Bi itzuliko hauteskundeak arrotz egiten zaizkigu euskaldunon gehiengoari, nik neuk, Hegoaldeko ezjakintasunetik, ez nion zentzu handirik ikusten lehen aldiz Iparraldean gertutik bizi izan nituen arte. Lehen itzulia egin eta jarraian datorren aste politiko intentsoarekin, ordea, legitimitate handiagoa ikusi nien bigarren itzuliko emaitzei, finean, hauteskundeen emaitzei. Izan ere, ez dago boz emaileekiko iruzurrik: lehen itzuliaren osteko astean egin ohi diren akordioak bozkatzen dira bigarrenean. Hegoaldean, ordea, akordioak egiten dituzte, usu, hauteskundeen ostean alderdiek, euren boto emaileei ados dauden ala ez galdetu gabe.
Eta akordio horiek, hain zuzen, erabat alda ditzakete behin betiko emaitzak; lehen eta bigarren itzulien arteko asteak, beraz, bereziki lehiakor dirudi Baionako herriko etxean. Ezkerra berriro oso zatituta aurkeztuko da, hiru hautagairekin. Jean Claude Iriart abertzalea buru duen zerrendak ezkerreko sentsibilitate ezberdinak bildu ditu aurten, baina Etxeto sozialistak auzapez bilakatu nahi du eta ez dio zerrendaburu izateari uko egin nahi; Pereira intsumituak ere alderdiko hautagaitza propioa nahi du, sozialistetatik urrun… euskaratik ere urrun, haren aurkezpenean eta programan euskara ez baita existitu, Etxetorenean bezalaxe.
Divide et impera baliatu dezake Etxegaraik hirugarren agintaldia abiatzeko, edota elkar ulertzera kondenatuta leudeke Etxeto, Iriart eta Pereira 1959tik gertatu ez den bezala ezkerreko auzapez bat izateko Baionan. Ez dirudi akordio horietan Lesellierren eskuin muturreko zerrendak esateko asko izan ditzakeenik, baina kasu, azken joerak ikusita ziurtzat jo daiteke duela sei urte baino emaitza hobeak lor ditzakeela.
Hegoaldetik batzuetan urrun ikusten dira Iparraldeko udal hauteskundeak; pentsa, Etxegarai zein alderditakoa den ere ez dakite askok. Azken bi udal hauteskundeetan Lapurdiko hiriburuan buruz buru izan diren Etxegarai eta Etxetok oinarri bera dute deituran, etxea, baina ez dute berdin eraikitzen.
Gauzak horrela, Etxegarai, Etxeto edo Iriart, deitura euskalduna izanen du Baionako hurrengo auzapezak; bortxaz, baina, ez da euskalduna izanen. Datozen hilabeteetan euskararen koofizialtasuna berriz lehen lerrora eraman nahi du Euskal Konfederazioak, euskararen larrialdi egoera honetan are larriago baita etorkizuna euskara ofiziala ez den Euskal Herriko zati honetan… Hauteskunde hauetako ordezkaritza politiko berriek ere zehaztuko dute auzi honen bide orria beraz. Bi itzulien artean Atharratzetik abiatuko den Korrikaren kari entzungo dira hitz politak, baina aspalditik ari da euskalgintza aldarrikatzen ele ederretatik ekintzetara pasatzeko tenorea dela, berant bada ere. Geroz eta gehiago dira Frantziako Estatuko beste eskualdeetatik Iparraldera bizitzera datozenak, eta udal hauteskundeetan ere haien ahotsak izanen du eragin zuzena: Korrika zer den ez dakitenak edota Korrikan lehen aldikotz parte hartuko dutenak. Lege babesik gabe, euskararen etorkizuna haien esku ere uzten baitugu. Jarrai diezaiogun beraz gertutik Euskal Herriko txoko guztietatik Iparraldeko bozek kontatuko digutenari.