Herriko bozen biharamunean, figurak sendo

Herriko bozen biharamunean, emaitzei so jarri dira Goizeder Taberna, Bixente Vrignon eta Jose Luis Aizpuru kazetariak: zaila bada ere joera orokorrak atzematea, ezker abertzalearen indartzea eta figura politikoen sendotasuna aipatu dituzte, oro har.

Jean Rene Etxegarai auzapez hautatua izan berri, herriko bozen bigarren itzulian, igandean, Baionako herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU
Jean Rene Etxegarai auzapez hautatua izan berri, herriko bozen bigarren itzulian, igandean, Baionako herriko etxean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriko bozen emaitzetan oinarrituz ondorio orokorrak ateratzea ez da erraza, tokiko dinamikek agintzen baitute, eta leku batetik bestera aldatzen baitira. Lehen itzulian erabakia gelditu zen Ipar Euskal Herriko herri gehienetako panorama politikoa, eta igandean trenkatu da oraino zehaztekoa zuten 11 herrietakoa, bigarren itzulian. Sorpresak izan dira han-hemen, orain arteko auzapezei lekua kendu baitiete zenbait lekutan: Senperen, Miarritzen, Kanbon, Bokalen, Lekuinen, Urruñan, Arrosan, Atharratzen... Beste batzuek lekua atxikitzea kausitu dute: Baionan, Angelun, Hendaian, Maulen, Donibane Lohizunen...

Goizeder Taberna (Mediabask), Jose Luis Aizpuru (Euskal Irratiak) eta Bixente Vrignon (Ici Pays basque) kazetariek hurbiletik so egin diete bozei. Bilana egitea «zaila» dela aitortu dute hirurek. «Herri bakoitzak badu bere testuingurua eta bere dinamika. Baina orokorki erraten ahal da zailtasunak edo dosier handiak ukan dituzten herrietan auzapezek pagatu dutela, eta bestenaz, taldeak mantendu direla», laburbildu du Vrignonek. Tabernak zehaztu du herriko bozetan ez dela aise joerak agerian ezartzea, zerrenda anitz etiketarik gabe aurkezten baitira, herri ttipietan bereziki. Hortaz, Vrignonek argi utzi du analisi oro «zuhurtziaz» hartu behar dela, nahiz eta uste duen 2024ko Frantziako Asanblearako bozetan izandako emaitzen dinamika berretsi dela herriko bozetan.

«Herri bakoitzak badu bere testuingurua eta bere dinamika. Baina orokorki erraten ahal da zailtasunak edo dosier handiak ukan dituzten herrietan auzapezek pagatu dutela, eta bestenaz, taldeak mantendu direla»

BIXENTE VRIGNON Kazetaria

Bide beretik, ezkerreko abertzaleak barne hartzen dituzten zerrendek 2014an eta 2020an izandako progresioa «berretsi» dutela uste du Tabernak, baina bilakaera ez dela orduan bezain «ikusgarria» izan, Senperen eta Bokalen salbu. Izan ere, lehen itzulitik eskuratu du Senpereko Herriko Etxeko agintea Christophe Jauregik, bozen %54,2 bildurik. Bokalen, Mathieu Horn gailendu da bigarren itzulian (%37,4). Vrignonen arabera, ezkerreko abertzaleen ideiak «gizartean errotu diren seinale» da hori. Kontatu du kazetari gisa 1989tik eman duela herrietako bozen berri, eta ordutik gai andana batean aitzinatu direla ezkerreko abertzaleen erronkak: euskararen presentzia, etxebizitza, elkargoa...

Abertzaleek kausitu dituzten aldaketei begira jarririk, Jose Luis Aizpururen ustez  Bokalen gertaturikoa «aski berezia» izan da: «Zerrenda progresista osatu dute, abertzale batzuk ere barnean hartuz, eta kide horiek Hornekin eramandako lan isil eta bereziak emaitzak ekarri ditu», erran du. Vrignonek Hiriburu eta Ziburu aipatu ditu —Hiriburun lehen itzulitik hautatu dute Alain Iriart, eta Ziburun Eneko Aldana, biak ere EH Baiko kideak—. «Leku horietan frantses ezkerrak pisua bazuen, eta, pixkanaka, ezker abertzaleak ordezkatu du». Angelun, gailendu ez badira ere, dinamika antzekoa izan dela uste du; izan ere, ezkerreko abertzaleek zerrenda egina zuten Angelun, eta bi ordezkari lortu dituzte herriko kontseiluan.

