Erabaki «orekatua» iruditu zaio Cecilia Arambururi Parisko Krimen Auzitegiko gortearena. Loik Le Priol eta Romain Bouvier 26 eta 19 urteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten iragan astean; Federico Martin Aramburu errugbilari ohia hiltzeagatik lehena, eta hura hiltzen saiatzeagatik bigarrena. Hiru asteko epaiketa egin zuten, eta beste bi pertsona ere kondenatu dituzte hiru urteko kartzela zigorrera, gibelapenarekin: Lyson Rochemir —Le Priolen garai hartako bikotekidea— frogak gordetzeagatik, eta Antony Sorrentino, Bouvier bere ihesean laguntzeagatik eta haren arma gordetzeagatik. Cecilia Arambururi, Federico Arambururen amari, erabakiak «lasaitasun» pixka bat eman dio, baina salatu du gauza anitz dilindan direla oraindik. Galdera bat bereziki erantzunik gabe gelditu dela iruditzen zaio: «Zein inpunitatek eraman zituen krimen hori egitera?».

Izan ere, eskuin muturreko GUD (Groupe Union Defense) talde bortitzeko militante izandakoak dira Le Priol, Bouvier eta Sorrentino, eta armekiko lilura dute hiruek. Le Priol Frantziako Armadako soldadu izan zen, eliteko unitate batean. Gainera, Bouvier eta Le Priol aitzinetik kondenatuak zituzten GUD taldeko agintari ohi bat torturatzeagatik. Aramburu Parisko erdigunean hil zuten gauean, 2022ko martxoaren 19an, kontrol judizialpean ziren: Le Priol ezin zen Parisen egon, ez zuten elkarrekin egoteko baimenik, eta ez zuten armatuak ibiltzeko eskubiderik. Biek arma bat zuten soinean, ordea, eta biek beren kartutxotegia hustuz hil zuten Aramburu. Sorrentino katoliko integrista da, eta, behin eta berriz armak hastio dituela erran badu ere, Bouvierrekin eta Le Priolekin agertu da epaimahaiak hedatu dituen bideo batzuetan, armak eskuan, tiro leku batean. Bouvierren etxean hemeretzi arma atzeman zituzten, horietarik sei kargatuak; Le Priolen etxean bi, eta haren aitaren etxean beste lau. Denis Le Priolek, aitak, aurretik kontrol judizial bat ukan zuen legez kanpo armak edukitzeagatik; Frantziako Armadan soldadu izandakoa da bera ere, eta FANE eskuin muturreko mugimenduarekin loturak izan zituela zabaldu dute Frantziako hainbat hedabidek.
«Hiltzeko nahiaren alkimiaz jardun zuen bikote» gisa izendatu zituen Franck Zientara epaimahaiburuak Le Priol eta Bouvier, auziaren epaia irakurri zuenean, iragan ostiralean. Philippe Courroye ministerio publikoak argi utzi zuen eskuin muturreko ideologia eta GUDen elkarrekin izan zuten militantzia elkarren arteko «zementua» izan zirela. «GUDeko militante izan ote ziren galdetuta, erraten dute ezetz, doi-doia ezagutzen dutela, ikasle sindikatu bat besterik ez dela. Baina mugimendu hori ez da gaitz gabekoa. Bere hezurdura aldarrikapen identitarioa da, militantzia eta bortizkeria erradikala, arraza gorrotoa eta xenofobia, 2024an arraza gorrotoagatik eta nazismoari gorazarre egiteagatik desegina izan zena».
Hiru asteko epaiketa izan da Arambururen hilketaren ingurukoa, eta epaimahaiak trenkatu behar izan duen galdera nagusia zera da: Le Priolek eta Bouvierrek Arambururi tiro egin izana aldez aitzinetik pentsatu ote zutenetz. Bada, erabaki dute ez zela hala izan, baina haatik, bai Le Priolek eta bai Bouvierrek trio egin zutenean hiltzeko nahia izan zutela ebatzi dute. Bouvier izan zen Arambururi tiro egin zion lehena, eta lau bala tiratu zizkion, bi lekutan zaurituz; ondoren arribatu zen Le Priol, eta sei bala tiratu zizkion, eta lau tokitan hunkitu —bizkarrean jaso zituen balek hil zuten—. Aurrez borroka bat izan zuten Le Mabillon ostatuan, Parisko erdigunean: borroka finituta, oinez etxeratzen ari ziren Aramburu eta Shaun Hegarty, haren laguna. Hotel batean gelditu ziren izotza galdetzeko, zauriak goxatzeko asmoz. Hoteletik ateratzean, Rochemirrek gidatutako Jeep autoa gelditu zen haien heinean, eta Bouvier izan zen autotik atera eta tirokatu zuen lehena. Bakoitzak bere aldetik ihes egin zuten Bouvierrek eta Rochemirrek, eta Le Priol arribatu zen orduan. Arambururekin beste borroka bat izan zuen; arma atera, eta sei aldiz egin zion tiro.
