Mirentxu Elizalde

Gereziak ere presatuak

2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badu urteak hainbat gerezi motaren biltzea maiatz hastapenetik ekainaren erditsu arte egiten dela. Alta, apirilaren 21ean dastatu dut ene lehen gerezia. Orokorrean, natura biziki aitzinatua da aurten.

Jezteko eta gasnatzeko sasoi betean dira oraino artzainak eta jada erreximenten lapikoak prestatu behar dira, gereziak bildu eta gero segidan egosteko. Lan batetik bestera pasatzen gara pausarik gabe, lur eremuen lantzeko sasoia hor delarik.

Erleek akazia lore goiztiarrarekin badute lan, eztiaren, polenaren eta erreginaren arroltzeen artatzeko. Akazia lorearendako ez dugu sekula hainbertze haltz pausatu kofoinaren gainean. Aroa alde bai, eta erleek aise libratzen eta husten beren kofoina beste urteetan baino goizago ere. 

Udako beroak ukanik apirilean, tenperatura goxo anormal horiekin, natura ez ote da asaldatzen ari?  

Kanpoarekin ari garen langileok konkretuki ohartzen gara kanbiamendu horietaz. Ez ditugu estudioak, prospekzioak edo mila froga behar aitortzeko kanbiamendu klimatikoak zer eragin duen gure eguneroko bizian, aski da naturari begiratzea astez aste, egunez egun.

Aurten, beraz, gereziak ere presatuak dira ontzeko; ez ote diegu gure inguruan ikusten ditugun kanbiamenduei kasu gehiago egin behar? Gure politikariei galdegin behar zer ezartzen duten beren programan ingurumena babesteko eta naturak ematen digun guzia errespetatzeko? Dirua xahutzeko orde immigrazioa nola behar den geldiarazi, edo gerla egiteko tresnak gehiago diruztatzeko orde...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA