Baionan, Jean Rene Etxegaraik aitzina eginen du eroso. Hirugarren agintaldirako bidean, Baionako herritarren bozen %42,11 bildu ditu lehen itzulian, parean dituen beste lau zerrenden aitzinean aisetan. Gibeletik lehena Jean Claude Iriart du, ezkerraren batasunaren zerrendaren gidaria (%21,99); hirugarren Henri Etxeto Frantziako Alderdi Sozialistako hautagaia izan da (%21,37). Bereziki azpimarratzekoak dira eskuin muturrak lortu dituen kopuruak, Frantziako Batasun Nazionaleko Pascal Lesselierek %10,7 bildu baititu. Azkenik Frantzia Intsumisoko Sandra Pereira da, %4 eskas izanik.
Etxegarai biziki harroki mintzatu da emaitzak jakinarazi direlarik: «Ohartzen naiz kasik bikoiztu dudala boz kopurua. Nik ere badakit kalkuluak egiten, eta ohartzen naiz aise aitzinean naizela; nahiz eta batzuek erran duten agian batuko direla [ezkerreko zerrendak], ez da ene afera, ez ene problema. Gu garen pertsona berekin goaz. Hautesleek edo arrazoiaren hautua eginen dute, edo ez jakintasunean jauzia».Â
Bigarren itzuliari begira, Pereirak ezin du aitzina egin, ez baita bozen %5era iritsi eta horrek ez baitio aukerarik uzten ezta beste zerrenda batekin elkartzeko ere.
Galdera nagusia, beraz, Iriarten eta Etxetoren arteko aliantza aukerari dagokio: gai jakin batzuen inguruan izan ezik, nahiko analisi bateratua egin dute kanpaina osoan, baina Iriarten Baiona Mugimenduan zerrendak EH Bairen sostengua du, eta ezagunik da Etxetoren ikuspegi jakobinoa. Orain, beraz, ikusteko dago elkarrizketak abiatuko dituztenetz. Norbaitek nagusitasuna har ziezaien, agian, bi hautagaien arteko aldeak nabarmenagoa izan beharko zuen, baina gaurko emaitzek erakusten dutenez, ber mailakoa dute indar harremana, eta akordioak egitea zaila izanen da segur aski.
Asteburu honetara arte BERRIAri jakinarazi zaionez, bi hautagaiak ez dira solastatu.
Miarritzen, Blanco aitzinean
Miarritzeko lehen itzuliaren emaitzak hertsiak izan dira: Serge Blanco errugbilari profesional ohiak bozen %26,7 bildu ditu, eta hurbil-hurbiletik, Maider Arostegi auzapezak %26,6 lortu ditu, hamabi boz gutiago.
Emaitzak agertu eta minutu gutitara, Blancok zehaztu du oraindik ez duela marraztu hurrengo egunetan plantan emanen duen estrategia eta aliantza: oraindik ez daki bakarrik segituko duen ala beste zerrenda batzuekin batuko den, baina argi du ahalegin guztiak eginen dituela boz gehiago lortzeko. «Miarriztarrek Serge Blancorentzat bozkatu dute; gure oraingo misioa da gure bozkatzaileak satisfatzea. Abentura berria abiatzeko prest gara».
Arostegik sarkastikoki erreakzionatu du Blancoren lorpena ikusirik: «Hedabide guztien sostengua jasotzen duen hautagai batekin, bistan dena, desoreka sortzen da; aldi berean, ez du sekulako lorpenik ere egin. Gure aldetik, esperantza anitz uzten digu lehen itzuliak, eskuinak eta zentroa biltzeko... Mementoko analisia egiten dugu, eta jokoak aitzina egiten du». Zehaztapen gehiagorik ez du eman nahi izan aliantza posibleei begira.
EH Baik sostengatzen duen Ana Ezkurraren ezkerreko zerrenda zabalak bozen %17,8 bildu ditu. Ondotik, Jean Baptiste Dussaussoisk bozen %13,1 erdietsi ditu, Guillaume Barucqek %12,1, eta, azkenik, Richard Tarditsek %3,63.
Angelun, Olive beste behin
Beste behin, Claude Olive izanen da Angeluko auzapeza, bozen %68 bildu baititu. Bigarren lekua Fanchini Mahautk hartu du, bozen %21,2rekin. Eta, azkenik, Eñaut Alfaroren zerrenda abertzalea, bozen %10,7 erdietsirik.