Marieneko lurretan egindako ekintza batengatik epaitegira deitu dituzte ELBko kide bat eta Lurzaindiko beste bat

Salagoiti eta Colbert jabeek salaketa jarri zuten, ardiak eta zurezko borda bat plantatu zizkietela eta. CADE elkarte ekologistak, ELB sindikatuak, Lurzaindiak, Ostiak eta Nahi Dugun Herria oposizioko taldeak elkarretaratzera deitu dute astearte goizeko.

Ardiak Marieneko lurretan, ekainaren 10ean. PATXI BELTZAIZ
Ardiak Marieneko lurretan, ekainaren 10ean. PATXI BELTZAIZ
2026ko abuztuaren 3a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ardiek Colbert eta Salagoiti jabeak gaitzitu dituzte. CADEk, ELBk, Lurzaindiak, Ostiak eta Nahi Dugun Herriak komunikatu bateratu batean azaldu dutenez, «haizu ez den jabetza baten erreibindikatzea» salatu dute Marieneko jabeek. Hots, ekainean artalde bat eta zurezko borda bat jarri zituzten bertan militanteek. Astearte honetan, goizeko bederatzietan, Baionako auzitegira deituak dira ELB sindikatuko kide bat eta Lurzaindiko beste bat, orduz-ordu berehalako prozedura bati erantzuteko. Tenore hartako, elkarretaratzera deitu dute militanteek, jabeen «diru gosezko logikari amore ez emateko». 

Alta, uztailaren 17an, elkarteak baikor agertu ziren Marieneko lurren etorkizunari begira. Bakoitzaren eginkizunak eta militanteen inplikazioa goraipatu zituzten. Marieneko lurrak laborantzarako badira egindako ekintzei eta mobilizazioei esker direla azaldu dute kolektiboetako kideek. «Lurraren defentsaren aldeko talde eta elkarteen ekinaldirik gabe, halakorik ez zen gertatuko», errepikatu zuten. Bestalde, lurraren jabeen eta garai hartako hautetsi batzuen arteko «laguntasuna» salatu dute, horregatik behin baino gehiagotan trabak ekarri dizkietelako bertako militanteei. Orain, Kanboko Herriko Etxe berriak eztabaidak antolatu behar ditu proiektuaren ezeztatzeko baldintzei buruz.

Traba judizial berria

Astearte honetarako deialdia aitzin, lurraren defentsarako militanteek argi zuten «partida ez dela oraindik bukatua». Oraingo traba honek gogora ekartzen ditu aurretik pairatu dituzten errepresio eta kriminalizazio neurriak. Iaz, atxiloketak, gibelapenezko zigorrak eta isunak ezarri zizkieten Ostiako hiru militanteri, Christian Deveze garai hartako Kanboko auzapeza lurrera erori zeneko gertakariengatik. Kolektiboek dei bateratua egin dute, beraz: «Iraun behar dugu, eta oraindik epe labur bat gelditzen zaigu irauteko».

Anartean, lurraren defentsarako kideek zehaztu dute Salagoiti eta Colbert jabeek «okupatzaileen kanporatzea, arditegiaren desegitea, pentzea eta hesiak lehengoratzea eta ikus eremua garbitzea» eskatu dutela. Gainera, erran dute arriskua dagoela eguneko 150 euroko behin-behineko isuna ezari diezaieten atzerapen egun bakoitzeko.

Beste problema batek zintzilik dirau oraindik ere, hau da, Kanboko (Lapurdi) herriko hirigintza planaren osaketak. Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, erabaki hori ez dagokio Kanboko herriari bakarrik. Ekainean, Maryse Cachenautek erran zuen «bizpahiru urte» beharko direla dokumentu administratibo berriak bozka ditzaten. Anartean Alain Iriart elkargoko lehendakariarekin biltzekoak ziren, baina berririk ez dago oraingoz. Gainera, gaur egungo hirigintza proiektuaren kontra abiatutako bataila juridikoa ez da osoki bukatua, Frantziako Estatu Kontseiluak eraikitze baimenari buruzko erabakia eman behar baitu oraindik. Alde horretatik ere afera politikoki konpontzeko bidea irekia dela dirudi. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA