Beste urteetako markak gainditu ez badituzte ere, Miarritze (Lapurdi) izanen da herriko bozetan zerrenda gehien duen herria aurten ere. Zehazki, sei taldek ezarri dute hautagaitza Maider Arostegi gaur egungo auzapezaren parean; Errepublikanoak EAJrekin egin du aliantza, besteak beste. Haren kudeaketa kritikatu du batek baino gehiagok, hala nola Hotel du Palaisen aferari eta BOPB errugbi taldeari dagokienez. Etxearen gaia da beste erronka nagusietako bat; ikuspegi kontrajarriak agertu dituzte batzuek eta besteek.Â
Kanpainan dabil Guillaume Barucq, beste behin: 2020-2026 agintaldia oposizioko bankuetan iragan du herriko kontseiluan, eta aurten, berriz, zerrenda herritarra osatu du, «eskuineko, zentroko eta ezkerreko» jendeekin; etiketarik gabekoa —nahiz bera zentro eskuinekoa izan—.
Ana Ezkurrak gidatzen duen zerrendak ere ez du etiketarik, «baina ez da apolitikoa», argi utzi nahi izan duenez: «Zerrendaren funtzionamendua eta balioak trenkatu ditugu hasieratik, eta, balio horiek agertu dutenaz, erran daiteke ezkerreko joera duela zerrendak». Funtzionamenduari dagokionez, dena taldean eramaten ari dira orain arte, eta «hautagairik gabeko hauteskundeak» egin dituzte zerrendaburuaren hautatzeko: horrela atera zen Ezkurraren izena; Frantziako Ekologisten kide da bere aldetik. EH Bairen babesa du hautagaitzak.
Serge Blanco miarriztar errugbilari profesional ohiak ere zerrenda bat osatu du, lehen aldiz. Beste zerrenda herritar bat, Miarritzen «arima eta dinamika» berpiztu xede duena. Hautagaitzak beldurra hedatu zuen, jokalari ohia figura bat baita herrian; aldi berean, hainbat proiektu huts eginak ditu enpresa munduan, eta, Arostegik erran zuenez, «hobe luke herriko etxean ez sartu», horrek ekarriko lituzkeen ondorioak aurreikusi izan balitu bezala. Ordea, bidean du kanpaina. Brice Morin batu zaio zerrendara; abertzaleak eta ekologistak bildu zituen hautagaitza eraman zuen 2020an.
Auzoz auzo ibiltzen hasia da Jean-Baptiste Dussaussois ere: hura ere herriko kontseiluko oposizioan egona da azken agintaldian, Barucqen zerrendako hirugarrena izan baitzen joan den hauteskundeetan. Aurtengorako, haatik, bidea bere aldetik egitea erabaki du, eta bildu ditu bai Renaissance alderdiaren sostengua, baita lehengo auzapez Michel Veunacena ere.
Azken zerrenda Richard Tarditsena da, Arostegiren lehen axuant izandakoa joan den agintaldian, baina berak ere bere aldetik segitzea deliberatu du. Eta, RN Batasun Nazionalak eskuin muturreko alderdiaren zerrenda bat ere aurkeztekoa zuen, baina gibelera egin du azkenean; aterabidea ez zuten urrun, halere: Tarditsen zerrendara batu dira RNeko kideak.
Terrenorik gabeko herria?
Ipar Euskal Herriko herri gehien-gehienetan bezala, Miarritzen ere, bistan dena, etxebizitza da erronkarik nagusienetakoa. Afera da etxeak eraikitzeko lur biziki guti direla herrian, eta, hainbat hautagairen irudiko, libre diren lekuetan eraikitzeak herriaren iruditeria «orbaintzeko» arriskua du. Non eta nola eraiki, hori da gehienen hausnarketa gaia. Barucqena salbu, gehiago urbanizatzearen kontra baita, sinpleki. «Etxebizitzaren auzia lurralde osoa kontuan hartuta pentsatu behar genuke, ez herrika», deitoratu du. Bestela erranik, uko egiten dio etxebizitzen %25 sozialak izatea agintzen duen SRU legeari, jakinez eta biziki berantean dela Miarritze, %11n.
Ezkurrak beste puntako iritzia du, mila etxebizitza gehiago hitzeman baititu ondoko agintaldirako baldin eta hauteskundeak irabaziko balituzte. «Hogei milioi inguru balio dituzten 30 eremu badira Miarritzen, EPFL Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoarekin eskuratutakoak, herritik beretik edo Euskal Hirigune Elkargotik; interesak ordaindu behar ditugu eremu horietarako, eta deus ez da egiten. Proiekturik ez da».
«Etxebizitzaren auzia lurralde osoa kontuan hartuta pentsatu behar genuke, ez herrika»
GUILLAUME BARUCQ'Biarritz Nouvelle Vague' zerrendako burua
Aguilerako kirol parkean bai, proiektu bat abian jarria du herriko etxeak, baina ematen du nehor ez dela gai ados jartzeko proiektu horren ezaugarrien inguruan. Ezkurraren taldeak —Arostegirenak bezala— uste du kirol eremuak eta etxebizitza proiektua bateragarriak direla Aguileran; Barucq, haatik, Dussaussois bezalaxe, toki hartan etxeak eraikitzearen kontra da.Â
Afera da terreno guti baratzen direla herrian, ez badira hutsik geratu diren eremu ttipiak. Ezkurrak defendatu du, hain justu, leku horietan etxebizitza multzo ttipiak eraikitzea, eta Barucq, beti kontra: «Ezin da, edo beste Miarritze batera buruz goaz, eta berehala, Benidorm bilakatuko da, building eta etxe orratzak izango dituena itsas hegian».
Anartean, egoera konpondu gabe geratzen da, 3.000 etxebizitza eskaera dilindan direla. «Erantzungo bagenie ere, beste 3.000 lirateke biharamunean. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko biztanleria behera doa etengabe; kanpoko jendearekin baizik ez du gora egiten. Ez zait logikoa iruditzen beti jende gehiagoren etorraraztea, hemen bizi direnak lehenik aterpetu orde».Â
«Hogei milioi inguru balio dituzten 30 eremu badira Miarritzen, EPFL Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoarekin eskuratutakoak; interesak ordaindu behar ditugu eremu horietarako, eta deus ez da egiten»
ANA EZKURRA'Biarritz Berri' zerrendako burua
Kudeaketa arazoak
Arostegiren agintaldiaz haren aurkariek gehien kritikatu dutena kudeaketa izan da. Haien ustez, «bertikalegia» izan da, «zalantzatia», «nahasia». Kudeaketaren parte da, adibidez, herriko etxea funtzionarazteko baliatutako dirua. Hautagai kasik denek deitoratu dute aurrekontuaren bilakaera: hogei milioitik 30 milioira pasa da agintaldi denboran. Barucqek Arostegiri leporatu dio «neurriz kanpoko kontseilu kabinetea» osatu izana.
Eta, kudeaketaren parte da, halaber, Hotel du Palaiseko egoera. Azken urteetan, herriko etxearen eskutik diru anitz erabili da egoitzaren berritzeko lanetan, eta beste milioirik beharko da obren burutzeko, «miarriztarrei deus ekartzen ez dien proiektu baterako», Ezkurraren hitzetan. Zehazki, Miarritzek hirurogei milioi inguru zor dizkie bankuei Hotel du Palaisen burututakoen harira. Halere, itsas hegiko hotela ezaguna da Miarritzen, eta hautagai anitzek aipatu dute ulertzen dutela hotelak garrantzia izan lezakeela herritarrentzat, eta herritarrek berek egoitzaren etorkizunaz erabakitzeko aukera izan beharko luketela, edo iritzia ematekoa gutienez.
Dena den, aterabide guti geratzen dira. Barucqen ustez, gaur egungo egoera kontuan harturik, lehendakaritzatik atera behar litzateke lehen-lehenik; Blancoren ustez, oraingoz, atxikitzekoa da egoitza, anitz zor baitu herriak, eta bankuekin hitz egin beharra bailitzateke; Dussausois hautagaia ere jabe geratzearen alde agertu da, baina kudeaketatik urrun; Tardits miarriztarren erabakiari erreferatu zaio, eta Ezkurra berdin. Orokorrean, argitasun handiagoa galdegin dute hautagaiek dosierraren inguruan.

