Peio Etxelekuk aitzinean bukatu du Kanbon, aliantzei bidea irekia utzirik

Orain arteko auzapez Christian Deveze Etxelekuren gibelean baratu da, bozen %34,99 lorturik; ondotik heldu da Argitxu Hiriart-Urruti, %25,46rekin. Bigarren itzulian erabakiko dute kanboarrek.

Peio Etxeleku, Kanbo Elkartu zerrendaren burua. GUILLAUME FAUVEAU
Peio Etxeleku, Kanbo Elkartu zerrendaren burua. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko martxoaren 15a
22:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Peio Etxelekuk bozen %39 bildu ditu Kanbon, eta, beraz, lehen atera da lehen itzulitik. Bigarren Christian Deveze oraingo auzapeza izan da (%34,99), eta hirugarren, EH Bai-k sostengatu duen Argitxu Hiriart-Urrutiren zerrenda (%25,46).

EAJko kidea denaz geroz, alderdiaren txaloak jaso ditu Etxelekuk, Pantxoa Bimboire Ipar Buru Batzarreko buruaren partetik, zehazki.

Peio Etxelekuri «goizegi» iruditzen zaio bigarren itzuliko aliantzak aipatzeko, baina pozik hartu du emaitza. Zehaztu behar da, halere, Etxeleku oposiziokoekin mintzatzeko biziki prest agertu dela hasieratik, aipatzeraino auzapez bilakatuko balitz axuant postuetarik bat osposizioko kide bati emanen liokeela. 

«Argi da kanboarrek aldaketarako gogoa dutela», erran du, eta azpimarratu Devezen oposizioak herritarren bozen kasik hiru laurdenak erdietsi dituela, eta horrek, nolazpait, argi uzten duela herritarren asea. Datorren astean ikusi beharko da zer-nolako elkarrizketak abiarazten dituen.

Hiriart-Urrutik, berriz, kontsideratu du hirugarren atera direla, bai, baina %25 ez dela «hain gaizki». Hain zuzen, bere taldearekin mintzatu aitzin deus zehaztu nahi izan ez badu ere, pentsatzen du «hautagaitza atxikiko» dutela; erran du, halere, Etxelekuren zerrendakoekin mintzatuko direla. Txomin Casteigts EH Baiko kideak alderdiaren lehen balorazioa egin du Euskal Hedabideen emankizunean, eta, Kanbori dagokionez, aitortu du «gehiago espero» zitekeela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!