Kolore biziak

Eneko Gorri, Plazara elkartea
2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zein azkar pasatzen den denbora! Duela urtebete izurrite beltzarana kontinente zahar osora hedatzen zen, eskuin muturrak Europako Parlamentuko eserlekuen %25 irabaziz. Bi itzulien artean bazterrak antolatu ziren (Ipar Euskal Herrian ere euskalgintzak agiri bateratu bat atera zuen), baina hauteskundeak pasatu arau, gure ernetasuna bezala, gaitzespen erreakzioak apalduz doaz.

Eta orain zer? Eskuin muturrak bere gerla kulturala segitzen du. Eta ez dezagun pentsa, otoi, Euskal Herria oasi antifaxista denik! Hemen ere Overtonen leihoa zabaltzen ari zaigu: eztabaida publikoan duela zenbait urte pentsaezinak ziren ideia batzuk geroz eta onargarriagoak bilakatzen ari dira, laster hegemonikoak bilakatzeraino...

Azken hiru urteetan Plazara kolektiboarekin sentsibilitate, jatorri eta ibilbide arras desberdineko jende askorekin trukatzeko aukera izan dugu. Proposatzen ditugun formakuntzen bidez, elkarrizketa espazioak zabaldu ditugu Baionako presondegitik herriko etxeetara, bestetatik eskoletako ikasgeletara. Ezin duzue imajinatu zenbat aldiz soportatu behar izan ditugun gure balioak zangopilatzen dituzten ohar tzarrak!

«Kanpotik etorritakoek euskara ahultzen dute». «Gaurko ikastolak sobera irekiak dira». «Gure arbasoen hizkuntza kontserbatu behar dugu». «Baldintza hauetan ezin dugu hizkuntzaren kalitatea bermatu». «Hemen bederen, lortu duzue zuen tradizioak atxikitzen»... Beurk! Zer erantzun, gehienetan euskara ikasteko urratsa ere egin ez dutenek frantses garbian sakatutako menskeriei?

Noski gure herriak parean dituela eraldaketa soziodemografiko sakonak. Eta erran gabe doa ez ditugula herri libreek dituzten tresna instituzionalak erronka hauei erantzuteko. Baina gure arazo guztien jatorrian kanpotik etorritakoak direla pentsatzeak eta sekula existitu ez den iragan bat idealizatzeak badute izen bat: xenofobia eta deklinismoa.

Alferkeria intelektualez, ez gaitezen horretan eror. Ez ditzagun gure isiltasun konplizearekin ideia horiek hedatzera utzi. Batzuetan, badirudi ez dakigula nola erantzun eta nola defenditu gure euskaltzaletasuna. Eta, ondorioz, uzten ditugu lagun faltsu batzuk gure bozeramaile izaten eta euskaltzaletasun toxiko bat zabaltzen. Alta, asko dugu kontatzeko. Herrietako hauteskunde, ikastetxeen ate irekitze, euskaltegien sartze kanpainak... hitzordu inportanteak badatoz. Udazkenean gure diskurtsoak berritzeko lan bat abiatuko dugu. Euskaratik eraiki nahi dugulako Euskal Herri eta mundu libreago, parekideago, justuago, sortzaileago eta askotarikoagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.