Ttipidanik euskal dantzaren munduan murgildua da Teija Corret larresoroarra (Larresoro, 2005), eta, ikusgarriz ikusgarri, jantziarekiko interesa piztu zitzaion. Hartaz geroztik, Cannesera joatea erabaki zuen eszena jostunaren hiru urteko formakuntza egiteko. Formakuntza hartan hainbat mendetako janzkerak landu zituzten, baina neska gazteak euskal kulturan bideratu nahiko lituzke bere jostun lanak. Euskal Herrira itzuli da irail honetan, Teija Corret formakuntza eskuetan.
Nola hasi zinen jostun lanari interesatzen?
Ttipitatik ari naiz euskal dantzan. 6 urterekin hasi nintzen Arbonako Primadera taldean, eta hortik jantziak ikustea, ikusgarrientzat janztea, ikusgarriak egitea anitz gustatu zitzaidan. Horri segi, jostun klaseak hartu nituen Kanbon Orratzetik Hari elkartean, eta horrek piztu zidan gogoa euskal kulturan sartzeko ditugun sinbolo guztiak lantzeko. Ihauterietan, adibidez, ikusten dugu jantzi misteriotsu anitz ditugula sinbolo anitzekin. Beraz, horren lantzeko Cannesen formakuntza horren egitea erabaki nuen jantzien lanketa historikoa eta sinbologiak nola lantzen eta gauzatzen diren ikasteko.
Zer proiektu dituzu?
Momentuko, konponketak edo jantzi berriak egiten ditut dantza taldeentzat. Helburua dut hainbat taldetan lan egitea, behar bat baita jantzien josteko. Garai batez, talde bakoitzak bere jostunak zituen, baina, praktika hori galtzen ari denez, eta jostun geroz eta gutxiago direnez, behar bat bada elkarteetan. Horrez gain, badiren jostunek ez dakite bortxaz zein diren pertsonaien sinbologiak ala errespetatu behar diren kodeak. Horrek eragiten duena da argazkien bitartez sortzen direla jantzi batzuk, baina horien sinbologiaz, funtzioaz desloturik. Azkenean, jantziaren erranahia bazter uzten da, ez baita pentsatzen jantzia nondik heldu den, ala zergatik manera berezi batez egina den.
Hortaz, elkarteen erronka bat dela erran dezakegu informatze beharra. Informazio hori existitzen da, baina horren bila joan behar da, Interneten ez baita gauza ugari atzematen. Baina ihauterien inguruan ari diren jende batzuei galdeginez edo Maritzuli konpainiarengana joanez lortzen ahal da. Nire lanerako, adibidez, antropologo batzuen lanetan ere oinarritu naiz Thierry Truffauten lanak bezala. Hortaz, nire lehen proiektuak edo lehen urratsak izanen dira ihauterietako pertsonaien inguruan ikertzea, horien nondik norakoak ulertzeko eta ondotik horien josteko.
«Gaur egun gertatzen dena da gehienetan jantziak argazkien bidez ala kopiatuz egiten direla, ikerketarik gabe; beraz, sinbologia galtzen da. Hau da, nondik heldu den, zergatik horrela egiten den eta historikoki nola egiten den galdekatu behar genuke jantzia egin aitzin»
Nahiz eta hainbat kode izan, jantziak berritzeko manera ba ote da?
Bai. Bistan da kodeak errespetatuz jantziak garatzen ahal direla. Baina gaur egun gertatzen dena da gehienetan jantziak argazkien bidez ala kopiatuz egiten direla, ikerketarik gabe; beraz, sinbologia galtzen da. Hau da, nondik heldu den, zergatik horrela egiten den eta historikoki nola egiten den galdekatu behar genuke jantzia egin aitzin. Gainera, lan hori egiteak ez du kentzen norberak berrikuntza bat ekar dezakeela jantzia eguneratzeko. Kontrakoa, jantziaren zentzua indartzen du. Finean, jantziari sinboloak kentzeak pertsonaiari bere funtzioa kentzea dakarrelako, estetika sinple batean eroriz eta, beraz, folklorizazioan sakontzeko arrisku gehiago ekarriz.
Zure lehen proiektuak ihauterien inguruan izanen direnez, zein dira interesa pizten dizuten pertsonaiak?
Betidanik erakarria izan naiz Kotilun gorriaz, ez dakit zergatik. Baina ttipitan beti ikusten nuen ihauterietan, eta geroago, Primaderarekin sartu ahal izan naiz pertsonaia horretan. Anitz maitatu nuen alde biziki misteriotsua duen pertsonaia baita. Horregatik, nire diplomaren lortzeko ebaluatua zen proiektua Kotilun gorriari buruz egin dut. Nire helburua izan da, lehen aipatu bezala, pertsonaia horren inguruko ikerketak egitea eta haren sinboloak lantzea. Kotilun gorria Lapurdiko ihauterietan ateratzen den pertsonaia bat da. Haren funtzioa neguko izpiritu txarren ehizatzea da primaderari lekua uzteko. Horren egiteko, gerri inguruan dituen xilintxak baliatzen ditu, baita erritmoa markatzen ere gibelean segitzen duten pertsonaia guztientzat. Maiz binaka desfilatzen dute. Garai batean, makila bat bazuten, eta horren puntan behi buztan bat ematen zuten, Baionako harategietan eskuratzen zutena. Horren bitartez, inguruko jendeak usatzen eta beldurtzen zituzten gibelean kokatzen diren Kaskaroten babesteko. Hartzaren inguruan ere nahiko nuke ikertu, hori ere garrantzitsua baita. Indarrean markatzen du neguaren bukaera eta berrikuntzaren ala primaderaren etorrera. Hori bere hibernazioaren bukaerarekin markatzen du. Eta gure pertsonaia nagusietako bat da.
Zergatik dira inportanteak ihauteriak?
Jakin behar da kultura tradizional anitzetan ospatzen den garai garrantzitsua dela, usu manera berdintsu batean ospatzen dena sinbologia aldetik. Joaldunak, adibidez, ihauteri askotan atzematen ahal dira, ber kodeekin, harrabotsa, xilintxen ala ezkilen bitartez. Gizarte batean garai inportante bat dela uste dut, elkargune bat sortzen baita eta hori beharrezkoa baita. Negua maiz bakardadearekin lotzen da, iluntzea goizago etortzen da, hotz egiten du, jendea etxean egoten da. Eta ihauteriekin hori hausten dugu, denak elkartzen gara plazan, alaitasun bat bada, kolorea bada, berpizte bat dela erran dezakegu.