Batzuetan burua hanturik iratzartzen naiz. Gorputza jaikitzera bortxatu eta oroitu: ardura berezi bat tokatzen zait, hilabetero bezala. Zein izanen da ene gaurko ibilbidea? Zer izanen dut eskura? Bilkura bat, bide luzea edo festibal batera joan behar dudan aldi guziz bezala, ez dela momentu egokienean tokatu pentsatzen dut.
«Uf», tripa zola orroka hasi zait. «Uf». Oraingoan kezkarena. Aspaldi ez naiz komunera joan, aro da. Diskretuki zorroa eta ur botila hartu. Usaian baino denbora gehiago hartuko dut baina kopa aldatzean ez naizeno nahi gabeko tinda saioan hasten, berdin du.
«Uf». Tatxarik ez, lasaitua. Aztarnarik ez dudala uzten segurtatu, eta segi lanera. Tarte horretan desagertu ez banintz bezala, ondoko lankideari lanari buruzko galdera bat pausatzen diot.
Egunero zenbat jendek desagerrarazten du bere gorputza espazio publikotik? Eguneroko gorputz-isiltze ahalegin horiek oroitarazten digute nork pentsatzen dituen eraikinen eta lanaren antolaketak. Badira normalean oso guti egokitzeko beharra dutenak. Horien kontra borrokatzea baino gehiago, normalak ez diren gorputzek zer eta nolako antolaketak pentsatuko lituzketen asmatzea gustatzen zait.
Ze plazera hartzen dudan komunean sartu eta aztarna gorri bat ikusten dudanean: hilabetekoak gordetzen ahalegintzen naizen bitartean, miresten dut zuk erakusteko izan duzun ausardia! Pentsatzen jarrita, antolatzen ditugun ekimenetan komunek zurrutak ukaitea mundua ikuspegi anitzetatik eraikitzen hastea litzateke.