Ingurumena hondatuz doan heinean sufritzen dute suhiltzaileek. Aurten, berotearen ondorioz, idorteak eta batez ere suteak luzeak eta gogorrak izan dira haientzat. Suhiltzaile profesionalen intersindikalak adierazi du egoerari aurre egiteko giza baliabideen eta ahalmen materialen eskasa pairatu dutela. Beraz, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako suhiltzaile profesionalek greban sartzea erabaki zuten. Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroarekin bilkura egin ondotik, intersindikalak kontsideratu zuen nahikoa erantzunik ez zaiela eman, eta mobilizazio masibo baterako deia zabaldu zuen segidan: irailaren 29an izanen da, Parisen.
Intersindikala bederatzi sindikatuk osatzen dute Frantzian. Salatu dute, adibidez, azken urteetan klima aldaketari lotutako larrialdi kopuruak azkar ugaritu izanik ere, suhiltzaile profesionalen kopurua ez dela behar bezala emendatu. Ipar Euskal Herrian, hiru sokorri zentrotan jarduten dute suhiltzaile profesionalek: Angelun, Donibane Lohizunen eta Hendaian (Lapurdi). Laurent Lafargue Angeluko suhiltzaile profesionala eta UNSA sindikatu autonomoko kidea da. Euskal Irratien uhinetan mintzatu da, greba mugimenduaren nondik norakoak hobeki azaltzeko. «Gaur egun eskura ditugun langileak eta baliabide materialak ez dira nahikoa. Suhiltzaile profesionalak ez dira behar bezala kontratatzen, eta ekipamendua zaharkitua dugu», azpimarratu du Lafarguek. Oro har lan baldintzak desegokiak direla salatu du, eta gaineratu osasunaren jarraipen hobea behar dutela suhiltzaileek.
«Gaur egun eskura dugun langile kopurua eta baliabide materialak ez dira nahikoa. Suhiltzaile profesionalak ez dira behar bezala kontratatzen, eta ekipamendua zaharkitua dugu»
LAURENT LAFARGUEÂ Angeluko USNA sindikatuko suhiltzaile profesionala
Uda honetako sute luzeen aurka babestu eta borrokatu nahi badute, beharrezkoa dute osasun mental eta fisikoaren jarraipena, eta gaur egun eskas dute. «Boluntario asko dira, eta aurten ikusi dugu ez dela suhiltzaile profesional aski zuzenki suteetara eramateko. Lanaren gogortasunaren berri izan dezatela eskatzen dugu, horrek langileen arraberritze gehiago ekarriko lukeelako suhiltzaile profesionalen artean». Bestalde, Lafargue etorkizunerako kezkatua agertu da, berotze klimatikoak areagotu egiten dituelako tratatu behar dituzten larrialdiak, kopuruz eta neurrian. «Denok pentsatzen dugu geroz eta maizago gertatuko direla horrelako beroaldiak, eta, horrekin batera, idorteak eta suteak. Gaur egun, suteak berehala hedatzen dira, eta neurri handikoak bilakatu».
Atzoko greba mugimenduan, Nuñez Frantziako Barne ministroarekin bildu ziren intersindikaleko ordezkariak. Baina, bilkuraren ondotik iragarri zutenez, arrapostu eta aterabide zehatzik ez dute lortu. Ondorioz, suhiltzaileak irailaren 29an berriz mobilizatuko direla abisatu dute, baliabide eta laguntza gehiagoren eskatzeko. Mugimendu handiena Parisen izanen dela aurreikusi dute, elkarretaratze masiboa prestatuko baitute.