Hogeigarren aldian, geroari so jarriko dute Miarritzeko Lurrama azoka, gaurtik igandera arte, Irati gelan. «Bihar ere laborari» gaia hautaturik, antolatzaileek datu batzuekin erakutsi dute geroari pentsatzea arrangura iturri izan daitekeela: nahiz eta Ipar Euskal Herrian laborantzan hasten direnen datua beste eskualde batzuetan baino hobea izan, argi dute desafio bat dela etxalde kopurua mantentzea. Urtero ehun instalazio badira, eta horietarik %75etan 40 urtez peko laborariak dira. Baina 2010etik 2020ra etxaldeen %15 desagertu dira; 1970etik 2020ra arteko arteko datua hartuz, etxaldeen %57 dira desagertu.
2022an plantatu zirenetan zen Kleina Salaberri gaztea: Ainhize-Monjolosen ari da, ardi burugorri eta behi esnedunekin. Harentzat, ezinbestekoa da aurtengo gaia lantzea: «Gai biziki inportantea da. Ongi da oraingo laborantza erakustea, baina behar da geroari ere pentsatu», adierazi du. Laborarien parte handi batek 50 urtez goiti dituen honetan, Salaberrirentzat arrangura iturriak ez dira eskas: «Familiaz kanpo plantatu nahi dutenak lurrak xerkatzen ari dira, etxalde anitz segidarik gabe izanen dira...».
Gogoetak geroaz
Gai nagusiaren haritik, hainbat eztabaida eta mahai inguru anitz antolatuko dituzte. Atzo, hitza eman zitzaien Euskal Herriko zenbait instituziori, aztertzeko bakoitzak nolako instalazio estrategia plantan ezartzen duen elikadura burujabetza segurtatzeko. Gaur, 17:00etan, kalitatezko sor-marken inguruko gogoeta plazaratuko dute Ezpeletako piperra, Ossau-Irati, Idiazabalgo gasna, Euskal Sagardoa eta Erronkari marken ordezkariekin. Oren berean, beste mahai inguru bat izanen da laborantzan plantatu diren Euskal Herriko zenbait jenderen lekukotasunekin; horien artean izanen da Elena Agerre baxenabartarra, aurtengo Lurramako ugazama, eta Iñaki Intsausti gipuzkoarra, Lurramako ugazaita. Haien inguruan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan plantatu diren laborariak izanen dira.

Biharko mahai inguruetan, bestalde, Euskal Herriari begira jarriko dira hainbat hizlari, gai anitzen inguruan: 11:00etan, Elikaduraren erronka Euskal Herrian hitzaldia emanen dute; 15:00etan, Nola ikasi laborari bilakatzen hitzaldia izanen da, eta beste gela batean, berriz, Lurra laborarien lan tresna. 17:00etan, laborarien ongizatea aztertuko dute hainbat herrialdetako eragileek. Salaberrirentzat, inportantea da «geroa aipatzea eta aterabideak atzematea» jokoan denak ez baitio bakarrik laborantzari eragiten: «Beldur naiz herriak hustuko direla laborantzan ez baldin bada segidarik. Espero dut kanpoko edo hemengo gazteak plantatuko direla eta herriak bizirik atxikiko ditugula».
Besta eta gastronomia
Gogoeta bai, baina laborantza herrikoiak eskaintzen dituen mozkinak ere azokaren erdigunean izanen dira, urte oroz bezala. Ostiral honetako bazkaria Donibane Garaziko ostalaritza lizeoko ikasleek prestatuko dute, Donapaleuko Xibiouz Deli jatetxeko sukaldariarekin. Afaria, berriz, Donostiako Cebanc eskolako ikasleek prestatuko dute, Donostiako Aratz jatetxeko Xabier Zabaletarekin. Bihar, lekuko mozkinez osatu menuak izanen dira eguerdi eta arrats; igandean, sukaldeburu andana batek prestatu bazkari berezia izanen da, aitzineko urteetan bezala.
Hiru egunetan, apairuetako menuetatik kanpo ere atzematen ahalko dira Euskal Herriko mozkinak, hiru ostatutan: matahami, ardo eta garagardo ostatuetan, hain zuzen. Azken horretan osoki Ipar Euskal Herrian egin garagardoa salduko dute, eta, gisa horretan, Herriko Garagarnoa sailari abiatze ofiziala eman. Aurten, kanpoko eskualde baten partez Euskal Herria bera izanik gomita, merkatu zabala ere izanen da hiru egunetan. Antolatzaileen hitzetan, «azokak mugaz gaindiko dinamika bat sortu nahi du sor-marken inguruan, Ipar Euskal Herriko lau sor-marka enblematikoei balioa emanik eta Hego Euskal Herrikoekin trukeak bultzaturik».
Bistan da kabalen erakusketa ere eginen dela, tokiko arrazekin bereziki, eta ohiko tailer eta hitzaldi tematikoak ere izanen direla asteburu osoan. Besta giroak eman dio Lurramari fama berezia bi hamarkadaz, eta kontzertuak, dantza emanaldiak eta bestelako ikuskizunak ez dira faltako aurten ere.
Ordutegiak, autobus txartelak eta informazio gehigarriak www.lurrama.org helbidean dira.