Erreferentzia neonaziak
Bi kondenatu nagusiek ez dute beren militantzia politikoa asumitu auzian zehar, eta hala izan den momentu bakarretan, arrazoi psikologikoekin justifikatu dute beren ideologia. Le Priolek argudiatu zuen bere arrebak jasandako sexu eraso baten ondorioz, eskuin muturreko ideiek «seduzitu» zutela, erasotzaileak Frantziatik kanporatzeko agindua zuelako. Bouvierrek argudiatu zuen bere aita nerabe zenean hil zitzaiola, eta GUDen ibili zenez, bere «aztarnetan» ibiltzeko beharra sentitu zuela. Biek erran dute Edouard Kleinen bidez sartu zirela GUDen, «manipulaturik». Preseski, Klein da 2015ean torturatu zuten GUDeko arduraduna. Le Priolek eta Bouvierrek armaturik ateratzearen arrazoia hori zela gehitu zuten, preseski, haren familiarengandik mehatxuak jaso zituztelako. Epaimahaiari ez diote esplikatu mehatxu horien berri nola izan zuten.
Parte zibilen abokatuek, alta, argi utzi nahi izan dute eskuin muturreko militante izateak eragina izan zuela tiro egin zutenen ibilbidean. Gorteak ez du hilketa arrazoi xenofoboekin lotu, baina argi utzi zuten Le Priol eta Bouvier ideologia «supremazistak» elikatuak zirela. Auzian zehar, erraterako, argi gelditu da hori, baita biek armekiko zuten lilura ere.
Sakelakoetako eta ordenagailuetako artxiboak hedatzea besterik ez da izan haien ideologia agerian geldi dadin. Le Priol armaturik agertzen diren bideoak zenbatezinak dira: Saint-Astierreko tiro lekukoak (Okzitania) dira horietako anitz, familiak Draguignanen duen domeinuko oihanekoak beste hainbeste. Nazismoari erreferentziak egiten dizkioten irudiak ere ez dira falta izan: Hitler eta svastikak itzulikatzen diren karrusel ttipi bat, 14 eta 88 zenbakiei etengabeko erreferentziak... Arraza zuriari erreferentzia egiten dion sinbolo supremazista da 14 zenbakia, eta Heil Hitler kodez errateko zenbakia 88 —H alfabetoko zortzigarren letra delako—. Le Prioli horiei buruz galdetuta, «numerologia egitea absurdoa» dela erran du, eta 88 bere zangoen neurria halako bi ere badela erantzun. Panzerlied 88 zen haren beste pasahitz bat, Wehrmacht armadaren kantuari erreferentzia eginez: «Automatikoki sortua izan da», erantzun dio epaileari. Rochemir garai hartako bikotekideari, «beltz zikin» batekin borrokatzera egin zuela errateko SMS bat bidali zion hilketa baino egun batzuk lehenago: «Idazketa akats bat izan zen», argudiatu zuen. Momentu hartan agerian gelditu zen Le Priolek bere burua defendatzeko zailtasuna, espero ez zituen elementu batzuk azaldu ziren eta.
Bouvierren etxean atzeman zuten arma kopurua beldurgarria da: hemeretzi, eta horietako batzuk kargatuak. Erran zuen «bilduma» egiten zuela, eta, arma kargatuei dagokienez, etxea miatu zioten poliziek kargatu zituztela erran zuen, behin eta berriz. Mein Kampf-en ale bat ere atzeman zuten, eta Hitlerren estatua bat. Baina argudiatu zuen literatura politiko orotarik zuela etxean, eta Maoren eta Leninen estatuak ere bai. Nolanahi ere, Le Priolen etxean eta Bouvierrenean Poliziari dagozkien objektuak ere atzeman zituzten: besotako bat, balak gelditzeko txalekoak, poliziaren kartak, nortasun agiri faltsuak... Epaiketan zehar horiek erakutsi zituzten, baina bi akusatuek erran zuten bideoklip batzuk grabatzeko baliatzen zituztela. Alta, Arambururekin liskarra izan ostean Poliziaren besokoa atera zuen Le Priolek.
