Baiona: aldaketarako esperantzak, batasunik gabe

Ezkerrekoek Etxegarairen kudeaketa kritikatu dute, besteak beste etxebizitzaren, auzoetako biziaren eta garraioaren arloei begira. Haatik, adostasunik ez dute lortu, eta hiru zerrendatan banaturik aurkeztu dira; bost zerrenda lehiatuko dira Baionan.

Baiona Mugimenduan zerrenda, Jean Claude iriart buru duela. GUILLAUME FAUVEAU
Baiona Mugimenduan zerrenda, Jean Claude Iriart buru duela. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru egun besterik ez herriko bozak aitzin: atzo, Baionan, nabari izan zen kanpainako oren oro on dela hartzeko. Hara non Jean Rene Etxegarai oraingo auzapeza Baiona Ttipian agertu zen, kafea edaten, eleketan. Eta inguruko jendea ahapeka: «Gauza guti dakizkit politikaz, baina ezin zaio kendu azpiegituren aldetik egin duena; ederra da hiria, halere».

Bi egun besterik ez herriko bozak aitzin: gaur bertan hetsiko dituzte kanpainak, gauerdian. Etxegaraik bigarren agintaldia bukatu berri du, eta hala da, agian, hiri zentroa nahiko ederki atera zaio; Baiona Ttipia barne, nahiz berezkoa duen xarma. Behin Baionako harresien perimetrotik ateratzean, haatik, nola doa afera? Erran dutenez, «auzoak abandonatuak» dira, eta «egoitzak andeatuak». Erran dutenez, auzoetako kontseiluek ez dute batere gehiago funtzionatzen, eta biziki urruna geratu zaie herriko etxea. Hori diote, hasteko, aurten Etxegarairen parean altxatu diren ezkerreko hiru zerrendek.

Henri Etxeto dago tartean, 2008tik geroztik Baionako hautetsia dena eta 2014 eta 2020ko hauteskundeetara jadanik aurkeztu zena. Frantziako Alderdi Sozialistako kidea da, baina zerrendak ez du alderdiaren sostengu ofizialik, eta Etxetok berak «ezkerreko zerrenda errepublikano, sozial eta ekologista» gisa definitu du. BERRIA harekin harremanetan sartzen entseaturik ere, ez die galdeei jarraipenik eman.

Jean Claude Iriart, bere aldetik, EH Baiko kidea da, ezkerraren batasuna ordezkatzen duen Baiona Mugimenduan zerrendako burua —ezkerreko hamar talde bildu ditu, Frantziako Legebiltzarrerako bozetan aurkeztu zen NFPren logikan—; hura ere 2014 eta 2020an jadanik hautagai izandakoa da. Ezkerreko hirugarren zerrenda LFI Frantzia Intsumisoarena da, orain arte Angeluko oposizioko hautetsi egona den Sandra Pereira intsumisoak ordezkatua.

Parean dute, beraz, bi agintaldiz segidan auzapez egona den Jean Rene Etxegarairen zerrenda «zabala». Halere, zehaztu behar da Etxegarai Emmanuel Macronen Renaissance alderdiko kidea dela. Baionako auzapeza izateaz beste, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ere bada.

Eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiko Pascal Lesselierek ere zerrenda aurkeztu du, Errekonkista alderdiko jendea ere biltzen duena. Arrazoi editorialengatik, BERRIAk ez dio hitzik eman.

Auzoak, «abandonatuak»

Etxegaraik hamabi urte iragan ditu Baionako Herriko Etxeko buru, eta auzoak «abandonatu» izana leporatu diote ezkerreko aurkariek. Iriartek inbertsio erabakiei erreparatu die, eta salatu du herriko etxearen «inbertsioen hiru laurden» hiriko erdigunean erabili direla. Erraterako, «inbertsioak berriz orekatzea» galdegin du, eta «biztanle etxeak» sortzeko proiektuaren aipamena egin, jadanik existitzen direnak atxikiz, bistan dena.