Tabernak, laburbiltzeko, erran du ezkerreko abertzaleek «aitzina» segitzen dutela: «Ez dira gibelatu, hori segur». Aipatu du Donapaleun ezkerreko abertzalea izanen dela auzapeza, Pettan Aizagerre jalgi baitzen irabazle lehen itzulian, eta Lekuinen ere, urteetan herriko etxea eskuinak kudeatu ondoan, ezkerreko abertzaleak biltzen dituen taldeak irabazi duela. Baina gehitu du «porrot» batzuk ere izan dituztela, hala nola Kanbon eta Urruñan. «Bi fenomeno desberdin dira hor: Urruñan auzapezaren kudeaketari eta herriko gaiei lotua da gehiago, eta Kanbon, Etxelekuren fenomenoari».

Etxelekuren jokaldiari so

Izan ere, Kanbo da lehia bigarren itzulian trenkatu den herrietako bat, eta aldaketa etorri da: Christian Deveze zentro-eskuineko hautagai eta orain arteko auzapezari gailendu zaio Peio Etxeleku EAJko kidea. Kanboko herritarrendako aldaketa, bai noski, baina ezin gorde Etxelekuk Euskal Elkargoan egin xede duen bidea ere tartean izan dela. Lerrook idazterako, oraindik ez zuen jende aitzinean errana lehendakaritzarako hautagai izanen ote zen; kanpaina denboran ere ez zuen halakorik erran. Vrignon: «Etxelekuri ongi atera zaio parioa; biziki kanpaina azkarra egin du, hilabeteak dira abiatua dela, Kanboko 3.000 etxetara joan da etxez etxeko lana egitera, eta irabazi du. Baina badu beste pario gorde bat, nahiz ez duen sekula publikoki erran elkargorako anbizioak dituenik. Ikusi beharko da aurkeztuko ote den».

«Bakoitzaren eragin eremua zein den ikusiko dugu elkargoan. Orain arte, figura batzuk agertu dira, eta espero izatekoa da Etxegarai berriz aurkeztea eta Etxelekuk aitortzea bera ere aurkeztuko dela, aitzinetik pentsatua zuen bezala»

GOIZEDER TABERNA Kazetaria

Tabernak, halaber, argi du herriko bozen hirugarren itzulia jokatzekoa dutela orain: «Bakoitzaren eragin eremua zein den ikusiko dugu. Orain arte, figura batzuk agertu dira, eta espero izatekoa da Etxegarai berriz aurkeztea eta Etxelekuk aitortzea bera ere aurkeztuko dela, aitzinetik pentsatua zuen bezala». Horren harira, abertzaleen estrategia definitzekoa da: «Ikusiko zer estrategia izanen duten: batzorde exekutiboan ongi ordezkaturik sartu eta dosierrak kudeatzea, orain arte bezala, edo hautagaitza propio bat muntatzea, beste boz bat eta beste proiektu bat defendatzeko. Hautagaitza sinbolikoa izanen da beharbada, baina heldu diren sei edo zazpi urteetan bide bat markatuko duena», erran du.

Bestalde, erran du EAJren alderdi ikuspegitik «gainerrepresentazioa» markatzen duela Etxelekuren hautaketak, jeltzaleek porrot egin baitute barnealdeko herri batzuetan; Arrosan eta Makean, adibidez. «Errepresentazio ttipia du alderdiak herrietan, barnealdean ez du hautagai ofizialik, BAM eremuan ere ez du ordezkaritzarik lortu...», zehaztu du Tabernak.

Etxelekuren gerora begirako anbizio politikoen analisiarekin segitu du Aizpuruk: «Etxelekuk hautagaitza ezarriko du, beharbada ez du orain lortuko xedea, zeren Etxegarairen gehiengoa ez da zalantzan ezarria izanen oraindik, baina hemendik sei edo zazpi urtera... Bataila hor izanen da, Etxegarai erretiratuko denean».

Etxegarai tinko

Nolanahi ere, Etxegaraik eskuratu du agintea Baionako Herriko Etxean. Parean izan du Jean-Claude Iriartek eta Henri Etxetok osatutako ezkerreko bi zerrenden aliantza, baina lehiakideei ez zaie nahikoa izan gailentzeko. Aizpururen arabera, esplikazio bat baino gehiago kontuan hartzekoak dira. Batetik, uste du bi itzulien artean hautagaiek ez dutela lortu abstentzioko poltsako hautesleak masiboki mobilizatzea. Bestetik, erran du «pertsonalismoak» duen pisua kontuan hartu beharrekoa dela: «Etxegarai, Etxeleku, [Claude] Olive, Alain Iriart... Figura horiek guziak hor dira aspaldi, eta hautesleen bozak berenganatzea lortzen dute». Gainera, erran du lehen itzulian eskuin muturreko zerrendari boza eman zioten hautesle batzuek Etxegarairen alde egin dutela, Pascal Lesselieren zerrendak laurehun boz gutiago erdietsi baititu bigarren itzulian.

