Abenduaren 28an, urte bat beteko da egun historikoa hitzak baliatu genituenetik. Egun historikoa bai, baina ez denentzat, azkenean.
Gaur egun oraindik, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako pilotariek ezin dute nazioarteko pilota txapelketetan parte hartu, nahiz eta hegoaldeko pilotariekin identitatea eta kultura partekatu. Espainiako kirol lege aldaketak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako herritarrei bakarrik baimendu die nazioartean aritzea, baldintza batzuekin gainera: espainiar nazionalitatekoa izatea, espainiar pasaportea ukaitea, eta azken 36 hilabeteetan EAEko probintzia batean bizitzea.
Baina nora goaz? Zergatik baldintza hauek? Hori dela eta, Iparraldeko eta Nafarroako pilotariak, euskal nortasunekoak, nazioartean beren lurraldea ordezkatzeko eskubiderik gabe gelditu dira. Egoera honek bazterkeriak sortzen ditu, Euskal Herria bere osotasunean hartzea ukatzen baitu, eta haren kirolari guziei zilegitasuna kendu.
Iparraldeko eta Nafarroako jokalariei ateak irekitzea garrantzitsua da: berdintasuna eta kohesioa nagusitu behar dira. Martxel Toledo Garmendiak berriki BERRIA egunkarian idatzi duen bezala, «Euskadi bai, Euskal Herri ere bai».
Hala ere, aipatzekoa da Euskadiko selekzioak bere lehen nazioarteko lehiaketetan parte hartu duela. 2025eko ekainetik, jadanik bost lehiaketatan parte hartu du, azkena orain bertan jokatzen ari dena, Bilbon. Euskadiko jokalarien presentzia arrunt normalizatua den heinean, nork pentsatzen du bazterrera egon direnei? Nork pentsatzen du Iparraldeko eta Nafarroako pilotariei?
Sare sozialetan, Argentinan iragan zen 22 azpiko mundialean parte hartu zuten bi pilotarik hitza hartu dute, eta hau erran: «Iparraldekoa zarelarik (…) Frantziako selekzioan aritzeko aukera duzu bakarrik». Mingarria benetan, horren gibelean buru-belarri borrokan ari direnentzat.
Jendeak ba ote daki, iparraldean zein hegoaldean, hamalau pilotarik, neska eta mutiko nahasirik, Frantziako eta Espainiako selekzioari uko egin ziotela? Jakinez gainera, hainbat lehen mailako zein profesional mailako txapelketak irabazten dituztela, anonimotasunean.
Iparraldeko eta Nafarroako pilotari guziei gure mugimendua segitzeko dei egiten diegu. Uko egin diezaiegun denek elkarrekin, Frantziako eta Espainiako ikurrak errefusatzeko eta anonimotasun horretarik ateratzeko.
Nekeziak jasan eta kolpe gogorrak hartzen baditugu ere, aitzina segituko dugu. Ahalik eta jende gehienari kontzientzia pizten saiatuko gara. Ez dugu amore emanen, eta gure borrokak aitzina segituko du. Denen beharra dugu!