Lan absentismoa, hainbat faktorek eragina

Langileen geldialdia ez da soilik neke fisikoaren ondorio bat, Francis Jauregiberri soziologoak dioenez; salatu du geroz eta handiagoa dela digitalizazioak ekarri neke psikologikoa. Eñaut Aramendi sindikalistak, berriz, lan baldintza txarrekin lotu du.

Baionako ospitaleko geriatria zerbitzuko 2023ko greba eguneko mobilizazio bat. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako ospitaleko geriatria zerbitzuko 2023ko greba eguneko mobilizazio bat. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Absentismoa langileen alferkeriari lotzea akats handia da». Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kidearen arabera, langileen geldialdien ehuneko «biziki ttipi bat» lotua da alferkeriarekin. Lan absentismoa terminoaren gibelean tranpa eta nahasmendu anitz direla deitoratu du. «Dena eta deus ez» sar daiteke termino horren gibelean, baina, azken finean, dena delako arrazoi batengatik hartu edozein geldialdi sartzen da absentismoaren portzentajetan. Frantziako Estatuan, IPSOS ikerketen arabera, iazko absentismoa %4,84 izan zen, eta erdiak baino gehiago geldialdi luzeak dira: %2,63. Lanetik geldituak ziren langileen %54k eritasun fisiko bat zuten. Bertzetik, akidurari eta eritasun psikologikoei lotuak dira geldialdien %37. Preseski, apirilean gai hori landu zuten Ipar Euskal Herriko MIG Merkataritza eta Industria Ganberan, Baionan, mahai inguru batean. 

Ipar Euskal Herrian, Baionako ospitalea da enplegatzailerik handiena, 3.500 langile inguru baititu, eta, Marie Claude Cazaban ospitaleko giza baliabideetako zuzendariaren arabera, geriatria zerbitzuan dute absentismorik handiena. Erizain laguntzaileak dira gehien eskasten lanetik, lan «biziki» fisikoa dutelako eta eriak lekualdatzeko karga handia mugitzen dutelako. Ondorioz, Cazabanek higadura fisikoari loturiko geldialdiak kudeatu behar izan ditu gehien-gehienik. Ipar Euskal Herriko sindikatu batzuek geriatria zerbitzuko langileak grebara deitu dituzte azken urteetan, haien baldintzak salatzeko.

«Geldialdi laburrak egiten dituzte, ohartzen baitira bizi duten lan denboraren gainesplotazioaz»

FRANCIS JAUREGIBERRISoziologoa

Absentismoaren parterik handiena lanbideen dorpetasunari lotua bada ere, Francis Jauregiberri Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko soziologoak erran du lanera ez joateko faktore gehiago direla gaur egun. Haren ustez, neke psikologikoa lan eremuko «pandemia» bihurtu da, eta digitalizazioaren hedapenak ekarri «infoxikazioak» eragin handia luke horretan: «Informazioaren metaketa kontrolaezina sortzen dute sistema informatikoek. Lan denboran, mezu elektroniko anitz eta telefono dei anitz dituzte. Azelerazio horrek pentsatzeko denbora gutiago uzten dio langileari». Beraz, neke psikologikoak eta «azaleko lan azkarrek» asegabetasun handia sortzen dute langileengan, Jauregiberrik dioenez.

Neke horietarik patologia psikosomatikoak gara daitezke. Neke profesionalaren sindromeak absentismoaren parte bat esplika lezake, baina horretara heldu aitzin, langileek geldialdi laburrekin babesten dute beren burua, soziologoaren erranetan: «Geldialdi luzera ez heltzeko, geldialdi laburrak egiten dituzte, lanarekiko distantzia hartuz kontziente baitira bizi duten lan denboraren gainesplotazioaz».

%9,3

Ospitaleko iazko absentismoa, ehunekotan. Baionako ospitaleko absentismoa %9,3koa izan zen iaz; neurtzeko urte osoko jarduna kontutan hartzen dute, giza baliabideetako, saileko Marie Claude Cazabanen arabera.

Bide batez, COVID-19aren pandemiaz geroztik, etxetik lana egiteko joera handitu denez, bertze sufrimendu bat agertu dela deitoratu du Jauregiberrik: enpresa gehienek etxetik lan egitearen onurak saldu dizkiete langileei, baina hark azaldu du horrek lan denboraren eta bizi pribatuaren muga lausotu duela. Jauregiberrik egin dituen ikerketa «frankok» erakutsi dute langile gehienek hobenduntasun sentimendu handia dutela, ez zaielako iruditzen etxean lantokian bezainbat lan egiten dutela.

Lan baldintzen okertzea

Patologia fisiko edo psikologikora heltzeko arrazoiak lan baldintza orokorren okertzeari lotu daitezke. Aramendi LABeko eledunaren irudiko, geroz eta langile gehiagok sufritzen dute lanean. Sufrikarioa ez zaio neke fisikoari soilik lotu behar; higadura psikologikoa ere kontuan hartu behar da, Aramendik erran duenez. Zerbitzu publikoetako langileen egoera horren erakusle da, LABeko kidearen arabera. 

Frantziako Estatuko murrizketa aginduek jarrera bortitzak eragin dituzte Ipar Euskal Herriko egitura publikoetan ere. «Duela hilabete batzuk herriko etxe batean —bere lan eremuan— zauritu zen langile bat, eta argi zegoen lan istripu bat zela gertaturikoa, baina egitura publikoak berehalaxe zalantzan eman zuen ea ez ote zen lanetik kanpoko istripu bat», esplikatu du Aramendik. Erran du, langile haren egoera ez ezik egitura publikoetako egoera orokorra ere okertzen ari dela. Testuinguru horretan langileak «bi sufrikario mekanismo» pairatzen ditu: batetik, neke fisiko edo psikologikoarengatik hartu behar izan duen geldialdia, eta, bertzetik, hierarkiak ukaturiko istripuaren ondorio psikologikoak. 

«Oso garrantzitsua da antolatzea eta borrokatzea. Luzaz lan istripuak fisikoak diren lanekin lotu izan badira ere, geroz eta jende gehiagok sufritzen dute ardura postuetan eta administrazioan»

ENAUT ARAMENDILAB sindikatuko eleduna

Horren ondorioz, lan istripu «anitz» dudan ematen dira, enpresak gehiago pagatu beharko lukeelako langilearen kalte ordaina. Enpresak lortzen badu istripua «lanetik kanpoko arrazoi» batengatik justifikatzea, gutiago kotizatu beharko luke langilearen babeserako. «Geroz eta gehiago gertatzen ari da fenomeno hori», jakinarazi du Aramendik, «eta, epe luzean, langilea gaizki izanik ere lanera joanen da, sinetsarazi zaiolako bera dela erruduna eta bizi izandakoa ez dela lan istripu bat».

Ondorioz, LABeko kidearen irudiko, «zerga ihesa» erabiltzen da irabaziak egiteko eta langileak prekarizatzeko. Fermuki adierazi du horren kontra borrokatu behar dela eta zerbitzu publikoak ez direla dirua egiteko sortuak, herritarren zerbitzurako tresnak baizik. «Oso garrantzitsua da antolatzea eta borrokatzea. Luzaz lan istripuak fisikoak diren lanekin lotu izan badira ere, geroz eta jende gehiagok sufritzen dute ardura postuetan eta administrazioan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.