Pitxu gaztetxea

«Hastialak» mintzo

Anita Poineau, Maia Rekondo, Xarlot Etxeberri, Xaxi Hobiague
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan, gure herriko bestetan, Xiberoko Feministak taldeak sortu duen banderola bat agertzen da, bost uzki desberdinen irudiarekin eta honako mezuarekin: «Hori ez da gomit bat». Nahiz eta garaian —oraino ere, batzuetan— jende zenbaiten kexa pizten zuen, komite gehienek horien bestetan onartzen dute orain. Haatik, duela guti, entzun dugu: «Non da ipurdien afixa?». Erantzun genezakeen ez dela ipurdi afixa bat, banderola feminista bat baizik, sistema patriarkalak normalizatu dituen erasoak salatzen dituena. Baina ez gara beti ausartzen gure ideien asumitzera, usu berdintsua baita egokitzen zaigun arrapostua: «Ze hastiala, zendako dena politizatzeko beharra duzu? Ezin dugu gehiago deus erran».

Noiztik eta zendako da arazo bat gauzak politizatzea? Batzuek «sobera politizatzen» badute dena, orduan, horrek erran nahi luke besteak despolitizatze asumitu batean kokatzen direla. Despolitizatzea, gauzei, pertsonei edo gertakariei ikuspegi politikoa kentzea da. Baina, hautua kontzientea izan edo ez, iritzirik ez emateak eta isil egoteak ondorioak ditu; hori baino politikoagorik ez da, funtsean. Hautuz edo ez, inguruan iragaten direnak fatalitatearekin lotzeko joera du despolitizatzeak, sistema beti haboro onartuz eta inposatzen zaigun gizarte eredua normalizatuz. Erraztasunez, agian?

Eta ausartuko bagina, zer erantzunen genioke «hastial» deitzen gaituen horri? Politizazioa kolektibotik heldu dela, jendeekin ditugun elkarrizketetatik, iritzi trukaketetatik; kontrako argumentuak jasotzeak gure pentsaera kritikoa aberasten ahal dutela. Partekatze horiek gure ideiei indar ematen diete talde dinamikak sortzeko eta elkartasun mugimenduak bultzatzeko.

Baina, leku bakarretarik non eztabaidak sortzen diren… herriko bestak dira, eta badakigu besta giroan ditugun eztabaidak ez direla politizatzeko tresna, konfrontazio hutsarekin talka egitea besterik ez baita, gehienetan. Zuberoako elkarte andana batek hitzorduak proposatzen dituzte parada ematen digutenak hausnartzeko, baina betikoa: gure adineko gazte guti huilantzen da, gu barne… Gazteriatik heldu behar lirateke politizaziorako bermeak, gainera.

Gazte mugimenduak tresna ezinago indartsuak dira horretarako: gaztetxeak, EHZ festibala, kultur elkarteak, pertsonalki zein kolektiboki politikoki hazteko. Duela hiru urte orain Peliküla dokumental festibala sortu genuen, eta hirugarren edizioa hasi berri da azaroan, hain zuzen. Arrunt gain behera doan mundu honetan, gaztetxeak gogoa zorrozteko lekua izan nahi luke, orain arte jorratu dugunaren harira. Gomita luzatzen dizuegu, guhauren eta besteen herriaren historiari eta etorkizunari so egotera, zinemaren espektrotik, eüskaratik eta eüskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.