Cecilia Aramburuk azpimarratu du hainbat galdera erantzunik gabe gelditu direla. «Epaiketa eredugarri bat izan dadin, galdera batzuk erantzutea beharrezkoa da: zerbaitek eragin du pertsona hauek egin dutena posible izatea. Eta Federicoren hilketaren ondotik izan den isiltasuna hautsi behar da. Isiltasun hori beldurgarria izan da. Eskuin muturreko jende oso arriskutsuak dira, lotura eta sare handiak dituztenak, politikari eta finantzei dagokienez. Ez dakit zein diren, baina ikertu beharrekoak dira», aldarrikatu zuen.
«Eskuin muturraren eta Poliziaren arteko loturak gehiago ikertu behar dira»

Eskuin muturra ikertzen du Marion Jacquet-Vaillant soziologoak (Neuilly, Frantzia, 1990). Irakasle eta ikerlea da; Generation Identitaire eskuin muturreko mugimenduari buruzko tesia egin zuen, eta, egun, Frantziako eskuin muturreko mugimenduak segitzen ditu hurbiletik.
Eskuin muturreko terrorismoa areagotzen ari da?
Estatuko zerbitzuek, bereziki terrorismoan espezializatutako zerbitzuek, esaten dute mehatxu hori —hau da, beraiek ultraeskuindartzat jotzen dutena— Frantziako bigarren mehatxu terrorista dela, terrorismo islamistaren ondoren. Baina argi uzten dute, halere, mailaketa bat badela, eta lehenetik aski urrun dela. Hori erranik, azpimarratuko nuke sailkatzeko zailak diren fenomeno batzuk horri lotzen ahal zaizkiola. Horien artean nabarmenduko nituzke incel mugimenduaren inguruko ekintza terroristak, eta, orain, baita mugimendu nihilistei lotutakoak ere. Loturak dituzte ultraeskuindartzat jotzen diren mugimenduekin, baina ez dira baitezpada izendapen horretan sartzen, eta horrek pixka bat zailtzen du benetako arriskua zer heinetakoa den neurtzea. Nolanahi ere, azken hilabeteotan, informazio zerbitzuek eskuin muturreko atentatu batzuk desbideratzea lortu dute, azkena Aramburu auziaren garaian, Ile-de-France eskualdean.
Loik Le Priol eta Romain Bouvier armatuak atera ziren Arambururi tiro egin zioten gauean, eta, oro har, armekiko lilura handia zuten. Zer erakusten du horrek eskuin muturreko militanteek armekin duten harremanaz?
Argi da armekiko nolabaiteko harreman bat badela ingurune horretan. Baina ez naiz segur armak ukaitea gero eta ohikoagoa bilakatzen ari den ingurune bakarra direnik. Ez dakit zenbateraino den ideologikoa. Gainera, eskuin muturreko militanteei galdetuta, beti autodefentsarekin lotzen dute armatuak izatea, arrazoi militanteekin alegia. Le Priolen eta Bouvierren kasuan ere hala erran dute, beren burua defendatzeko ateratzen zirela armaturik. Ez naiz segur beti haiek zirenik biktimak, eta ez da gehiegi arriskatzea erratea haiek ere erasotzaileak izan zitezkeela. Gehi nezake Le Priolen kasuan, Armadatik pasatu izanak armen erabilera are naturalagoa egiten zuela; logikoa denez, armak erabiltzeko trebatua zelako. Halere, ikerketaren ikuspegitik ez dugu frogatzen ahal eskuin muturra beste herritarrak baino armatuagoa denik.
Armadarekin eta Frantziako Poliziarekin harremana zuten Le Priolek eta Bouvierrek. Eskuin muturra gainordezkatua da ofizio horietan; zeren erakusle da?
Ikerketa gehiago behar dira, zeren, gaur-gaurkoz, ez dakigu zer zentzutan egiten den joan-etorria. Eskuin muturrekoak direlako sartzen dira jendeak armadan eta Polizian? Ala Polizian eta armadan direlako bilakatzen dira eskuin muturrekoak? Dena den, ikusten dugu loturak badirela, eta gero eta afera gehiago ateratzen direla eskuin muturraren eta Poliziaren arteko loturak agerian uzten dituztenak. Hortaz, uste dut botere publikoentzat baitezpadakoa dela eskuin muturraren eta Poliziaren arteko loturak gehiago ikertzea.