'Laku bat orroka' jartzeko, auzolanean egin dute Herri Urratseko kantua

Haira Aizpurua Ibargaraik idatzi ditu hitzak, «arduraz eta ilusioz». Musikari eta kantari anitzek parte hartu dute proiektuan, eta horren ispilu da Mizel Zamorak egindako doinua ere: hainbat estilo nahasten ditu. Klipa Eñaut Castagnetek egin du.

Herri Urratseko kantuaren aurkezpena. EUSKAL IRRATIAK
Herri Urratseko kantuaren aurkezpena, goiz honetan, Baionan. EUSKAL IRRATIAK
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko martxoaren 5a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herri Urratsen «hari aldarrikatzailea» aitzinera eraman nahi izan du Haira Aizpurua Ibargarai bertsolariak Laku bat orroka aurtengo aldiaren kantuaren hitzetan. «Ikasle mugimendua hunkitzeko manera bat da, eta elkartasuna aldarrikatzekoa ere bai», erran du. Eta hitzetan agerikoa da alde aldarrikatzailea: Frantsesaren meneko esku dardartiak / orri xurian idatzi du 'Baxoa euskaraz!'. Aurtengoa «berezia» izatea nahi zuten antolatzaileek, eta, horregatik, «auzolanean» osatu dituzte kantua eta klipa. «Aurtengo kantua ez du talde jakin batek egin. Artista anitzek parte hartu dute, eta ohore handia da. Kantua Seaskarena da, denena», erran du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. «Aspalditik gure bihotzean egon den proiektu bat da, eta belaunaldien arteko lankidetza baten emaitza». Maiatzaren 10ean ospatuko dute ikastolen besta, Senpereko lakuan (Lapurdi). 

Mizel Zamora musikariak asmatu du doinua, eta eramandako elkarlan horren ispilu dela uste du: «Ipar Euskal Herrian talde eta musikari anitz ditugu, estilo anitzetakoak, eta aniztasun hori islatu nahi genuen kantuarekin. Brass-band estiloa, punka, tradizionala, rapa, elektroa...». Gaineratu du Seaskak «ezagutu dituen eta ezagutuko dituen borroken» bidelagun izateko pentsatua dela kantua, eta horregatik «kantu energetikoa» egin nahi izan duela. Artista anitz entzuten dira kantuan: Nicolas Armendariz, Iñaki Ospital, Julien Labat, Battitt Etxart, Txomin Duhalde, Ximun Garat, Amaiur Koskarat, Bahez taldea, Patxi Casenave, RTZ kolektiboa, Marte Lasarte eta Lide Hernando. «Jende asko dago kantuaren atzean, eta laku bat orroka jartzeko bidea ematen digu indar kolektibo horrek», erran du Rodriguezek. 

Klipa ere berezia da —19:00etan izanen da ikusgai—. Eñaut Castagnet film egileak zuzendu du, eta hori ere belaunaldien arteko elkarlanean eraman dute. «Iruditzen zait hitzek, musikak eta klipak indarra ematen diotela elkarri», laburbildu du. 

Musikari indar berezia eman nahi diote antolatzaileek, eta musika maketen lehiaketa antolatu dute aurten ere. Azken urteetan 70 taldek baino gehiagok parte hartu dute lehian, eta aurten Gar taldeak irabazi du lehiaketa. Jon Garcia musikariari elkarrizketa egin dio BERRIAk: «Izugarria da irabazi izana: Herri Urratsen jo ahal izango dugu, eta sekulako aukera da hori». Izan ere, Nafarroa guneko Badok eszenan emango du kontzertua Gar taldeak. 

Lizeo berria helburu

Geroa eraikiz, laku bat orroka lelopean eginen dute besta. Euskararen kontrako oldarraldiari «erantzuteko orro» bat izatea nahi dute antolatzaileek. Seaskak lizeo bakarra du oraingoz, eta 2027rako Donapaleuko lizeo berria zabaltzea espero dute. Preseski, aurtengo etekinak horren eraikuntzarako erabiliko dituzte. 

Azken urteetan etengabe handitzen ari da Seaska. Duela urte batzuk Lehen Mailan izan zuten garapena, eta ikastola bat baino gehiago ireki zuten; orain, Bigarren Mailara iritsi da olde hori, eta lizeo berri baten beharra agertu dute behin baino gehiagotan, Baionako Bernat Etxepare lizeoa txiki gelditu baita. 521 ikasle dituzte lizeoan gaur egun, eta ondoko urteetan 600 ikasleren langa gainditzea espero dute.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.