Karabela portugesak eta ostreopsisak Euskal Herriko igerilariak trabatzera itzuli dira

Larrialdi klimatikoa dela eta, aurtengo beroaldi errepikatuekin ur korronte beroak biderkatu dira, bizidunak Euskal Herriko kostaldera eramanez. Itsas bazterrean igerilariak hauekin zauritzen diren heinean hondartzak hetsi behar dituzte.

Bainatze debekua Miarritzeko hondartza batean, iazko uztailaren 25an. GUILLAUME FAUVEAU
Bainatze debekua Miarritzeko hondartza batean, iazko uztailaren 25an. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko abuztuaren 7a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere itzuli dira karabela portugesa eta ostreopsisa. 2021tik landa, bi bizidun hauek Euskal Herriko hondartzetara migratzeko usaia hartu dute. Berotegi efektuaren ondorioz, uraren tenperatura igo da, eta ur korronte beroak emendatu dira Euskal kostaldean. Karabela portugesak medusaren antza du, eta ezin duenez igeri egin, ur beroko korronte horiek dute hona garraiatzen. Karabela bat hunki ondotik, igerilariak erredurak, larruazaleko erreakzioak eta urtikaria sentitu ditzake. Ostreopsisa alga txiki bat da: gizakiari ezinezkoa zaio horren begiz ikustea, eta gehienetan, hunkiz geroz larritasun gutiko gripe sintomak eragiten ditu. Ondorioz, biktima bat baino gehiago uretik ateratzen bada, bertan bainatzea debekatzera behartuak dira hondartzetako zaindariak.

Udako turisten antzera, uztailaren hirugarren astetik goiti azkartu da karabelaren presentzia. Behin baino gehiagotan hondartzak hetsi dituzte: kasua izan da agorrilaren 4an Angeluko Cavaliers hondartzan eta Miarritzeko (Lapurdi) Hondartza Handian. Donibane Lohitzunen edota Getarian (Lapurdi) ere karabelen presentzia obserbatu dute. Egun berean, hortik kilometro batzuetara, Donostiako Kontxako, Ondarretako eta Zurriolako hondartzetan bainatzea debekatzeko bandera gorria jarri zuten ere. Karabela portugesa multzo handian iritsi zen orduan, eta beharrezko baldintzetan bainatzea ezinezkoa bihurtu zen. Ez da lehen aldia aurten Gipuzkoako igerilariak trabatuak direla. Uztaila hastapenetik uraren kalitate eskasak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurrik hartzera behartu zuen. Ondorioz, Zarauzko hondartzan, Debakoan, Mutrikuko Saturraranen eta Ondarbeltzen eta Zumaiako Santiagon bainatzea debekatu zuten egun zonbaitzutan. 

Prebentziorako gomendioak

Baina, karabelen eta ostreopsis algaren presentzia prebenitzea zaila da. Ureko azalean egoten da karabela, eta bere garroak ur azpian atxikitzen ditu. Hauek dute gizakia ziztatzen eta kaltetzen ahal. Ziztatua izan bezain laster, zauria itsasoko urarekin garbitu behar da, eta garrantzitsua da zauria zuzenean ez hunkitzea. Ondotik, animaliaren garroak kendu behar dira, urarekin edo, ahalaz, bizarra egiteko hagunarekin. Hala ere, ziztada biziegia bada edo sintoma kezkagarriren bat agertzen bada, medikuarengana joan behar da. Gomendio ezberdin hauek partekatu ditu Euskal Hirigune Elkargoak, iaztik jadanik ARS eskualdeko osasun agentziak argitaratu zituen informazioen harira.

Ostreopsisaren kasuan, Osasun agentziak hainbat aholku hedatu ditu. «Mikroalgarekin kontaktuan egon diren pertsonek gripearen sintomak izan ditzakete, baina larritasun gutikoak izan ohi dira: eztula, eztarriko mina, sudurreko eta begiko infekzioak, arnasketa arazoak, sukarra, dardarak, giharretako mina, buruko mina eta abar. Sintoma horiek alga hunki eta sei orenera agertzen dira, eta, normalean, hiru eta lau egun artean konplikaziorik gabe desagertzen dira».

Hori dela eta, Lapurdiko hondartza ezberdinen egoera jarraitzeko Kalilo aplikazio sortu zuen 2020an Elkargoak. Hondartza bakoitzeko banderaren kolorea kontsulta daiteke aplikazioan, uraren kalitateari buruzko informazioa ematen du, eguraldiari buruzko datuak eta mareen ordutegiak ere ematen ditu. Bainu lekuen inguruan diren dendei, autobus geltokiei eta osasun zentroei buruzko informazioa azaltzeko balio du ere. Baina, Kalilok karabela portugesaren eta ostreopsisaren presentzia ez du beti seinalatzen edota eguneratzen, kasu batzuetan hondartzak denbora mugatu batean baizik ez direlako hesten.

Bestalde, Nik Hondartzak Gipuzkoan eta Bizkaiup Bizkaian hondartzen egoeraren berri izateko aplikazioak badaude ere. Adibidez, Bizkaiupek hondartzaren edukiera eta itsasoaren egoera koloreen bidez —berdea, horia eta gorria— adierazten dira Bizkaiko kosta irudikatzen duen mapan. Ibiltzeko eta bainu bat hartzeko egokiak diren hondartzak seinalatu ditzake ere.

Fenomeno errepikakorra

Larrialdi klimatikoaren eragin zuzenak dira bizidun hauen migratze handiak. Aurretik erran bezala, ur berotan murgiltzen denez, uraren berotzeak erakarri du animalia hori Euskal kostaldera. Problematika berri honi aurre egiteko, Euskal Hirigune Elkargoak eta osasun agentziak zehaztu dute ostreopsis alga ikertzen ari direla 2022tik geroz. Momentuz, datu zehatzik edo ondorio berezirik ez dute komunikatu. Karabela portugesa dela eta, berriz, ikerketa zehatzik ez da abiatu oraindik: bere presentzia zenbatzea zaila da, ur azalean mugitzen baita. Analizatzea zaila delakoan, zaindariek behatzea begi hutsez baizik ez dute egiten ahal. Goiz guztiz, begiraleak zain geratzen dira zer erabakiko, hondartzak ireki ala ez.

Baina aurreikustekoa da klima larrialdiaren eraginez karabela portugesa zein ostreopsisa berriz agertuko direla datorren urteetan, Euskal Herriko itsasbazter osoan. Fenomeno errepikakorra bihurtuko litzatekeen arren, osasunaz arduratzen diren instituzioen erranen zain gelditu behar dute bainulariek, alternatiba berriak atzeman arte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA