Lionel Mazars Baionako errugbilari profesional ohiarekin batean pilotariak kudeatuko dituen elkarte bat sortuko du Patrick Orhategaraik (Bidarrai, 1970). Orain arte, Esku Pilota elkarteak kudeatzen zuen esku huskako zirkuitu profesional osoa, baina laster jakingo da zer pilotari pasatuko diren elkarte berrira. Orhategarai, enpresaburu izateaz gain, Peio Larralde pilotariaren trebatzailea izan da azken urteetan. Miarritzeko La Negresse trinketaren jabe da, lagun batzuekin batean. Elkarte berriko haren kideak, berriz, Baionako Moderne trinketa kudeatzen du. Zirkuitu profesionaleko pilotariei «alternatiba bat» proposatu nahi diete, eta ondoko asteetan hasiko da lanean elkarte berria.
Esku pilotari profesionalak Esku Pilota elkarteak kudeatu ditu orain arte. Nondik jin zen beste egitura bat sortzeko ideia?
Trinketak emeki-emeki husten ari ziren, giro minbera nagusi zen, eta jokalari profesional baten bizian garrantzitsuak iduri zaizkigun hutsak ikusten genituen. Proposatu denari alternatiba bat eskaini nahi genion. Azken urteetan entzun ditugu babesleak, pilotako mundutxo hori, trinketen jabeak, lehiaketetako antolatzaileak... eta sentitzen genuen galdea bazela. Ez zituzten erantzunak oro, eta proposamena egiteko garaia zela ageri zen. Pizgarria izan da pilotariek [Esku Pilotako] arduradun taldearekin ukan zuten bilkura bat, ez zena arras ontsa joan. Xede berri bat ekarriko dugu, pretentsiorik gabe; ez da deus berezia goi mailako kirolarentzat, baina beharbada zerbait berria izanen dena pilotarentzat.
Aipatu duzue batzorde batean bildu nahi dituzuela esku huskako eragileak.
Hori funtsezkoa da gure proiektuan, kirol ikuspegiarekin batean. Zailtasun batzuk izan dira informazioa ukaiteko: orain arte iluntasun doi bat izan da orokorki. Kode horien hausteko, guk hautatu dugu gardentasuna ardatz hartzea pilotaren inguruko partaide guztiak gomitatuz: jokalariak, babesleak eta lehiaketetako antolatzaileak. Erabaki garrantzitsu oro demokratikoki bozkatzea da ideia, eta batzordean jokalarien bi ordezkari izanen dira, babesleen bi ordezkari, eta antolatzaileen bi ordezkari. Nahi izan dugu gehitu Euskal Pilotaren Liga, jokalari guztiak amaturren klubetatik heldu direlako eta biharko profesionalen gordailu direlako. Frantziako Pilota Federazioari ere lekua proposatu diogu, baina ez dute gure taldean sartu nahi izan.
«Oraingoz bakarrik erran dezaket gure egituran ariko direnetan pilotari profesionalen gehiengoa gainditu dugula»
Pilotaririk gabe ez litzateke pilotarik. Jakin daiteke nor zuenganatu duzuen?
Pilotarien erdiek baino gehiagok gurekin aritzea erabaki dute. Batzuen erantzunak itxoiten ditugu. Ondoko egunetan prentsaurreko bat eginen dugu izen zehatzak ezagutarazteko. Oraingoz bakarrik erran dezaket gure egituran ariko direnetan gehiengoa gainditu dugula.
Orain arte, pilotariak bi mailatan sailkatu dira. Zuek logika berean segituko duzue?
Bai. Badira asteak erraten dudala lehiaketak aspalditik badirela, Esku Pilota sortu aitzinetik ere baziren, eta luzaz iraunen dute. Gehienak autonomoak dira, beren datak badituztelako, beren babesleak badituztelako, beren ibilmoldea badutelako... Pilotarien egiturek soilik pilotariak aurkeztu behar dituzte lehiaketa horiek hornitzeko. Egutegia kasik egina da, izan daitezkeen aldaketa eta berrikuntzekin, baina lehiaketak aski finkoak dira urtez urte. Ibilmolde bera izanen da.
Pilotarien prestaketa azpimarratu duzue. Zu Peio Larralderen trebatzailea zara, eta zure kidea, errugbilari profesional ohia.
Lionelek [Mazars] ni baino ibilbide aise luzeagoa du. Horregatik da proiektu interesgarria, pilotaren garapenaren aldetik. Errugbian edo futbolean erabiltzen diren tresnak hartuko ditugu, plataforma numerikoak, bideo analisia, mediku jarraipena, prestaketa fisiko duina... Hori pilotara egokitzea da xedea. Ahantzi gabe pilota dela, ez futbola edo errugbia. Baina uste dugu ekartzen ahal dizkiegula tresnak hobeak izateko eta bihar, agian, [Baptiste] Ducassou, [Peio] Larralde eta besteak irabazteko gai izan daitezen.
Frantziako txapelketari pentsatu duzue? Hego Euskal Herriko formatua ikusiko ote dugu, enpresa bakoitzak osatu pareekin?
Arrunt hori da, bai. Argiki horretara buruz goaz. Gero ageriko da alde bakoitzetik zenbat pilotari izanen den eta nola artikulatuko den. Lehiaketen antolatzaileak ere entzun beharko dira, alde batekin edo bestearekin nahi izanen dutenez gehiago lan egin. Egokitu beharko dugu, ondoko hilabeteetan antolatzaileekin mintzatu beharko dugu. Orain arte, egitura bakarrarekin mintzatzen ziren; orain, birekin mintzatu beharko dute.
Talde amaturrak aipatu dituzu. Zuen elkarteak profesional bilakatzera bultza litzake gazteenak?
Konbentzitua naiz aterabide berriak ekarriko dituen egitura berri bat izateak estimulazioa eraginen duela. Konkurrentzia usu onuragarria da, maila goraka tiratzen duelako. Hasteko, pilota aipatzen da aspalditik ez bezala. Ideia orokorra da denak bultzatzea filosofiaz alda dezaten: trinketak, lehiaketak, jokalariak... eta guk jokalarien beharra ukanen dugu pilotaren promozioa egiten laguntzeko. Joan beharko dute beren jatorrizko klubetara trebaketak egitera, adibidez. Hegoaldean pilotak duen arrakasta sinesgaitza da; beste hein batean, baina hemen posible da trinketak betetzea.