Uste dut behin gertatu zaidala bizitzan. Kontzertu gaualdi gotor batean izan nintzen Gasteizen, hamar bat talde ziren eta jende anitz bazen. Komunetara hurbildu nintzenean pixa egiteko, hau harridura, lerro luze bat gizonen komunetara joateko, eta neskenera joateko, nehor. Ohartu nintzen neska zinez guti ginela gaualdi horretan, baina hori beste gai bat da.
Anekdotikoa dirudi; alta, ezinbestekoa den behar horri erantzun behar diogu. Ohitu gara, edo egokitu ere, transmisio kulturala egin da, nerabezarotik bestan ibili garenetik, lagunekin taldean xoko baten bila goaz, auto baten gibelean —itxuraz— gordetzeko, kulota apaldu, gaueko iluntasunean, gure ipurdi zuri eta argia, hortik pasatzen diren begiei eskainiz. Bestan usu gauez izaten dena eta taldean, errazago da.
Beste egoeretan gizonek jakingo dute non egiten ahal duten pixa, sinple da:Â nahi duten lekuan. Bide bazterrean, parke batean zuhaitz baten kontra, berdin du. Emazteek, aldiz, ikasten dute pixa atxikitzen. Atxiki, baina non egiteko?
Julien Damon soziologoak bere ikerketan ondorio sinplea egin zuen: «Espazio publikoak gizonek pentsatzen dituzte, gizonentzat». Karrikan xutik erabiltzeko pixatoki aise gehiago bada, komun klasiko hetsi baino. Zein da mezua emazteendako? Espazio publikoak ez direla zuretzat egokituak, zu egokitu behar zarela. Horri gehitu adineko pertsonak, ezinduak, elbarrituak, edo haurrak eta hauek zaintzen dituztenak.
Bi ikerlari belgikarrek landu dute gizon/emazte komun separatuen erabilpena. Emazte batek, bataz bestean, sei minutu itxoingo du komunera joateko, gizon batek 11 segundo. Xutik pixa egitea fite egina da. Aldiz komuna ireki, sartu, hetsi, komuna garbitu, jantzia kendu, jarri, garbitu, atea ireki, hilekoak aipatu gabe —eta agian eskuak garbitu ere— luzeago da. Kalkulua fite egina da. Komun gehiago eta mistoen instalatzea ideala litzateke, gizonen komunetan sartzeko indarrik ez duzularik edo hautu binario horretan sartu ordez. Baina emazte batzuentzat, babesgunea ere bada komun separatua. Nik behintzat, ez dut xutik pixa egiteko asmorik, baina nonbait egin beharko dut.