Marieneko lurren defentsa «zilegia» dela argudiatu du bi auzipetuen defentsak

Lurzaindiko kide bat eta ELB sindikatuko beste bat Baionako auzitegira deituak ziren gaur goizerako, ardiak eta borda bat plantatzeagatik. Irailaren 1ean jakinaraziko dute deliberoa.

Marieneko aferan epaituriko bi kideren aldeko elkarretaratzea, Baionako auzitegi aitzinean, agorrilaren 4an. PATXI BELTZAIZ
Marieneko aferan epaituriko bi kideren aldeko elkarretaratzea, Baionako auzitegi aitzinean, agorrilaren 4an. PATXI BELTZAIZ
Baiona
2026ko abuztuaren 4a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marieneko lurra beste hilabetez biziko da. Bertako ardi tropak eta astoak hango lurra beste hilabetez entretenitzen ahalko dute. Tarte horretan, plantatu zuten zurezko bordak zutik iraunen du. Ekosistema horrek guztiak denbora irabaziko du, eta hori funtsezkoa izango da Kanboko (Lapurdi) Herriko Etxeak Bouygues Immobilier higiezinen promotorearekin negoziatzen duenean. Astearte goiz honetarako Baionako auzitegira deitu zituzten Lurzaindia elkarteko eta ELBko bi kideekainean ardi tropa bat, asto bat eta zurezko borda bat plantatzeagatik. Berehalako prozedura zenez, urgentziazko kasua zela pentsa zitekeen. Baina erantzuna irailean emanen dutenez, ekintzaren eta deliberoaren arteko epeak argi utzi du leporatzeen larritasuna ez dela hainbesterainokoa. Defentsak argumentu hori azpimarratu du.

Goizeko bederatzietako elkarretaratzera hurbildu dira CADEko, ELBko, Lurzaindiko, Ostiako eta Nahi Dugun Herria-ko 50 bat militante. Auzitegiko kanpoaldea obretan dela eta, hesietan «Lurraren alde, espekulazioaren kontra, Marienea landatu» zioen banderola jarri dute, hamar bat jendarmeren zaintzapean. Colbertek eta Sallagoitik jarritako salaketak berehalako prozedura izatea eragin du, eta haien abokatuaren hitzaldiarekin hasi da auzia. Hark hainbat aldiz erran du Marieneko lurren defentsaren kausa «zilegia eta errespetagarria» zela, baina eztabaidaren muinak ezin zuela hori izan. Haren ustez, jabetza eskubidea «hunkiezina» da, eta horrelako ekintzek «ezin dute zuzenbide estatua arriskuan jarri». «Printzipio afera» dela azpimarratu du behin eta berriz, eta hirigintza eskubidea, giza eskubideen adierazpen unibertsala edota Winston Churchill izendatu ditu, frogatzeko lurraren defentsarako borrokak ezin duela justifikatu ardi tropa, astoa eta borda han plantatzea.

Ingurumen eskubidea

ELB sindikatuko defentsarako, Anne Marie Mendiburuk eztabaidaren fokua aldatu du. Harentzat, argiki «jendarteko eztabaida» da, laborantza mundua eta ingurumen erronkak hunkitzen dituenak. Ingurumenaren babesteko beharra eta ardura aipatu ditu, baita Frantziako Estatuko 2004ko ingurumen araudia eta Konstituzioa ere. Hau da, Mendibururen ustez, ingurumen eskubidea jabetza eskubidea bezain garrantzitsua da, edo are garrantzitsuagoa. Marieneko jabeei «etekin pertsonalak eta espekulazioa sustatzea» leporatu die, eta erran laborantza lurrak gutitzen ari diren garaiotan interes orokorrekoa dela ingurumenaren babestea, halako lurrak behar-beharrezkoak dira eta. Gainera, zehaztu du jabetza eskubidea ez dela eskubide absolutua eta urratua dela maiz, desjabetze kasuetan, adibidez.

Oroitarazi du Marieneko lurrak laborantzarako erabiliak direla betidanik, eta gaur egun ere horrela segitzen dutela. Izan ere, bertako pentzeak ustiatzen zituen laborariak PAC Europar Batasuneko diru laguntzak eskatu ditu 2025 eta 2026 urteetarako, lur horietan lan egiteko gisan. Hala, abokatuak adierazi du «presazkoa zela goaitatzea», eztabaidei aurrera egiten utzi behar zaiela eta tarte horretan ardiek lurren entretenitzea segurtatzen dutela, nehori eta ezeri kalte egin gabe. Ondorioz, leporatze guziak ezeztatzea galdegin dio auzitegiko lehendakariari, baita ere kabalen kanporatzea agindua bada baldintza duinetan egin dadin, «ingurumenaren sufrikarioari animalien sufrikariorik ez gehitzeko».

Horrez gain, tokiko hautetsien engaiamendua azpimarratu du Mendiburuk. Lehendakariari Peio Dufau diputatuaren, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren, Peio Etxeleku Kanboko auzapezaren eta Mizel Iribarren Itsasuko auzapezaren testigantzak helarazi dizkio. Elementu garrantzitsuak barnebiltzen dituzte: Iriartek Kanboko herriko PLUI hirigintza planoa berrikustekoa zela gogoratu du, eta Etxelekuk Bouygues promotorearekin eztabaidan dela baieztatu du, batez ere higiezin proiektua herrian gaindiko beste leku batean gara dezaten, eta ez laborantza lurretan. Azkenik, Iribarren Itsasuko auzapezak dosierreko «inkoherentzia» bat nabarmendu du; izan ere, Marieneko lurren alboko lurrak, Itsasuko herrian kokatuak, ez dira eraikigarriak.

Maryse Cachenaut Lurzaindiako kidea, agorrilaren 4ko epaiketaren ondotik. PATXI BELTZAIZ
Maryse Cachenaut Lurzaindiko kidea, agorrilaren 4ko epaiketaren ondotik. PATXI BELTZAIZ

Ardiak, trabagarriak

Mendiburuk Marieneko lurretan gertaturiko beste zerbait bat seinalatu du: martxoan, lurraren defentsaren aldeko militanteek landatu zuten garia osoki erre zen. Herri mugimenduko eragileek «betointzearen aldekoei» egotzi zieten sabotaje ekintza. Orduan, Salagoitik eta Colbertek ez zuten salaketarik aurkeztu. Hori dela eta, abokatuak ez du ulertzen zergatik diren traba bertan diren ardiak.

Alain Larrea Lurzaindiko abokatuak ardien funtzioa azaldu du. Adierazi du lurraren entretenitzea segurtatzen dutela kalterik egin gabe. Gainera, Larrea urgentziazko prozeduraz harritu da, ikusiz ez dela bat-bateko lanjerik eta nehork ez duela lekua okupatzen artaldeaz eta astoaz gain. Bestalde, azaldu du Lurzaindiko kide baten epaitzea ezinezkoa zela, justiziako agintariaren dosierrean pertsona moral bat ez delako ageri; ondorioz ezin dela epaitu dio Larreak. Lurzaindiaren rola gogoratu dio lehendakariari, Ipar Euskal Herrian 35 laborari laguntzen dituelako, eta 486 hektarea laborantza lurretarako atxikitzea segurtatu baitu.

«Auzi honek eta Marieneko aferak eskubide pribatuaren kontuak gainditzen ditu. Ez da urgentziarik, ez eta lanjerik ere. Denek oso ongi dakigu ardi tropa batek eta asto batek ez dutela lurra andeatzen»

MARYSE CACHENAUT Lurzaindiko kidea

Epaimahaiak erran du irailaren 1ean jakinaraziko duela deliberoa. Anartean, laborantza lurren aldekoek hilabeteko tartea irabazi dute. Hala azaldu die epaiaren ondotik Maryse Cachenaut Lurzaindiko kideak auzitegiaren aitzinean zeuden militante andanari. «Auzi honek eta Marieneko aferak eskubide pribatuaren kontuak gainditzen ditu. Ez da urgentziarik, ez eta lanjerik ere. Denek oso ongi dakigu ardi tropa batek eta asto batek ez dutela lurra andeatzen», argi utzi du Cachenautek. Marieneko aferari buruz, erran du «partida bat» besterik ez dela «Marieneko partida luzean». 

Deia berriz luzatu dio Peio Etxeleku Kanboko auzapezari, eztabaidak segitu ditzan Bouygues promotorearekin, Marieneko proiektua bertan behera utz dezan. Bertaratu diren lagunak eta kideak eskertu, ondoko mobilizazioei adi egoteko erran, eta orain arte jasotako sustenguak aurrera segitu behar duela azpimarratu du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA