Hendaian, hirigunea berrituta baina herritarrak aterpetu gabe

Hiru hautagai lehiatuko dira Hendaian heldu den martxoaren 15eko eta 22ko bozetan. Etxebizitzaren gaia izanen da kudeatu beharko duten dosier nagusia.

Hendaiako igerilekuaren estreinaldia, urtarrilaren 28an. GUILLAUME FAUVEAU
Hendaiako igerilekuaren estreinaldia, urtarrilaren 28an. GUILLAUME FAUVEAU
Hendaia
2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zorrak dituenak buruhausteak ditu. Hendaiako herriko bozen hautagaiek ongi dakite hori. Kotte Ezenarro auzapezaren gehiengoak 50 milioiren inbertsioak egin ditu azken agintaldian, hirigunea eta igerilekua berritzeko, adibidez. «Egitekoak ziren obrak egin ditugu, eta egiteko garai ona zen, [Frantziako] Estatuaren, [Akitania Berriko] Eskualdearen eta [Pirinio Atlantikoetako] Departamenduaren diru sailak murriztuz joanen direlako», azaldu du Ezenarrok. Horiek horrela, herriko bozetara aurkezten direnek ez dute inbertsio handirik proposatuko heldu den agintaritzarako: Hendaiako herriaren zorren itzultzeko gaitasuna 11,4 urtekoa da, larrialdi heina hamabi urtekoa delarik. «Mailegu kontzentrazio bat badugu 2027ra arte, erosoago izanen gara ondotik», erran du Ezenarrok.

Hiru zerrenda dira lehian herriko bozen lehen itzulirako, martxoaren 15erako. Kotte Ezenarrorena —2020an kontra zituen Pascal Destruhaut eta Laurent Tariol komunista baditu berekin—, Laetitia Navarron abertzalearena eta Tristan Proteau eskuindarrarena. Zerrendaburu guziek diote aurten ez dela aliantzarik izanen bi itzulien artean. 2020an batu ziren Ezenarro eta Navarron, Destruhauti gaina hartzeko. Baina bi urteren buruan samurtu ziren, eta abertzaleak gehiengotik atera.

Urtero bezala, martxoa euskararen hilabetea izanen da Hendaian, eta euskararen alde ekinen dutela hitzeman du Navarronek. «Euskara indartzeko, gure hizkuntzaren udal aitortza eginen dugu. Komunikazio elebiduna segurtatuko dugu, lan toponimiko sakona eginen dugu eta euskararen udal batzordea zabalduko dugu», segurtatu du Navarronek.

«25-45 urte bitartekoentzat gero eta zailagoa da Hendaian bizitzea eta egotea»

 LAETITIA NAVARRON Hendaia Biltzen taldeko zerrendaburua

Etxebizitza da Hendaiaren erronka nagusia. Biztanleen %18 pobrezia heinaren azpitik bizi dira. «25-45 urte bitartekoentzat gero eta zailagoa da Hendaian bizitzea eta egotea», salatu du Navarronek. Herriko lursail batzuk etxebizitza nagusirako erreserbatzea proposatzen du, Etxaniz-Le Meur legea baliatuz. Lege honek auzapezen eskumenak indartzen ditu bigarren etxebizitzak arautzeko eta etxebizitza iraunkorrak babesteko.

Ezenarrok, ordea, ez du Etxaniz legean sinesten, haren iduriko legeak iruzurra emendatzea ekar lezakeelako. «Etxebizitza nagusi faltsuek ez dute gehiago bizitegi zerga pagatzen», deitoratu du Ezenarrok, estatuaren kontrola eskasa salatuz. Etxe faltan diren herritarren eta jabeen arteko konfiantza sare bat sortzeko ideia du Proteauk.

Beste eztabaida gune bat dute hautagaiek Moleres zelaien inguruan. 3,5 hektareako lur eremu hori salgai da. Laborantza eremu gisa sailkatzea proposatzen du Navarronek, tokiko barazki produkzioari berriz ekitea sustatzeko. Proteauk gaia aztertzekoa du. Ezenarrok erraten du ezin dela aldaketa hori egin, 1978tik geroz eraikigarri dela eremu hori. Uste du herritarrekin eta eraikitzaileekin antolatu behar dela proiektu berri bat, herriko bozak pasatu eta.

Kotte Ezenarroren zerrendak otsailaren 23rako argitaratuko du bere programa osoa, astelehenez. Laetitia Navarronek bilkura publiko bat antolatu du martxoaren 4an, dantza eskolan.

DATUAK

  • Demografia. 18.074 biztanle zituen 2025ean, INSEEren arabera.
  • Boz zerrenda. 10.525 herritarrek dute bozkatzeko eskubidea.
  • Herriko kontseilua. 33 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. 7 ordezkari.
  • 2020ko emaitza. Kotte Ezenarro: %41,09; Destruhaut: %32,71; Navarron: %18,38; Tariol: %7,82.

  • 2026ko hautagaiak. Kotte Ezenarro (Hendaia Elkarrekin); Laetitia Navarron (Hendaia Biltzen); Tristan Proteau (Bizi Hendaia).

Kotte Ezenarro. 

«Herriko kontseilua boxeo ring bat da»

Kotte Ezenarro, 2020ko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Kotte Ezenarro, 2020ko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU

Kotte Ezenarro Hendaiako gaur egungo auzapeza laugarren agintaldi batendako aurkezten da aurten. PS Alderdi Sozialistako kide da, baina haren zerrendak ez du etiketa hori jantziko. 

Nola begiratzen diozu pasatu den agintaldiari?

Esango nuke 2020ko kanpainan hartutako engaiamenduen %90 bete ditugula. Herria nahiko aldatu da, eta beharrezkoa zen. [Frantziako] Biharko Hiri Txikia politika nazionalarekin bat egin genuen. Merkatu aretoak eta udaletxe zaharra berritu ditugu, eta bertan daude orain zerbitzu publikoak.

Igerilekua ez zegoen guztiz gure udal programaren parte, baina ez zen gehiago erabilgarri. Maileguak bilatu behar izan genituen igerileku berri bat finantzatzeko, 12,5 milioi eurokoak. Azkenean lorpen bikaina da, orain guztiz martxan baitago.

COVID-19aren pandemiak markatu zuen agintaldiaren hasiera.

Orduan konturatu ginen Hendaiako alkatea, gure eskualdeko beste alkate batzuk eta haien herriko kontseilariak bezala, lehen lerroan zeudela. Horrez gain, ia 200 pertsona mobilizatu ziren adinekoei liburuak emateko eta otorduak banatzeko. Batzuk ez ziren 18 hilabetez etxetik atera.

Bi urte izan genituen obrak prestatzeko, dena geldirik zegoelako. Horregatik dira agintaldiko azken bi urteetan proiektu gehienak lurretik atera.

Agintaldi hastapenean, abertzaleak gehiengotik atera ziren, eta, orain, 2020ko aurkariak zure zerrendan sartzen ari zara. Lehenengoak salatzen dute haiekin egin akordio guztiak ez dituzula bete, eta bigarrenek diote ez dutela nahikoa eragin izan oposiziotik.

Beti esaten dut herriko kontseilua boxeo ring bat dela: elkarri errespetua zor diogu, baina herritarrei ere eztabaida zor diegu. Beraz, galdera da ea talka egin genuenean benetako eztabaida bat izan zen ala jarrera hutsa. Nik neuk sei urte eman nituen oposizioan: gogorrago lan egitera behartzen zaitu. Oposizioan, ez duzu eskubiderik funtzionarioengana jotzeko informazioa biltzeko eta proiektuak prestatzeko alkatearen baimenik gabe.

Abertzaleekiko hausturari dagokionez, errana dut jada: uko egiten diet herriko kontseilutik kanpo diren alderdietatik edo taldeetatik etorritako aginduei. Nire ustez, abertzaleek akats egiten dute herriko etxe baten erantzukizunen esparru osoa ulertzen ez duten hogei edo 50 pertsonari mikrofono bat partekatzean, eta, gero, biltzar horretatik etorri itxaropenak formulatzean herriko kontseiluan. Utopia bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.