Bestalde, azpimarratu behar da ordura arte Iriarten eta Etxetoren artean ez zela elkarlanik lortu. «Hiru eguneko kanpainan kosta egin zaie ikusaraztea elkarrekin aritzen ahal zirela. Errealitateak erakusten du Etxetoren zerrendarekin hamabi urtez ezin bada lan egin zaila dela horri hiru egunean buelta ematea, nahiz eta saiatu indarrak egiten. Etxegaraik argumentu hori atera du bi itzulien artean, eta funtzionatu du», azaldu du Aizpuruk.

Vrignonek zera esplikatu du, doi bat karikaturizatuz: «Ezkerrean, batzuek nahiago dute frantses eskuinaren alde bozkatu ezker abertzalearen alde baino, eta abertzale batzuek nahiago dute eskuinaren alde bozkatu frantses ezkerraren alde baino. 50 urteko istorio bat da: biziki zaila da funtsezko lana egitea, gauzak aldatzea, baina emeki-emeki aldatzen ari da, halere; legebiltzarreko bozetan, adibidez, ezkerreko batasunak funtzionatu zuen». Baina nabarmendu du herriz herriko «istorio eta gatazkek» bestelako dinamikak eragin ditzaketela.

Elkargoari begira, ez da ahantzi behar duela sei urte EH Bain eztabaida izan zutela Alain Iriartek elkargorako hautagaitza aurkeztu ala ez, denak ez baitziren ados Etxegarairen parean abertzale bat aurkeztearekin. «Armagabetzea, presoak, Laborantza Ganberaren dosierreko abokatu lana... Harreman biziki estuak egin ziren hor; abertzaleen artean bada zor moral bat Etxegarairekin», iritzi dio Aizpuruk. 

«Etxegaraik, zentrista izanik, bere ezkerreko aldea zaintzen du, eta eskuinekoa ere bai... Baina eskuin gogorraren esparrua ez da betea, eta boz horiek eskuin muturrera doaz»

JOSE LUIS AIZPURU Kazetaria

Baionan nabarmentzekoa da, bestalde, eskuin muturrak herriko kontseiluan hautetsi postu bat lortu duela, Pascal Lesselier buru duen zerrendak bozen %10,3 bildu baitzituen lehen itzulian, eta %8,2 bigarrenean. Goizeder Tabernak kezkaz begiratu dio emaitzari: «Testuinguru orokor bat bada nazioartean, eta eskuin muturraren ideiek bitartekari asko dituzte: hedabideak, sare sozialak...». Haren arabera, Ipar Euskal Herrian egituratzeko «zailtasunetan» ziren orain arte, baina zerrenda bat eta jarleku bat lorturik, urrats «konkretuagoak» egin dituzte.

Aizpuruk nabarmendu du Lesselierren zerrendak, herriko kontseiluan ez ezik, Euskal Elkargoan ere lortu duela jarleku bat, bilduriko babesari esker. «Frantziako uholde horren ispilu bat da. Halere, erran behar da Baionan bakarrik lortu zutela zerrenda egitea, nahiz eta Batasun Nazionalaren sostengu ofizialik ez izan». Esplikatu du lehen itzulian lortu zituzten bozetako batzuk Etxegarairen aldekoak bihurtu zirela bigarren itzulian. «Etxegaraik, zentrista izanik, bere ezkerreko aldea zaintzen du, eta eskuinekoa ere bai... Baina eskuin gogorraren esparrua ez da betea, eta boz horiek eskuin muturrera doaz».

Miarritzen gertatu denarekin alderatu du egoera Aizpuruk: azaldu duenez, Arostegik eskuin muturreko posizio batzuk defendatu ditu, immigrazioari buruz batik bat, eta uste du balitekeela horrek kalte egin izana haren hautagaitzari. Vrignonek, alde horretatik, uste du Arostegik irudi «lausoa» transmititu duela, EAJtik hurbil ere agertu baitzen. Horri gehitu behar zaio herriko dosier nagusiaren inguruan, hau da, Aguilerako proiektuaren inguruan ukan duen jarrera «zurruna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA