Hezetasunaren aztarnak argazkitan

Gaur abiatuko da Alda mugimenduak antolatzen duen Auzolan asteburua. Horren karietara, etxebizitzetako hezetasun arazoei buruzko argazki erakusketa bat egin dute Camille Chopin eta Guillaume Fauveau argazkilariek.

Hezetasuna Alda
Mutxidura Hendaiako etxebizitza batean. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gelako armairua lekuz aldatu, eta han gibelean gordetzen den hezetasun mutxidurak ikustea. Burua altxatu, eta egongelako sabaian agertzen diren hezetasun mutxidurez ohartzea. Goizean esnatu, eta bezperako eztula okertzen hasten dela sentitzea, etxera sartzen den hezetasunagatik. Honako hau da Ipar Euskal Herrian bizi diren herritar anitzen egunerokoa: etxea kaltetua, eta, ondorioz, baita osasuna ere. Aldak antolatzen duen Auzolan asteburuaren karietara, etxebizitzetako hezetasun arazoak irudikatzen dituen argazki erakusketa bat prestatu dute bi argazkilarik, Camille Chopinek eta Guillaume Fauveauk. Baionako trinketetik Patxa plazarako karrikan izanen da ikusgai, gaurtik aitzina.

«Hezetasun arazoak anitz agertzen dira, eta anitzetan uste izaten da normala dela. Baina ez da normala», erran du Gaelle Vincens Alda mugimenduko etxebizitza sozialen arduradun eta argazki proiektuaren eramaileak. Kontatu du Aldaren barnean iaz baizik ez zirela hasi arazoari buruzko lanketak egiten; ordura arte, arazoaz ez zirela aski «kontziente» onartu du Vincensek. Iazko ikasturtean, atez ate pasatu zituzten zenbait egun, jendearen lehentasunak jakiteko etxebizitzaren gaiari buruz. «Gehien agertu zena hezetasunaren arazoa izan zen, eta errehabilitazioarena ere bai. Horren lanketa hasi dugu, beraz; haien lehentasuna bada, gurea ere izan behar baita». Gogoetaren emaitzak ikusirik, Vincensek arazoa modu deigarrienean plazaratu nahi izan du, argazkien bidez.

Argazkia, lehen pausoa

Guillaume Fauveaurekin eta Camille Chopinekin eraman proiektua, Aldak heldu den neguan abiatuko duen inkesta «lodi» baten lehen urratsa izanen dela azaldu du Vincesek. Hain zuzen ere, abenduan etxebizitza sozialetan bizi diren Ipar Euskal Herriko mila bat pertsona elkarrizketatuko dituzte, zehazki, hezetasunaren gaia sakonkiago aztertzeko, eta arazo horrek sortzen dituen osasun arazoak aztertzeko. «Ez dugu atzeman arazo hori aztertzen duen ikerketarik Euskal Herrian. Ez dugu zenbaki zehatzik honi buruz. Bizpahiru hilabeteko inkesta izanen da, eta denborarekin oraino gehiago landuko dugu».

«Dokumental bat da. Orduan, argazkiaren edertasunaz ez gara arduratu, baina ez da larria. Argazki serie bat denez, argazki guztiak elkarrekin izanen direlarik agertuko da lanaren edertasuna»

GUILLAUME FAUVEAU Argazkilaria

«Aldak proposatu zidan proiektuan parte hartzea. Segituan, Guillaumerekin egiten ahal nuela pentsatu nuen, haren eguneroko lana baita. Orduan, binaka lan egitea erabaki genuen; lagunak gara eta elkarrekin lan egitea estimatzen dugu», esplikatu du Camille Chopin argazkilariak. Alda mugimendua hasi zen mutxidura arazoak zituzten herritarrekin harremanetan, eta argazkilariak haien egunerokoaren argazkiak hartzeaz arduratu ziren. Denetara, sei etxetan egin dituzte argazkiak. «Ariketa desberdina izan da. Ez dut ohiturarik halako gaiei buruzko argazkiak hartzeko. Egokitze ariketa bat izan da enetzat. Jendearen intimitatean sartzea izan da, nolabait, eta hori ez da beti erraz». Horrez gain, Chopinek erran du argazkiaren oinarrian elementu «ederrak» izaten direla bere ohiko argazkilari lanetan; erakusketarako egin behar izan dituen argazkietan, ordea, mutxidura aztarnak erakutsi behar zituen. «Emaitzak ez zuen ederra izan behar, ez genuen hori xerkatzen. Halere, erakusketa batendako izanki, entseatu gara gauza landu bat egitera».

Hezetasuna
Hezetasun aztarnak eraikin batean. CAMILLE CHOPIN

Guillaume Fauveaurentzat ere jendeen intimitatean sartzea ez da baitezpada erraza izan; esplikatu du harreman ona izanik ere beti zaila dela jendearen potretak hartzea: «Jendeak ez du maite, ulertzen dut, eta, batez ere horrelako baldintzetan izaten delarik, deserosoagoa da. Beraz, entseatu gara bizkarrez egitera, edo itzalarekin jostatzera... Moldatu gara». Fauveauk egin duen lana ez du ikuspuntu «artistiko» batetik landu, baizik eta «dokumental» ikuspuntu batetik. «Dokumental bat da. Orduan, argazkiaren edertasunaz ez gara arduratu, baina ez da larria. Argazki serie bat denez, argazki guztiak elkarrekin izanen direlarik agertuko da lanaren edertasuna», azaldu du Fauveauk. Argazkiak karrikan afixatuak izanen direnez denborarekin —eta euriarekin— desagertuko direla esplikatu dute argazkilariek.

Mutxidurak ikusirik, zer?

Urtebetez hezetasun kasu anitzen berri ukan dute Aldan. Vincensen arabera, astero kasu gehiagoren berri jakiten dute. «Bistan da gehien hunkituak direnak pobreenak direla. Aberatsagoen kasuan, errazki etxea aldatu dezakete, eta hezetasunaren arazoa gibelean utzi. Horrez gain, gero eta gehiago ohartzen ari gara anitzetan buraso bakarreko familietan gertatzen dela. Horrelako kasu anitz ikusten ditugu», gehitu du aktibistak.

«Ez dut ohiturarik halako gaiei buruzko argazkiak hartzeko. Egokitze ariketa bat izan da enetzat. Jendearen intimitatean sartzea izan da, nolabait, eta hori ez da beti erraz»

CAMILLE CHOPINArgazkilaria

«Arazo horren aitzinean, guk ere zailtasunak baditugu konpontzeko. Desmartxa biziki luzeak dira. Etxebizitza pribatuetan gertatzen bada, jabeekin komunikazioa luzea da obrak eskatzeko, eta abar. Etxebizitza sozialetan, alokatzaileak ez dira baitezpada ohartzen, eta arazoa banaka hartzen dute. Usu, etxebizitza sozialetan, arazoa orokorra da, eraikin osoak hezeak baitira. Zaila da kudeatzea». Aldako kideak esplikatu du bi desmartxa badirela, etxebizitza motaren arabera. Etxebizitza pribatua bada, herriko etxeekin edo elkargoarekin harremanetan hasten dira, arazoa erakusten duen txosten bat erakutsiz. Jabearekin ere harremanetan jarri behar dute: «Baina horretan gelditzen ahal da afera, jabeak baitu erabakitzen konponketak egin ala ez». Bestenaz, azken aterabidea da etxez aldatzea. «Etxebizitza sozialen kasuan, ezin dira etxez hain errazki aldatu. Duten bizilekua lortzeko jadanik denbora anitz itxoin behar izan dute... Horrelakoetan, erantzun kolektiboak dira indartsu eta garrantzitsuenak. Gure aldetik herrietako higiene eta segurtasun zerbitzuekin harremanetan egoten saiatzen gara. Baina, beti bezala, ez da erraza».

Auzolanaren indarra

Argazki erakusketa, gaur abiatuko den Auzolan asteburuaren karietara antolatu dute. «Asteburu hau Aldak aldarrikatzen dituen borrokak plazaratzeko egiten dugu: alokairuen mugatzea, iruzurreko alokatze kontratuen kontrako borroka, etxebizitza sozialen trukaketa, konpentsazio legea... Gainera, 2026ko hauteskundeei begira badugu zer egin. Etxebizitzaren gaia ez da usu agertzen programetan; alta, jendartean duen pisua ikusiz, agertu behar luke». Asteburuan animazioak, hitzaldiak, argazki erakusketa, kontzertuak eta ganer huste bat izanen dira, besteak beste. Orotara, berrogei bat elkartek parte hartuko dute.

Aurtengo aldian bi amabitxi izanen dira: Itziar Ituño aktore basauriarra, eta Cecile Duflot Frantziako Etxebizitza ministro ohi eta Oxfameko zuzendaria. «Ituñok duda izpirik gabe onartu zuen ekitaldiko gazama izatea; badu etxebizitzaren inguruko jarrera biziki argia, eta, gainera, biziki ezaguna da. Duflotek ere, bere garaian, alokairuaren mugatzeari buruzko hainbat lege pasarazi zituen».

Gaur arratsaldean hasiko da bi eguneko egitaraua. 19:30ean, Mundu guziko alokatzaileek bat egin ezazue! antzerkia jokatuko du Bruselako Front Anti-expulsion taldeko Sarah de Laetek. 23:00ak arte, animazioak, musika, jatekoa eta edatekoa izanen dira Patxa plazan.

Bihar, hiru hitzaldi iraganen dira Baionako IUTan, Europan etxebizitza saileko borroken gainbegirada, Europako talde militante batzuekin. Ondotik, Etxebizitza: zein desafio herrietako bozetan? hitzaldia emanen dute Emmanuelle Cossek, Peio Dufauk, Marie Huibanek, Gaelle Vincensek eta Christophe Robertek. Eta, bukatzeko, Alokairuak: egun batez mugatuak, betikotz mugatuak hitzaldian parte hartuko dute Iñaki Etxanizek, Jean-Rene Etxegaraik, Barbara Gomesek, Malika Peyrautek eta Aurelie Trouvek.

Ganer hustea izanen da egun osoan, baita elkarteen herrixka ere. Chopin eta Fauveauren argazki erakusketaz gain, Gau Txoriak mural bat eginen du zuzenean. Haurrentzako animazioak eta emanaldiak izanen dira, eta eguna bururatzeko, 19:00etatik goiti kontzertuak izanen dira Patxa plazan: Zea Mays, Tapia eta Leturia, Becano Banda, Elektruka, eta DJ setak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.