Salatu du zinez hurbiltasun eskasez lan egin duela orain arteko herriko etxeak, «egoitzak andeatuak» ikusi dituztela auzoz auzo ibiltzean kanpaina denboran, eta orokorrean biztanleek «abandonatuak izan diren irudipena» dutela adierazi dietela. Iriartek uste du gaur egun baino anitzez ere auzo kontseilu gehiago sortu behar liratekeela, «hamar edo hamabi agian», eta «permanentziak antolatu, herriko langileak gehiago inplikatu, aurrekontu parte hartzaileak esleitu» eta abar. Funtsean, beraz, «giza harremana gehiago sustatu» eta ezarritako politika «erabakietan eta ekintzetan» oinarritu.

Balichon eta Saint Etienne auzoei egin die erreferentzia, beste auzoak baino hobeki dabiltzalako, haren ustez, «bi leku horietan baizik ez baitira gelditzen auzoetako etxeak».

«Permanentziak antolatu, herriko langileak gehiago inplikatu, aurrekontu parte hartzaileak esleitu... Giza harremana gehiago sustatu, politika erabakietan eta ekintzetan oinarritu»

JEAN CLAUDE IRIARTBaiona Mugimenduan zerrendako burua

Pereirak ere herriko etxeak auzoak bazter utzi izana gaitzetsi du, eta herritarren iniziatiba erreferendum bat egiteko aukera mahaigaineratu.

Etxetok, bere aldetik, adibide konkretuak eman ditu herriko etxearen ardura horretaz ohartarazteko, Mediabask hedabideari onartu dion elkarrizketan: «Lehenik, eskolak: hogei bat urte dira Arrousets eta Seque auzoetakoa eskas dela. Badirenentzat ere plan bat badugu, biziki desorekatua baita nola zainduak diren egoitzak. [...] Gaizki tratatutako beste dosier bat Gaskoien plazakoa da. Orain aspaldi hitzeman zuten berrituko zutela, eta sekula ez da egina izan».

Ondare erosoegia?

Baionan ere, kanpainako gai nagusia izan da etxebizitzarena. Hain zuzen, urteak dira Etxegarairen aldarri handienetakoa dela SRU legea betetzen duen hiri bakarra Baiona izatea; BERRIAk hilabete honetan berean herriko bozen harira egin dion elkarrizketan ere goraipatu du hori. Berez, hala da, lortu beharreko heina %25 delako eta Baiona %27ra iritsia delako. Halere, aurkari guziek argitu nahi izan dute datu horiek aitzineko herriko etxeetako lanaren ondareari esker lortu ahal izan dituela Etxegaraik, eta, funtsean, ez duela lortu 2014an sartu zeneko heinetik anitzez gorago joaten; hots, «geldirik» egon dela maila.

Alde batean zein bestean, ezkerreko hautagaiek etxebizitza sozial gehiago eskatu dituzte. Iriartek tokiko hirigintza planaren aldaketaren alde egin du, onartu dadin hogei etxebizitza baino gutiagoko proiektuetan ere soziala baitezpadakoa izatea; urteak dira Etxegaraik aldaketa hori aipatzen duela, baina hainbeste urte dira aldaketarik ez dela gertatu. Gisa horretan, segurtatua litzateke edozein higiezin proiektu aitzina eramanik ere etxebizitza sozialak eskainiko lituzkeela. Eta «egiazko etxebizitza sozialak» nahi ditu Iriartek, ez «klase ertain gorari bakarrik eskuragarriak zaizkionak», baizik eta klase prekarioagoek ere eskuratu ahal izango dituztenak.

Pereirak etxebizitza sozial gehiago egiteko beharra azpimarratu du. Izan ere, proiektu orotan etxeen %45ek sozial izan behar dutela dio Etxegaraik, eta, Pereiraren ustez, gehiago behar dira, eta etxe horiek «erosteko inolako aukerarik» ez egotea.

