Azken asteetan, mundu osoa dabil Frantziako Estatuari begira. Guk, gureari so egonez gero, bagenuke aski errateko. Oroitzen ditut gu lizeoan gineneko garaiak. Hiru eguneko blokeo saiakera batzuk egonen ziren, irakasle batzuen iritziz azken hamabost urteetan urtero gertatu ohi den bezala. Aurtengoa ikusirik, sentsazio desberdinak iritsi zaizkit. Hasieran, adinagatik gazte horiengandik urrunegi izatearena eta, aldi berean, guk haien adinean halako mugimendu bateratu batean parte hartu ez izanaren damua. Urruntasun sentsazio hori aski fite aldendu zait barnetik. Aski fite iritsi dena ez baita zikinontziak erretzen dituzten gazteen kontrako kondena, baizik eta nahi ez dugun mundu eta gizarte baten kontra egiten duen ororen kondena. Ongi ikusi dugu azkenean nola batu garen hainbeste, nola elkartu garen denak, gazte horiek egindako lehen urratsari esker. Badakigu, beraz, sekula baino hurbilago garela eta izan behar dugula. Halere, uste dut, guregandik nahiko gertu uste ditugun batzuek ere, garbitasunaren zepoan sarturik, zalantzan jarri ditzaketela gainetik fermuki salatu diren jokamoldeak.
Alta, zikinontziak, berriz ere, aitzakiak baizik ez dira.
Historian zehar, ez da eskubide handirik lortu txintxo egonez. Ez da aldarri handirik entzun batukada alaien bidez, eta nehor ez da botere abusuetatik atera jarririk egonez.
Beraz, nehor ez dadila tronpatu, «istilu» deitzen dituzten horiek sekula baino argiago den gainekoen jarrera zapaltzailearen ispilu baizik ez dira.