Herriko bozen ondotik, sei urteko agintaldia izan ohi dute herrietako auzapezek. Odile Susperregi Cornu Biriatuko auzapezarenak sei hilabete iraun du. Michel Hiriart Biriatuko auzapez ohiak jarritako helegitearen ondorioz, joan den martxoan iragan zen bozketa baliogabetzea erabaki zuen ekainean Paueko Administrazio Auzitegiak, eta igande honetan bozkatu beharko dute berriz biriatuarrek. Susperregik bere kargua defendatuko du, baina Hiriartek lekua uztea erabaki du azkenean; Elur Alberdi izanen da Altxa Biriatu zerrendaren burua. Martxoan, hamazazpi bozen diferentzia ukan zuten bi zerrenden artean. Igande honetan ere lehia irekia izanen dela espero dute. Finantzen gaia ukan dute erdigunean bi lehiakideen arteko eztabaidetan.
Gizon ezaguna da Hiriart Biriatun, 31 urtez izan baitzen herriko auzapez 1989tik 2020ra; urte haietan, figura esanguratsua izan zen Ipar Euskal Herriko politika instituzionalean. Baina duela sei urte lekua utzi behar izan zuen Solange Demarcq-Egigurenen faboretan. 82 urte izanik ere, aginte makila eskuratzen entseatu zen joan den martxoan Hiriart, baina herritar gehienek ez zuten haren alde egin. Aldi honetan, lehiatik kanpo gelditzea erabaki du, agorril hondarrean prentsara bidalitako agiri batean jakinarazi zuenez. Idazki labur hartan esplikatu zuen taldekideekin adostua zutela auzapez izatera iritsi izan balitz ez zuela agintaldi osoa beteko. Azkenerako, lehenago pasatu du lekukoa, eta hark proposaturik hartu du segida Alberdik.Â
Hiriart bera izan zen martxoan helegitea eman zuena, bozak kontatzean izandako irregulartasunak leporatuta. Ekainean prentsaurrekoa eman zuen Susperregik. Haren hitzetan, bozka bulegoko presidente gisa agertzea ukatu zion Hiriartek hauteskunde gauean, eta sinadurak eta gutun azalak publikoari ateak itxita kontatu izana ere egozten dio. Susperregik zehaztu zuenez, momentu hartan zegoen «tentsioaren» ondorioz hartu zuten erabakia, eta, publikoa sartu ahal izan ez bazen ere, bi zerrendetako ordezkariak eta lehenago hautetsi izandako batzuk parte hartu zuten. 665 sinadura kontatu zituzten, eta 667 gutun azal. Gutun azal batzuk bat bestearen kontra kolatuak gelditu zirela uste dute, baina gorabehera aktan agerraraztea erabaki zuten hala ere. Gutun azalak ireki eta bozak kontatzeko, publikoari ateak ireki zizkioten berriz.
Administrazio auzitegiak ekainean aztertu zuen afera, eta Hiriartek ezarritako helegitea ontzat ematea erabaki zuen. Hala, herriko bozen data irailaren 27rako finkatzea erabaki zuen Mathieu Duhamel Baionako suprefetak uztail bukaeran. Azken asteetan, kanpaina egiten aritu dira bi zerrendak.Â
Kontu auzitegiaren oharra
Bi zerrendetako kideek azpimarratu dute herria biziarazteko beharra —1.300 herritar ditu—. Bi proiektu nagusi aipatu ditu Alberdik: Bakea deitu eraikinean osasun etxea eta bizitegiak egitea, eta seroren etxea zen lekuan aterpetxe bat sortzea, GR-10eko ibilbidea egin gogo dutenek bertan ostatu hartzeko parada izan dezaten. «Jende anitz pasatzen da, eta uste dugu herriari beste bizitza bat ematen ahal diola». Susperregik ez dio erantzun Ipar Euskal Herriko Hitza-ren deiari.
Edonola ere, herriko finantzen egoerak sortu ditu arrangura eta eztabaida azken asteetan. Agorril hondarrean, txostena publikatu zuen Kontuen Eskualdeko Auzitegiak 2020-2024 aldiari buruz, eta Biriatuko finantza egoera «ahulaz» ohartarazi zuen. Alberdiren taldeak Susperregiren taldeari egotzi dio kudeaketa txarraren ondorio dela, eta haien hobenez herriko etxeak ez duela sosik. Aritz Lekuona Biriatun Bizi zerrendakoaren hitzetan, funtsezko datua da 2024 arteko egoera baizik ez duela erakusten txostenak, eta baieztatu du 2025ean defizitari buru egin eta 100.000 euroko soberakina ukan zutela. «Kontu hauek jende guziarentzat dira eskuragarri, Altxa Biriatu taldekoentzat ere bai. Ez zaigu biziki garbia iruditzen horrelako erdi-gezur batean egitea akusazioak».