'Larrialdi' egitasmoa aurkeztu du EHEk Maulen, osasungintza publikoa sustatu eta euskalduntzeko

EHEk uste du bi arloetan indarrak batuz hobekuntzak errazago lortuko dituztela. Euskal Herri osoan bultzatu nahi dute ekimena.

Larrialdi ekimena aurkeztu du EHEk Maulen. EHE-K UTZIA
Larrialdi ekimena aurkeztu du EHEk Maulen. EHE-K UTZIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko irailaren 26a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara larrialdian da, baina osasungintza publikoa ere bai. Mezu hori zabaldu du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak Mauleko ospitale aitzinean egin duen agerraldian. Otsailean, osasungintza euskalduntzeko eskatu zuten 115 osasun langilerekin batera. Larrialdi egitasmoa aurkeztu dute orain, «kalitate handiagoko osasungintza publiko» baten aldeko aldarrikapenak zehaztuz. 

Osasun langileena ez ezik, hainbat herritarren babesa ere bildu eta Ipar Euskal Herrian tokian-tokian taldeak sortzeko borondatea agertu dute. Halaber, Hego Euskal Herrian ere egitasmoa garatu gogo dutela erran dute. 

EHEk adierazi du Euskal Herriko osasun zentroak egoera ekonomiko eta soziolinguistiko «oso ezberdinetan» direla. «Ondorioz, osasun zentroetan ahozko zein idatzizko komunikazioan lehentasunez euskaraz aritzearen helburua fiteago lortuko da osasun zentro batzuetan beste batzuetan baino, osasun zentro bakoitzak bere egoerari egokitutako abiaduran egingo dituelako urratsak».

Eta argi adierazi dute: «Osasungintza publikoa ere larrialdian da». Hizkuntza eskakizunez gain, «pazientean zentratutako kalitate handiagoko osasungintza publikoa» eskatu dute. Horretarako, botere publikoek «inbertsio askoz handiagoak» egin behar dituztela uste dute. Aipatu dituzte besteak beste, eritasunen eta istripuen prebentzioa; osasungintza publikoko langile guzien lan baldintzen hobekuntza; ospitale publikoen harrera ahalmenak; sendagailuen ekoizpen publikoa.

EHEk iritzi dio kalitatezko osasungintza batek pazienteen eta profesionalen hizkuntza beharrak ase behar dituela. «Hizkuntzan eta osasungintzan injustiziak pairatzen ditugu», adierazi dute. Horregatik, funtsezkotzat jo dute euskaltzaleak osasungintza publikoaren «egoera larriaz» hobeki jabetzea, eta baita osasungintza publikoaren egoera larriaz kezkatuak direnak euskararen egoera larriaz hobeki jabetzea ere. «Gure indarrak batuz, bi arloetan hobekuntzak errazkiago lor ditzakegu».

Ondoko asteetan hainbat bilkura publiko antolatuko dituzte Ipar Euskal Herrian zehar Larrialdi egitasmoa aurkezteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA