Zera entzun dut berriki, espero ez nuen eremu batean: «Aterabidea monarkia da». Boskote baten elkarrizketaren ondoan pasatzen ari nintzela, esaldi hori harrapatu dut, nahi gabean. Kortesia arau guziak hautsiz, nire gorputzak eta tripek gomitatua ez nintzen elkarrizketan sartzea erabaki dute: «Zinez monarkian sinesten duzu?». Serioski ari ziren. Mintzo zena monarkista legitimista zen. «Eta zu zer zara, beraz? Errepublikanoa? Anarkista?». Ez niola erantzun nahi erran diot, ez nuela harekin hitz egin nahi; aitortzen dut berriz ere kortesia arauentzako errespetu guti izan dudala. «Hori bai gauchos baten jarrera», hori izan da haren erantzuna. Gauchos edo gauchiasse hitza, ez dakienarentzat, bereziki eskuin muturrak erabiltzen du «politikoki ezkerrean» kokatzen den pertsona bat mespretxuz epaitu eta iraintzeko.
Monarkiaren kontzeptua defendatzen duenak gizarte eredu ultrakontserbadorea du, tradizionalista, Jainko legeak erabaki erregea «hierarkia naturalaren» gainean jartzen du. Jakin dezazuen, Luis Borboikoak izan behar luke erregea Frantzian monarkia legitimista plantan jarriko balitz; balio du haren Instagram kontua so egitea. Bolloréren hedabideetan ere badu bere lekua tarteka. Anekdota gisa, Luis Borboikoa Francisco Franco fundazioaren ohorezko presidentea da; normala, birraitatxi zuen.
Azken asteetan denbora anitz pasatu dut zenbait minutu iraun duen trukaketa horrekin. Informazio bila, lagunekin aipatu. Tripako mina eta haserrea eragiten baitit.
Arazoa da, niretzat, eskuin muturra gure eremuetan sartzen dela eta sartzen uzten dugula. Aurpegia ematen dute ahalkerik gabe, eta lanjerosak dira. Ideia baztertzaile horiek kutsakorrak dituzte. Ez da hitz egiten ideologia hori defendatzen duenarekin, ez da eztabaidarako oinarririk eta haiekin borrokak eramatea pentsaezina zait, jasanezina. Fineziarik gabe bukatzeko —kortesia arauak, badakizue...— Lambrini Girls punk taldeak bere eszena gibelean handiz idatzi duen bezala: Fuck Marine Le Pen eta Fuck Luis XX.a.