Arantxa Idieder

Kalakaldi ttipi, eragin handi

2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«- Adio, ontsa?
- Bai eta zu?
- Bai, ontsa.
- …»

Harreman sozialen misterioa. Ezaguna, zenbait metrotara duzularik, urrun, holako elkarrizketa labur bezain hutsarekin agurtuko duzu, formulazio automatikoan, hola egin baitugu beti, egiazko erantzuna itxoin gabe. Galdetu diozu ontsa zenetz, baina ez duzu zinezko erantzunik espero. Telefonoko mezuetan bezala «Adio, ontsa? Bidaltzen ahal didazu zure auzoaren zenbakia?». Bidaliko diozu, lehen galderari erantzun gabe. Aldiz, ezaguna, zenbait zentimetrotara duzularik, hurbil, hor hasten da buruhaustea. «Bai, ontsa» esaldiaren ondotik, segida eman behar zaio kalakaldiari. Izerdia, barneen izoztea hasten da, zer erran behar diot orain?

Hauen kritikatzea gustatzen bazait ere, berriz ere kontzeptu bat ekarriko dut hona: small talk, Bronislaw Malinoski antropologoak eskeman jarri zuena. Bi hitz horiekin, elkarrizketa arin eta informala definitzen du, bien arteko isiltasuna hausten duen trukaketa eta gizarte-loturak mantentzeko balio duena, gai sakon edo eztabaidagarrietan sartu gabe. Komunikazio fatikoa da, trukatuko ditugun hitzek garrantzi guti dute, baina ezinbestekoa dugun lotura soziala elikatzeko balio dute kalakaldi ttipi horiek.

Hori idazten dut hemen, berezkoa balitzait bezala, baina testu hau paperera ekartzeko bilaketak eginez deskubritu dut teoria hori. Bide beretik, ele-mele horiek balio dutela konbentzitzen saiatzen dut neure burua. Hitz arin trukaketa horien elikatzea, batzuentzat erraza baldin bada ere, besteentzat norbanakoak duen inprobisazio gaitasunetan konfiantza ukaitea eskatzen du, indarrak hartzea.

Baina batzuetan sorpresak gertatzen dira, elealdi ttipitik abiatzen da gogoeta eta trukaketa sakona. Nonbaitik hasi behar baita. Eta agian hor ukango duzu «ontsa?» galderari egiazko erantzuna.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA