Hazkurri Bankuak 1.300 tona bildu ditu iaz

2025eko datuak egonkorrak dira: 1.300 tona janari bildu ditu Hazkurri Bankuak Ipar Euskal Herrian, baina argi du prekaritatea gora ari dela, elkarte gero eta gehiagori banatzen baitizkie bildutakoak.

Hazkurri Bankua
Hazkurri Bankuaren udazkeneko bilketa, Baionan, 2024an. PATXI BELTZAIZ
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan urteko azaroaren 28tik 30erako asteburuan, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak udazkeneko bilketa antolatu zuen prekaritate gero eta handiagoari aurre egiteko, eta elkartearen berrogeigarren urtemuga izan zen. Urtarrilean eman dituzte bilketaren datuak: 111 tona elikagai bildu zituzten, 90 bilketa gunetan. Nahi zuen orok ematen ahal zuen, izan elikagaiak, izan higiene produktuak. Horri esker, urteko erreserbaren zati bat osatu ahal izan du elkarteak. Boluntarioen lana eta elkarte sare zabal bat beharrezkoak izan dira horretarako, eta baita jendearen eskuzabaltasuna ere. Guztira, 980 boluntario ibili ziren bilketa horretan.

Udazkeneko datuak bildurik, iazko datuek zera erakusten dute: prekaritateak gora egin du. Izan ere, 2024an, Hazkurri Bankuak 36 elkarteri banatu zizkien elikagaiak, eta 2025ean 39 izan dira. Gainera, elkarteetako arduradunen arabera, onuradunek behar gehiago dituzte: astean behin jasotzen zuten lehen gehienek, eta astean bi aldiz orain. 2025ean, guztira, 1.300 tona bildu dituzte; datua egonkorra da, eta azpimarratu dute fruitu eta barazkien bilketak %13 gora egin duela.

Berrogei urtez lanean

Duela berrogei urte sortu zen Hazkurri Bankua Ipar Euskal Herrian, lehenagotik Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan sortzen hasiak ziren elikagai bankuen harira. Gehienbat boluntarioz osaturiko elkartea da, eta, Filgi Claverie komunikazio arduradunak dioenez, beren helburua bikoitza da: «Hazkurri prekaritatearen kontra borrokatzea, eta hazkurri xahutzearen kontra borrokatzea». Horretarako, goizero-goizero hipermerkatu eta supermerkatuetara joaten dira elkartekideak, eta saldua izan ez dena edo iraungitze data pasatua duena biltzen dute, elkarte batzuei berriz banatu aitzin. Urtean zehar, 220 boluntario eta lau langile dira orotara, eta elkartearen egoitza Baionan da.

Claveriek azpimarratu du Hazkurri Bankuak ez duela bere publikoarekin harreman zuzenik. Izan ere, «Hazkurri Bankuak janaria biltzen du, eta gero elkarte batzuei ematen diegu. Elkarteek dute publikoarekin harremana». Hainbat elkarte izendatu ditu: Gurutze Gorria, Secours Populaire, Pausa migratzaileen harrera zentroa... Berrogei partaide inguru dituzte, astero orotara 13.000 mila pertsona laguntzen dituztenak. «Elkarteek erraten digute: ‘Guk, adibidez, gehiago migratzaileekin lan egiten dugu’, hala nola Pausak eta Diakitek; edo ‘Guk ikasleekin ditugu harremanak’; edo, orain, gero eta gehiago erraten digute: ‘Familiekin ditugu harremanak, eta langile pobreekin’... Horrela dakigu zein den gure publikoa». Hazkurri Bankuaren lana janari emaile eta elkarteen arteko zubi lana egitea da, beraz, beharren arabera elkarteak hornituz.

Elkartasuna ardatz

Berrogei urte pasatu dira Hazkurri Bankuaren hasieratik, eta beharrak ere aldatu dira. Gaur egun, gero eta jende gehiago bizi da prekaritatean. Claverieren arabera, «behar handiena hazkurria da», hau da, elikagaiak. Hori azaltzen du erranez Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren prezioen gorakadak ezegonkortasun handia eragin duela. «Ikusten ditugu langile gazte batzuk, beren lehen ofizioarekin justu aski dutenak alokairua pagatzeko, eta beraz ez dutenak aski gero egunero jateko», deitoratu du Claveriek. Langile gazteez gain, beste bi pertsona kategoria ere hunkituak direla adierazi du: «Haurrekin bakarrik diren emazte gazteak, eta erretretadun pobreak. Bien kopuruak izugarri emendatu dira». Ipar Euskal Herriko gizartearentzat seinale txarra dela uste du: izan ere, erran nahi du gazteak, haurrekilako familiak eta erretretadunak gero eta kinka txarragoan direla.

Azaroko azken asteburuko bilketa handi horren bilana positiboa izan da, hala ere, eta esperantza iturri zaio. Elkartekideak supermerkatu aitzinetan egon dira elikagaiak biltzen, eta nahiz eta denentzat garai «txarrak edo zailak» izan, jendea emateko prest agertu dela erran du. «Zinez sentitzen dugu elkartasuna badela Ipar Euskal Herrian», erran du Claveriek. «Kasik iazko kopurua egin dugu; 115 tona bildu ditugu asteburu batez. Beraz, seinale biziki ona da, errango nuke, erakusteko Ipar Euskal Herriko gizarteak elkartasuna ezagutzen duela eta biziarazten duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.