Eraikinak berritzearen erronka aipatu dute hautagaiek, baina baita berriak eraikitzeko behar gorria ere. Eraikuntza proiektuen artean Prisse auzokoak ditu bidean Etxegaraik: lehen partea lurretik atera dute dagoeneko, eta bigarren proiektuak datorren agintaldian eginen luke aitzina. Biziki kritiko agertu dira Iriart eta Etxeto proiektu horren kontra, espazio natural bat suntsituko bailuke osorik, «nahiz ez den horrela sailkatua», Iriartek zehaztu duen bezala. Halere, natura eremu bat da Prissekoa, eta, han eraikitzea baino, «jadanik artifizializatua den Glain eremuan eraikitzeko aukera» azpimarratu du Iriartek; hiri zentrotik eta unibertsitatetik nahiko hurbil da, gainera.

(ID_13831495) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Visite du chantier de l\'école du Prissé en présence de l\'équipe d\'architectes et...
Prisse auzoan plantatutako eskolaren aurkezteko prentsaurrekoa, Etxegarairen eskutik. GUILLAUME FAUVEAU

Etxebizitzaren garaiari hertsiki loturik, garraioarena ere aipatu dute hautagaiek, Baiona biziki berantean baita gai horri dagokionez. Pereiraren ustez, «urteetako ekintzarik ezaren ondorioa» da gaur egungoa. Etxetok honela dio: «Auto metaketa gehien dituen Frantziako hamalaugarren herria gara, eta hori baino anitzez ere urrunago posizionatuak gara biztanle kopuruari dagokionez, beraz bada arazo bat». Hain zuzen, haren iritziz, beste zubi bat egitea —bosgarrena— da aterabidea, hiriko bideen lasaitze aldera; Pereirak eta Iriartek, berriz, bizikleta bideen «lotzea eta hobetzea» aipatu dute bereziki, baita garraio publikoen prezioen apaltzea edo kitorik bilakaraztea, gaur egun oraino ere erakargarriagoa baita prezio aldetik kanpotik autoz etortzea egunero garraio publikoan baino.

«Baionako hirian mintzatzen diren hizkuntza guzientzat egin behar da. Ez dut ulertzen zer gehiago espero den ene erantzunetik»

SANDRA PEREIRA Bayonne Insoumise Et Populaire zerrendako burua

Euskara, noraino?

Baionako hiriak badu euskara zerbitzua, baita gidaritza batzordea ere, baina Iriartek leporatu dio Etxegarairi bere agintaldietan, aldiro, hiru urte itxaron izana plana bozkatzeko. Hiru urte galdurik, hots, eta egiazko proiektuak eramateko denbora guti. Baiona Mugimenduan zerrendakoek uste dute helburu finkoak trenkatu behar direla, ahal dela agintaldia bukatzean bilan konkretuak egiteko. Halere, ez dituzte helburu horiek oraindik finkatu.

Pereirari hizkuntza politikaz galdeturik, «Baionako hirian mintzatzen diren hizkuntza guziez» erantzun du, euskararen gaia erabat bazterturik. «Ez dut ulertzen zer gehiago espero den ene erantzunetik», ondorioztatu du, gehiturik jadanik martxan denari sinpleki «jarraipena» emanen lioketela.

Gai jakin batzuen inguruan izan ezik, azkenean nahiko analisi bateratua dute ezkerreko zerrendek —Pereiraren eta Etxetoren ikuspegi jakobinoa bazter utzirik—. Etxegaraik umorez erran izan du Baionako lehen itzulia «ezkerraren primario bat» izanen dela, eta hala izanen da, segur aski: BERRIAri segurtatu diotenez, elkarrizketarik ez da izan mementoko hiru zerrenden artean. Hots, ikusteko dago ezkerreko hiru zerrenden artean nor den nagusi aterako lehen itzulitik, eta, hala, nork bideratuko dituen bigarren itzulirako elkarrizketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA