'Hegal egiten', Maddi Hegiren ihesaldia bizi izan zutenen begietatik

Maddi Hegi IKko militantearen ihesaldia eta ibilbidea aipagai du Eneko Bidegainen eleberri berriak. Aurkezpen sorta bat eginen du Euskal Herrian gaindi. Lehena gaur izanen da, Heletan, Hegiren sortetxe izan zen Bidarteberria ostatuan.

'Hegal egiten' liburuaren azala. NATHALIE GUIRONNET
'Hegal egiten' liburuaren azala. NATHALIE GUIRONNET
julene muruaga
2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain herritik neska bat falta da, ez dago inor bere etxeko leihoan. Baso ilunetan dabil hegaletan». Hori dio Itoizen Hegal egiten kantuak. 1985ean preso sartu zuten Maddi Hegi heletarra etxean armak edukitzeagatik, eta zenbait hilabete geroago, Gabi Mouesca lagunarekin batera, Paueko espetxetik ihes egin zuen, Iparretarrak (IK) erakunde armatuko ekintza baten bidez. Baina 1987ko ekainean, polizia kontrol batean atxilotu zuten berriz; tren batek polizia autoa harrapatu zuen, Hegi barnean zela.

Ihesaldiaren kontakizuna Hegiren begietatik eta bizi izan zutenen begietatik kontatzen du Eneko Bidegainek, plazaratu berri duen Hegal egiten eleberrian (Elkar). Liburua plazaratzeko, aurkezpen sorta bat eginen du Euskal Herriko zazpi probintzietan, eta lehena gaur izanen da, Heletan, Bidarteberria ostatuan, hau da, Hegiren sortetxean, 18:30ean.

Urteetako lanaren emaitza da Hegal egiten. Hain zuzen, 2016an argitaratutako Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia liburuaren sakontze lana izan dela azaldu du idazleak. «Merezi zuen gai bat ikusi nuen liburu hori idazterakoan, istorio ezezaguna edo ahantzia baita, edo belaunaldi berrienek ikasi ez dutena. Beraz, horri lotu nintzen, literaturara ekarriz». Itzalean gelditu diren Ipar Euskal Herriko atalak argitara ekarri nahi izan ditu Bidegainek. Haren aburuz, IKren kapitulu hetsia gogorarazi behar da, memoria ariketak eginez, hori guztia ez ahazteko. «Gertatutakoak aipatu gabe, hau da, zer, zergatik eta nola aipatu gabe, ez da kontatzen ahal gure herriaren azken 50 urteetako historia zuzen bat».

Bada alde batetik Ipar Euskal Herrian, eta oro har, Euskal Herrian isilarazia den gatazka baten kontaketa, baina bada, era berean, gatazkaren barnean isilduak izan direnen kontaketa: emazteena. Maddi Hegi «ahantzitako» militante «zendua» gisa ezagun dela uste du Bidegainek, eta beharra ikusten zuen Hegiren historia sakonkiago azaltzeko. «1980ko hamarkadako borroka armatua gizonen kontu baten moduan ikusten zen. Emazteak bigarren planoan edo itzalean agerrarazi dira. Eta Maddi da horren adibide. Interesantea da hori ikustea, eta borrokan ari zen emazte baten eskapatzearen kontakizuna agerraraztea. Borroka armatuan emazteek izan duten rola aipatzeko arrazoi bat izan zen gai hori».

Iparretarrak liburua osatzeko duela hogei urte egin zituen lanketei beste hainbeste gehitu behar izan dizkie: elkarrizketak egin, garai hartako prentsa artikuluen artxiboak atzeman, irakurri, aztertu, Hegiren gutunak eskuratu eta aztertu... «Pazientziaz, ahal bezain xeheki begiratu ditut gauzak. Baina dokumentatzeko prozesu luzea izan da. Denbora neurtzea beti zaila da».

Aurkeztera

Eleberria argitaratu berri da, eta jendaurreko aurkezpen bira ttipi bat eginen du Bidegainek karia horretara. Zazpi lurraldeetako hiriburuetan eginen ditu aurkezpenak, Nafarroa Beherean salbu, Heletan eginen baitute, Hegiren sortetxean. «Maddiren etxean egitearen ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Aurkezpen sorta hori Heletatik abiatzea sinbolikoki ederra izanen zela iruditzen zitzaigun». Aurkezpen bira idazleek egin behar duten ariketa dela azaldu du Bidegainek, irakurleei proiektua zuzenean zabaltzeko helburuz. «Nahiz eta hitza ez zaidan gustatzen, komunikazioa egin behar dugu, gaur egun aski garrantzitsua da-eta, jendeak gero eta gutiago irakurtzen baitu, eta liburuak gutiago erosten baititu».

Irakurleekin pasatutakoak tarte «goxo» eta «aberasgarriak» zaizkio Bidegaini. Esplikatu du liburu bat idaztea edo irakurtzea ekintza aski pertsonalak direla, idazleak bere ordenagailu aitzinean idazten baitu obra, eta irakurleak ere liburua bakarrik irakurtzen baitu. Ekintza bakartiak dira. «Eta horrelako elkarretaratzeak zinez interesgarriak dira, bakarkako ekintzatik kolektibora pasatzeko. Aberasgarria da tratua ukaitea irakurtzen gaituztenekin».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA