Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Ipar Euskal Herria
Eneko Aldana: «Nahiz eta proiektu anitz eraman ditugun sei urtez, bada oraindik gauza anitz egiteko»
Bi hautagai lehiatuko dira Ziburuko bozetan. Aldana auzapez da 2020tik, eta berriz aurkeztu da auzapez kargua atxikitzeko. Etxebizitza eta ondarearen zaintza izanen dira haren erronka nagusiak.
Eneko Aldana Ziburuko auzapeza bilakatu zen 2020ko herriko bozetan: bozen %57,12 lortu zituen, beste hiru zerrenda parean zituela. Lehen aldia izan zen ezkerreko abertzale bat Lapurdi kostaldeko herri bateko buru bilakatu zela zerrenda «herritar zabal» bat eramanik. Sei urteko agintaldiaren ondotik, bere burua berriz aurkeztu du, martxoaren 15ean eta 22an izanen diren herriko bozetan. Parean, Jean Louis Poulou hautagaia izanen du. Aldanak bere agintaldiaz bilan «positiboa» egin du, hainbat proiektu «herriarekin» eraman dituztelako, eta 2020an aurkeztu programaren %90 bete dutelako. Heren batez berritua izan den zerrendarekin ildo beretik segitu nahiko lukete: abiatutako proiektuak aitzina eraman, eta herrian sortzen diren beharrei erantzuteko beste batzuk hasi.
Zer balorazio egin zenuke zure lehen kargualdiaz?
Aurkakoa ezingo nuke erran: balorazio ona egiten dut. 2020an aurkeztu genuen programa %90ean bete dugu kasik. Bestalde, programan ez ziren beste hainbat inbestimendu eta hainbat obra ere eraman ditugu agintaldi honetan. Horrez gain, eraman ditugun proiektu handi guztiek ahobatezkotasuna lortu dute herriko kontseiluan kasik beti: Encan eremuaren emendatzea, egituren berritzea eta horrelako beste hainbat obra.
Herritarrekin lan egin duzuela diozu. Zer esan nahi duzu?
Erran behar da kontzertazio handia eraman dugula ziburutarrekin sei urte horietan, orotara 50 bat bilkura publiko egin baititugu. 2020a arte izan zen agintaldiari konparatuz, herriko eztabaidak eta herriko kontseiluko bilkurak giro biziki lasaian egin dira.
Alta, otsail hasieran zure aurkari Jean Louis Poulouk gutun publiko bat zabaldu zuen, zeinetan kritikatu duen herriko etxean izan den erabakitzeko moldea: «Ziburutarrek sentitzen dute erabakiak haiek gabe hartuak direla, eta batzuetan haien egunerokoaren kontrako erabakiak hartuak direla», idatzi zuen. Zer erantzun nahiko zenioke horri?
Erantzuteko gogo guti dut, egia errateko, hain da karikaturazkoa haren gutuna. Erraten du ez dela elkar aditzerik egin, dena hautu autoritarioen bidez egin dela. Baina, erran bezala, proiektu estrategiko eta handi kasik guztiak ahobatezkotasunez bozkatu ziren. Gainera, oposizioak ez du nehoiz kontraproposamenik egin, ez du proposamen alternatiborik ekarri, izan zirkulazioaren inguruan, izan aparkalekuen inguruan; hori baita kritikatu duena. Ez da beste proposamenik izan mahai gainean. Hori ere kontuan hartu behar da. Erran bezala, 50 bat bilkura publiko egin dira sei urtez. Eta azken urtean izan den bilkura handienetarikoa Encan gunearen ingurukoa izan zen; zazpiehun ziburutarrek parte hartu dute proiektuaren pentsaketan. Poulouk gauzak plazaratu ditu, baina konkretuki ez da gauza handirik.
Bigarren agintaldi baterako aurkeztu zara. Nola sentitzen zara?
Berriz aurkeztea erabaki dugu, eta ni izango nintzela zerrendaburua. Nahiz eta proiektu anitz eraman ditugun sei urtez, bada oraindik gauza anitz egiteko. Anbizio berarekin ari gara, motibazio berarekin; hots, herria aitzinarazteko gogoarekin, ideia eta proiektu anitzekin. 2020. urteari konparatuz, errango nuke gaur egun esperientzia handiagoa dugula.
Zerrenda berritu batekin aurkeztu zara, ezta?
Zerrenda heren batez berritu dugu; beraz, errango nuke oreka ona atzeman dugula hautetsi esperimentatu eta zerrendakide berrien artean. Eta horrek, azken batean, nolabaiteko freskotasuna eta aldi berean egonkortasuna segurtatzen digu. Egonkortasuna ezinbestekoa da politika publikoak modu egonkorrean eta modu eraginkorrean aitzinean emateko. 2020an izan zen bezala, zerrenda irekia da, abertzaleak, ekologistak, eta beste alderditakoak osatua: orotariko zerrenda da. Aurten ere ildo beretik segitzea erabaki dugu, azken batean herriko programa baten inguruan ados ematen diren hainbat herritarren zerrenda baita gurea. Gazteenak 21 urte ditu, eta zaharrenak 80. Auzo guztiak ordezkatuak dira. Badira sortzez ziburutarrak direnak, eta ziburutar bilakatu direnak.
Programari dagokionez, zein dira zuen lehentasunak?
Programa errealista eta egingarria egin dugu, herriaren beharrei osoki erantzuten ahal diena. Gure ondarea dugu lehentasuna: bideak, espaloiak eta hori guztia. Ondarearena ez da beti intelektualki gauzarik zoragarriena, baina uste dugu gure lehen betebeharra dela herriko etxe gisa. Horrez gain, ondarearen baitan badira eraikinak, eta hemen, Ziburun, bederatzi monumentu historiko badira. Anitz herriarenak dira, eta badugu gure ondare historikoaren babesteko betebeharra dugu. Zehazki, Ziburuko elizan hainbat obra eginen ditugu, eta Zokoako gotorlekuan ere bai.
Etxebizitzaren inguruan, zer proposatuko duzue? Gero eta zailago bilakatzen ari da Ziburun bizitzea, bereziki, gazteentzat.
Gazteriari begira, etxebizitza politika anbiziotsua eraman nahi dugu aitzina, orain arte egin dugun bezala. Hainbat etxe eraiki ahal izan ditugu, Encaneko proiektuak aitzina segitzen du, besteak beste... Ziburuko gazteriari etxea lortzeko aterabideak atzeman behar dizkiogu ezinbestean; lehentasun bat izanen da. Eta kontrako bidea: jakin behar da Ziburuko biztanleria zahartzen ari dela, denetan gertatzen ari den bezala, baina Ziburun modu lasterragoan gertatzen ari da.
Eta beraz, behar berriak sortzen dira.
Medikuntza gune bat sortzeko asmoa dugu herriko zentroan, bost mediku errezibitzeko. Eta bestalde, eguneko zentro bat irekiko dugu ARS Eskualdeko Osasun Agentziarekin. Horrek modua emango du Alzheimerren eritasuna edo bestelako eritasunak dituzten pertsonak egun osoz edo egun erdiz errezibitzeko. Eta, aldi berean, eriak etxean zaintzen dituztenak pausatu ahal izatea.
Euskarari dagokionez, zer helburu duzue?
2020an iritsi ginelarik ez zen euskara politikarik Ziburun; beraz, dena zerotik abiatu genuen. Gaur egun, gure komunikazio instituzionalaren %80 ele bitan dugu. Nahiko hautetsi euskaldun ere baditugu. Ziburuko ikastolari ere aterabide bat atzeman genion; jakin behar da 2014tik 2020ra Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren inplantazioa nahiko kalapitatsua izan zela herrian, eta guk egoera normalizatu genuen. Gaur egun Ziburuko haurren bi herenak murgiltze ereduan edo eredu elebidunean ari dira. Langileekin ere formakuntza planak abiatu ditugu, euskara ikas dezaten. Eta gure eskaintza eta animazio kulturaletan ere, ahal den heinean eta ahal dugun bakoitzean, euskarari lekua egiten diogu. Herriko etxe batek dituen eskumen guti horiekin bide beretik segitzea da ideia.
