimendu bat egin, eta inguruko guztiek segitu behar izan dute. Saltoak, besoak airean, ipurdiak elkarren kontra, erritmoan dantzan, eta irriak doinutik kanpo. Ariketa hasieran zen ahalkea desagertzen hasi da pixkanaka. «Ez beldurtu!», erran du hainbat aldiz Campistronek. Lotsa baztertu ahala, askatu dira parte hartzaileak.

Hiru saioetatik azkena dute. Zenbait fasetan zatituak izan dira saioak. Lehen tailerrean, drag mugimenduaren historiaz aritu dira, kultura horren oinarrizko zenbait datu eta gertakari aipatuz. «Drag-aren historia luzea aipatu dugu, uler dezaten zer den egun mundu zabalean gertatzen ari den fenomeno hori, eta zergatik den interesgarria. Horrek ere erakusten du drag mugimenduak ibilbide luzea ukan duela». Drag-a abiapuntutzat hartuz, LGTBI komunitateaz ere hitz egin dute. Bigarren saioan, pertsonaiak sortzen hasi ziren marrazkien bidez. Munstro bat marraztu, eta sortutako pertsonaiaren ezaugarriak asmatu behar izan dituzte: nola ibiltzen den, zer jaten duten, noren laguna den… Horrekin batera, talde bakoitzaren emanaldittoak edo showak prestatzen hasi ziren.

Antzerkia baino zerbait gehiago

Campistronek uste zuen baino gehiago dakite haurrek gai horiei buruz, eta azkenean, jakintzak trukatzen aritu dira lehen saioan. «Haur eta buraso gehienek ezagutzen zuten drag-a, eta interesa zuten denek. Generoa, transidentitatea, estereotipoak eta halakoak ezagutzen zituzten, eta gai dira azaltzeko zer diren. Biziki aberatsa izan da, gure arteko elkarrizketa bat izan baita, eta ez nik eman diedan kurtso bat». Proposamena ongi hartua izan bada ere, hasieran zenbait kritika egin zizkioten Campistroni, buraso batzuek beldur baitziren «hipersexualizazioa» izanen ote zen. «Egia da drag mundua hipersexualizatua izan daitekeela batzuetan. Baina bistan da ez dela gure helburua».

«Haur eta buraso gehienek ezagutzen zuten 'drag'-a, eta interesa zuten denek. Generoa, transidentitatea, estereotipoak eta halakoak ezagutzen zituzten, eta gai dira azaltzeko zer diren. Biziki aberatsa izan da, gure arteko elkarrizketa bat izan baita, eta ez nik eman diedan kurtso bat»

AEL CAMPISTRON Antzerkilaria

Drag-a performance mota bat da, jantziak, makillajea, orrazkera, musika eta adierazpen eszenikoak baliatzen dituena, genero bat espresuki gehiegikeriaz antzezteko. Arte hori norbere buruaren onartzeko eta militantzia politikorako baliatzen da, bereziki homofobia, transfobia eta genero rolak zalantzan jartzeko, eta, orokorkiago, LGTBI komunitateari eragiten dioten gaiak aipatzeko. Adierazpenerako antzerki mota bat da, «arnasgune bat», Campistronen erranetan. «Orokorrean, antzerkia aske izateko gune bat da. Baina drag-ean, pertsonaiak asmatzen dira gure nahien arabera, eta munstroak edota kreaturak izan daitezke. Lekua uzten dio irudimenari, eta laguntzen du ez sobera zozoa sentitzen eszena gainean. Ohartzen gara dena dela posible eta proposamen guztiak ongi etorriak direla. Drag-ak uzten digu gure fantasmak adierazten eszena gainean».

Hatsanturik, parte hartzaileak jokoaren musikarekin batera gelditu dira, eta Campistronek haurrak eta burasoak zoriondu ditu: «Aupa zuek! Denek asumitu duzue proposatzen zenutena, lotsarik gabe aritu zarete denak. Eta denek ulertu duzue ez dela ideia txarrik». Antzezleak iragarri du emanaldittoak errepikatzeko eta prestatzeko tenorea dela. Etxetik ekarritako jantzien hartzera joan dira, prestatzen hasteko.

(ID_15956799) Drag tailera Oihana ikastolan
Drag tailerra Oihana ikastolan, joan den astean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

«Gona horrela janzten badut, ongi iruditzen zaizu?», «ez dakit makillaje aski eman dudanetz, zer diozu?», «nahiago duzu begi lagunak janzten baditut ala kentzen baditut?». Halako komentarioak entzun daitezke gelako xoko batean eta bestean. Campistronek momentuaz gozatu du haurren eta burasoen arteko trukaketa ikustean. Horrek drag familia kontzeptuari pentsarazi dio. Hain zuzen ere, luzaz, LGBTI komunitateko kideek ez zuten harremanik beren familia biologikoarekin, etxetik kanporatuak baitziren. Hortaz, komunitateko beste kide batzuekin elkartu, elkarrekin bizitzeko antolatu, eta beste familia bat sortzen zuten. «Jakin dudalarik burasoek ere parte hartuko zutela, drag familiei pentsatu dut segituan. Eta zinez biziki ederra egin zait. Burasoak haurrak bezain inplikatuak dira, eta ikusten da harreman bikainak dituztela. Lagunarteko harremana ere ageri da. Bada familia hautatua eta bada familia biologikoa, eta hemen ikusten da badirela bi familia mota horiek».

Haurrentzat «funtsezkoa»

Jantziak jantzi eta berehala sartu dira pertsonaien rolean. Azken doikuntzak egin ondotik, sei emanaldiak eman dituzte, bata bestearen atzetik. Kontzeptu, ideia eta mozorro erabat desberdinak proposatu dituzte haur eta burasoek. Irriak eta txaloak baizik ez dira aditzen gelan. Buraso batzuen begiak hezetu dira, emozioak gainditurik. Hasieran agertzen ziren irriak are handiagoak dira emanaldiak aitzina joan ahala.

Erika Cases ikastolako burasoa da, eta  bi alabekin batera parte hartu du tailerrean. Drag kultura ezagutzen ez zuen arren, «gogotik» izena eman zuen. «LGTBI komunitatea hurbiletik ezagutzen dugu ene haurrek eta nik. Eta aste honetan drag-a ere ezagutu dut. Eta zinez uste dut haurrentzat biziki inportantea dela kultura hori ezagutzea. Hezkuntzarako garrantzitsua da nerabea izan baino lehen hau jakitea: nolakoa sentitzen zaren, halakoa izan behar duzula, edo nahi duzuna izaten ahal zarela. Gorputzarekiko harremana aipatu da, eta biziki kontent naiz egin dugunarekin, harro naiz. Bikaina izan da hori guztia lantzea tailer baten bidez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA