Lana eta haurtzaintza tarteko, beti «nahi bezain beste hurbiletik ikustea» lortzen ez badu ere, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa «betidanik ikusi» du Nahia Zubeldiak (Donibane Lohizune, 1982). Hazparnen izan zen joan den asteburuan, txapelketako lehen saioan, eta kontatu du «zinez berezia» izan zela Lumi taldearekin espresuki sortu duten sintonia «pentsatua zen ingurumenean entzutea».
2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren sintoniaren egileetarik bat zara, Lumi taldeko kide baitzara. Justuki, nola osatzen da sintonia bat? Aski luze iraun behar du, hamar bat minutu, aski lineala izan errepikakorra izan gabe...
Egia erran, Bertsozaleen Elkartekoek txosten potolo bat eman ziguten, aski hornitua. Txostenean zehaztu zuten zer adierazi nahi zuen aurtengo txapelketak, zer mezu helarazi, txapelketaren eta bertsolaritzaren ezaugarriak... Hortik abiatuta sortu behar genuen sintonia. Hiru minutukoa da, egian erran. Usaian hiru minutura iristean, berriz hasten zen zerotik kantua, beraz loop bat sortu dugu badaezpada, ganbarako lanetatik itzultzean-eta, luzeago baldin bada, iraun ahal dezan mozturarik gabe.
Zer elementu sartu dizkiozue, beraz?
Alde batetik, ttunttun bat sampleatu dugu, Zuberoako soka ttunttun bat; boz geruza anitz ere sartu ditugu. Horiek, nonbait, tradizioa iradokitzeko. Zortzikoaren erritmoa baliatu dugu ere. Eta gero, efektuak sartu dizkiogu, Manuk [Matthys Dottax, Lumi taldeko bigarren kidea] grabatutako soinuak eta soinu analogiko batzuk sartu ditu... Helburua zen sintonia pizgarri bat egitea, ez errepikakorra, baina bertsolariak girotzen lagunduko dituena pixka bat. Instintuz ere jokatu dugu.
Musikaria izateaz beste, idazlea ere bazara, eta itzultzailea. Sintoniaren gisako obra baten sortzeko prozesuan, nola lortzen da hitzik gabe mezu baten transmititzea?
Hitzak ematea debekatua zen, argiki. Bide orrian genuen. Bozak, hala ere, nik uste dut emozio anitz garraiatzen ahal dituela. Ahots geruza horiekin saiatu gara, nonbait, adierazten gibelean xinaurri lan handia egiten dela oholtzatik kanpo bertsolari txapelketa hori posible izateko. Nortasun, profil desberdin horiek guziak. Boza sampleatuz eman dizkiogu kolore, izaera eta loditasun desberdinak.
«Helburua zen sintonia pizgarri bat egitea, ez errepikakorra, baina bertsolariak girotzen lagunduko dituena pixka bat»
Nola uztartu dituzue tradizioaren parte den bertsolaritza eta zuen musika?
Tradizioa etengabe berritzen da, eta beraz ez ditugu ikusten bi gauza kontrajarri gisa. Erroak hemen ditugu, nahi ala ez hemengoak gara; beraz, egiten dugun musikak, nahiz eta «modernoa» izan, badu tradiziotik, bortxaz.
Hala, zailtasuna ez da hainbeste izan tradizioaren eta modernitatearen artekoa; bide argitsuago bat hartu nahian ari gara, eta egia da orain arte aski iluna izan dela gure musika. Maite dugu soinuak pixka bat zikintzea... Eta hori zen zaila: esperimentalera zenbateraino jotzen ahal genuen, jakinez eta, justuki, ezin zela urduritasun iturri izan bertsolarientzat.
Saiatu gara atzematen zerbait aski pizgarria eta berritzailea dena, deskontzentratu gabe hala ere. Behar du giro batean murgildu kontzentrazioa galarazi gabe. Gogoan genuen izan behar zela zerbait alaia, pizgarria, baina kontzentrazioa atxikitzeko modukoa.
Erran nahi du sorkuntza prozesuan pentsatu duzuela, adibidez, zer sentituko zuten bertsolariek soinu hori adituta.
Usaian ez bezala, gure kantuak sortzen ditugularik ez bezala, hor eskaera bat da, eta gainera ardura handi-handia sentitzen genuen, badelako zinez gertakari handi bat, eta bihotzean duguna gainera. Bera, bertsolariak gogoan ukan ditugu, zinez, hastetik buru. Imajinatzen genituen hor, pasabide horretan ibiltzen.
«Proiekturako deitu gintuztelarik, izugarriko poza ukan genuen; zinez izugarrizko ohorea eta ezin sinetsia izan da»
Duela bi aste, aurtengo txapelketaren aurkezpen ofiziala egin zen. Hainbat artista izan ziren bertan, hala nola dantzariak, umoristak, margolariak... Horietako batzuekin harremanik ukan duzue sorkuntza prozesuan?
Hastapen-hastapenetik, justuki, hori zen aurtengo txapelketaren berrikuntza, Bertsozaleen Elkarteak nahi izan duena: diseinu grafikoa eginen zuena, eszenografia eginen zuena eta musika eginen zuena —gu, beraz— hastapenetik harremanetan jartzea. Txosten lodi hori hiruroi eman ziguten, eta hiru egunez egon ginen egonaldian, Azpeitian.
Egun bakoitzaren artean baziren bi aste; beraz, segitzen ahal genuen lanean, baina hiru egun horietan baziren bai Bertsozale Elkarteko hiru ordezkari, Malen Agirre eszenografia arduraduna, Irati Antia diseinu grafikoarena eta gu. Elkarrekin ginen; beraz, joan-etorriak etengabekoak ziren.
Txapelketa abian da orain, lehen saioa izan zen Hazparnen... Zer iruditu zaizue sintoniaren plazaratzea?
Hastapenetik, proiekturako deitu gintuztelarik, izugarriko poza ukan genuen. Zinez izugarrizko ohorea eta ezin sinetsia izan da guri proposatzea. Gero, aurkezpen ekitaldian haurrak bezala ginen: pasatu genuen eguna han, eta poz-pozik ginen ikusita Malenek egindako margolan alimaleko hori nola muntatzen zuten metalezko koadroan, nola altxatzen zuten... Biziki inplikatuak sentitu gara hasieratik, zinez lagunartean, kasik familian sentitu gara. Ekitaldia horren bururapena edo gauzatzea zen nonbait.