DATUAK
Demografia. 5.957 biztanle zituen 2025ean (INSEE).
Boz zerrenda. 5.888 herritarrek dute bozkatzeko eskubidea.
Herriko kontseilua. 29 hautetsi.
Hirigune Elkargoa. 2 ordezkari.
2020ko emaitza, bigarren itzulian. Eneko Aldana: %57,12; Isabelle Dubarbier %21,12; Henri Hirigoienberri: %11,43; Dominique Duguet: %10,32.
2026ko hautagaiak. Eneko Aldana; Jean Louis Poulou.
Jean louis poulou hautagaia, erasokor
Jean Louis Poulou hautagaia. PATXI BELTZAIZ
Ziburu «hiltzen» ari dela eta «geldirik» dagoela uste du Jean Louis Poulouk, herriko bozetan aurkeztu den bigarren zerrendaburuak. Lehen aldia da bere burua aurkezten duela Ziburuko auzapeza izateko, baina jadanik aurkeztu diren hautagaiak hartu ditu zerrenda osatzeko, Isabelle Dubarbier, besteak beste. Hasieran baiezkoa eman bazuen ere, azkenena ez die BERRIAren galderei erantzun. «Etiketa gabeko» zerrenda aurkeztu du Poulouk, hainbat joeratako pertsonak biltzen dituena, «ezkerrekoak», «zentrokoak» eta «eskuinekoak». Sud Ouest egunkarian azaldu du bere helburua Eneko Aldanaren zerrendaren aurka egitea dela, «ezkerrekoa» eta «EH Bairi lotua» baita. Zerrendako parte hartzaileen batez besteko adina 57 urtekoa da; gazteenak 24 urte ditu, eta zaharrenak 80.
Programari dagokionez, «lehentasunezko» 50 gai aurkeztu ditu hautagaiak, hamar dosierretan bilduak: etxebizitza, bizi ingurumena, elkartasuna, segurtasuna, kirola, zirkulazioa, haurtzaroa, kultura, garapen ekonomikoa eta auzoko bizia. Baina haren lehen xedea etxebizitzarekin lotutakoa da: etxeak nahi ditu «denentzat» eta «ziburutar guztientzat», «hiltzen» ari den herria berriz «dinamizatzeko». Horretarako, laurogei bat etxe eraiki nahiko lituzke bere agintaldiko lehen lau urteetan, uste baitu gaur egungo herriko etxeak abiatu duen Encan eremuko proiektuak «denbora luzeegi» hartuko duela, eta biztanleak «ahalik eta fiteen» aterpetu behar direla. «Ezin dugu gehiago itxaron», erran zuen programa aurkeztu zuelarik.
Proiektuak aurrera eramateko herritarrekin lan egin nahiko lukeela erran du, eta herriko auzoetan «egiazko» herritar batzordeak plantan eman nahiko lituzkeela, herriari buruzko erabakiak hautetsien eta hautetsi ez direnen artean hartzeko. Izan ere, otsail hasieran gutun ireki bat zabaldu zuen sare sozialetan, zeinetan kritikatu zuen nola hartu zituzten erabakiak Ziburuko Herriko Etxean: «Auzapezak orkestra zuzendari bat bezala izan behar du. Harmonia sortu behar du herrian, eta ez oposizioa. Elkarrizketak ez dira egin behar jadanik sortuak diren proiektuak aurkezteko. Elkarrizketen helburua zera da, herritarrengana joatea, egiazki entzutea eta aterabideak haien laguntzarekin sortzea».
Beste puntu bat aipatu zuen aurkezpenean: herriaren garbitasuna eta segurtasuna. «Ziburu zikina da. Espaloia zikina da», erran zuen Poulouk. Hori konpontzeko, garbitzaileen kopurua emendatu nahi du, eta urte anitzetako plan bat garatu bideak, espaloiak eta karrikako argiztapena hobetzeko eta biztanleak «seguru» ibiltzeko. «Segurtasunari» lotua den beste nahi bat iragarri du: hiriko zaintzaren boterea indartu nahiko luke polizien kopurua bikoiztuz, eta, «zergatik ez», poliziak armatu.