Hotel du Palaisen kasuan, bederen, herriko etxea jabe da, baina ez Miarritzeko errugbi taldearen kasuan, eta hura da kanpainako beste gai gatazkatsuetarik bat. Kluba, haatik, pribatua da, baina Maider Arostegik inbertitzaile berrien elkarrizketetan parte hartu zuen 2024an, haren erranetan «gai guziak pasatzen direlako herriko etxetik, maluruski». Eta honako hau izan zen emaitza: Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko diruduna bilakatu zen BOPB klubeko akziodun nagusi.
Ezkerreko esferek anitz kritikatu zuten berria, baina hautagaien artean ez dira gehiegi ausartu kritikatzera, ezta ere erratera haiek atea hetsiko ziotenik Stereni. Ana Ezkurra salbu: «Klubaren partaide izan behar dugu, bistan da, baina orduan partaidetza baldintzatua izan behar da. Ez dut soluzio magikorik, kluba lagundu behar baita oreka ekonomiko egonkor bat plantatzen. Hori da lehentasuna, bai, baina zerbait erran ahal izan behar genuke halako hautuei buruz. Hemen ohartzen ahal izan gara Maider Arostegiri ez zaiola bereziki inporta eskuin muturreko norbaiti atea irekitzea».
datuak
60Zenbateko zorra du herriko etxeak Hotel du Palaisen kudeaketaren harira, milioi eurotan. Hirurogei milioi euroko zorra du herriko etxeak Hotel du Palais egoitzaren kudeaketaren harira. Hotela saltzeko aukera mahai gaineratzen dute.
Elkargoan, eskas
Miarritzentzat, bada zer jokatu Euskal Hirigune Elkargoan, ordezkari andana baitira bertan: 11, zehazki. Alta, Ezkurrari iruditzen zaio herriak arrunt galdu duela bere lekua Elkargoan: «Ez dugu aski pisurik jakinik zer diren Miarritzeko erronkak». Eta mugikortasuna aipatu du adibide gisa, haien programaren gai zentrala baita. Erreferentzia egin dio Miarritzeko tren geltokiko autobus geltokiari, erabat geldirik zelako proiektua: «Auzo hori abandonatua da, auto lerroak sortzen dira, ezin da bizikletaz ibili, eta, orokorkiago, herriko erdialdera ezin da joan bizikletaz». Hori konpontzeko, besteak beste, oinezkoentzako eta bizikletentzako 15 kilometroko pista berde baten plantatzeko asmoa dute.
Eta gaiak lotura zuzena du Elkargoarekin eta mugikortasun sindikatuarekin, Lapurdi kostako antolaketa orokorrarekin koordinaturik pentsatzekoa baita, bestalde. Bereziki azpimarragarria da Baionatik Miarritzerako ibilbidea tranbusean egiteko kasik oren bat behar dela.
Euskarari dagokionez, egia da zerbitzu bat plantan ezarria duela herriko etxeak, baina horrez gain gauza guti erran dute hautagaiek. Ezkurrak, haatik, herriko etxearen elebitasun osoa eskatu du, eta asmoa du axuant bat gai horretara dedikatzeko, ordezkatu gabe geratu den beste teknikari bat ezartzeko, eta, orokorkiago, 2030ari begirako euskara plan oso baten garatzeko.
DATUaK
- Demografia. 25.810 biztanle zituen 2025ean, INSEEren arabera.
- Hautesle zerrenda. 22.510 herritarrek dute bozkatzeko eskubidea.
- Herriko kontseilua. 35 hautetsi.
- Euskal Hirigune Elkargoa. 11 ordezkari.
- 2020ko emaitzak. Maider Arostegi %50,22 (27 kontseilari); Guillaume Barucq %26,29 (5 kontseilari); Nathalie Motsch %14,74 (2 kontseilari); Jean-Benoit Saint-Cricq %8,73 (kontseilari 1).
- 2026ko hautagaiak. Maider Arostegi; Guillaume Barucq; Ana Ezkurra; Serge Blanco; Jean-Baptiste Dussaussois; Richard Tardits.