Bigarren kargualdiaren egiteko asmoz aurkeztuko da Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) oraingo auzapeza, Hazparne Bihotzean zerrendarekin: 2020an hautatu zuten hazpandarrek, lehen itzulitik, bozen %54,5 emanik. Duela sei urte beste bi zerrenda izan zituen parean, Kristian Etxetoren zerrenda abertzalea, eta Beñat Intxausperena, aitzinetik auzapez izandako zentro-eskuinekoarena. Aurten, zerrenda bakarra izanen du parean: Michel Ospitalek gidatuko duen Herritarrekin zerrenda abertzalea.
Pargadek zin egin du hitzemandakoa bete duela, sustut herri zentroa berritzeko obrak egin baititu. «Hazparneri eta hazpandarrei plaza itzuli diegu. Lehen aparkaleku bat zena herritarren bilgune bilakatu da, eta hainbat animazio egiten ahal dira han», segurtatu du. Ospitalek, halere, uste du plazaren berritzea eginagatik ere «gauza asko bazterrean utzi» dituela Pargadek. «Etxebizitzari buruz agintaldi hondarrean hasi da iratzartzen, baina lauzpabost urtez ez du gauza handirik egin, eta diru zama ederrak pagatu ditugu horregatik».
Izan ere, SRU legean finkatua da herri bakoitzak zenbat etxebizitza sozial ukan behar dituen; Hazparnen etxeen %25ek izan behar lukete bizitegi sozialak, baina xedea urrun da: %7 baizik ez dira egun. Hortaz, herria urtero isunak pagatzera behartua da. Pargadek, bere burua defendatzeko, erran du Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik errespetatu behar duela Hazparnek kopuru hori, hots 2017tik, eta horregatik «beranta handia» dutela. Eta zehaztu du Hazparneko «bizi ingurunea zaindu» nahi duela.
Bizitegi sozialen xedea, herrestan
Beranta horri aitzi egiteko, herri zentroaren berrantolaketa «ekintza plan» baten barnean kokatu behar da, Pargadek erran duenez, eta gaineratu du datozen bost urteei begira herri barneko etxebizitzak arraberritzeko hainbat proiektu ezarriak dituztela plantan, «bide beretik herri zentroa berriz dinamizatzeko xedea izanik». Segurtatu du herriko etxeak zentroko eraikin bat erosi duela eta bertan izanen diren bizitegi guziak sozialak izanen direla: jabetza eskuratzeko laguntza izanen duten zazpi bizitegi, eta alokairuan hartzeko hamar. Zehaztu du beste etxe batzuk ere erosi dituztela, hala nola Urkoi auzoan, eta Lekuineko bidean. «Halako egitasmoek denbora behar dute, eta baliabide anitz, eta herriek gero eta laguntza gutiago dute», deitoratu du.
Ospitalek salatu du kasik hamar urte pasatu direla Hazparnek SRU legea aplikatu behar duenetik, baina tarte horretan ez dela «deus ere egina» izan. Haren erranetan, etxebizitza huts «andana» bat bada, bai herri zentroan eta baita auzoetan ere. «Lehentasuna izan behar zuen etxe huts horien jabeekin urratsak egiteak, ikusteko zer egiten ahal zen. Isun anitz pagatu ditu herriak: aurtengoa iazkoa halako bi da». Hortaz, etxe hutsen inguruko diagnostiko bat egin nahi lukete Ospitalen zerrendakoek, ondotik jabeen ikustera joateko. Ber denboran, «hazpandarrendako» zer behar baden ikusi nahiko lukete: «Hazpandar anitzek dretxoa dute etxebizitza sozialak ukaiteko, eta araberan egin behar genituzke proiektuak», erran du.
«Lehentasuna izan behar zuen etxe huts horien jabeekin urratsak egiteak, ikusteko zer egiten ahal zen. Isun anitz pagatu ditu herriak: aurtengoa iazkoa halako bi da»
MICHEL OSPITAL Herritarrekin zerrendako hautagaia
Pargadek, bestalde, erran du hainbat azpiegitura hobetu dituztela, hala nola kirol zelaiak. Ospitalek ez du uste «lehentasun bat» zenik: «Eskolak eta haurtzaindegiak biziki zaharrak dira, eta haurtzaindegiak ez ditu arauak betetzen ere. Orain lehentasun gisa aurkezten du hori, baina guretako berantegi da. Hamar urtean, beste 1.500 herritar jin dira. Orain behartua da obra handiak egitera. Errugbi zelai ederra egin du, baina ez zen lehentasunezkoa», segurtatu du Ospitalek.
Euskararen aldeko hizkuntza politikari begira, Ospitalek uste du postu bat sortu behar litzatekeela «lehentasunez», euskara teknikari bat izateko. Eta laguntza bat plantan ezarri nahiko lukete Hazparneko gazteak euskara ikastera akuilatzeko. Pargadek erran du «jadanik gauza anitz» egin dituztela euskararen arloan: familia liburuxka elebiduna, komunikazio elebiduna, aisialdi zentro elebiduna... «Bide horretan segituko dugu, euskararentzat koadro orokor bat behar baita», segurtatu du.
Lehentasunen inguruan desadostasunak izateaz gain, Ospitalek eta haren zerrendakoek ez dute bat egiten Pargaderen «manatzeko manerarekin». Herriko etxera arribatu zenean hainbat «kudeaketa arazo» sortu zirela erran du Ospitalek. Zehaztekoa da Ospital herriko etxeko langile zela, eta postua utzi zuela 2023an. «Min handia egin du zerbitzu batzuetan, eta hori ez da egunetik biharamunera konpontzen ahal», salatu du. Erran du erretreta hartu duten langile batzuen postuak ez direla bete, eta hainbat langilek osasun geldialdia hartu behar izan dutela. Pargadek «harriturik» hartu ditu kritika horiek. «Zertarako aurkezten da Ospital jauna, herriko etxeko giza baliabideak kudeatzeko ala hazpandar guzien auzapez izateko?», galdetu du. Gero, zehaztu du auzapeza aldatzean «baitezpada» berrantolatzen direla gauzak. «Herriko etxe osoaren ikuspegia dut nik, ez zerbitzu batena bakarrik. Segurtatzen ahal dut gure instituzioa erakargarria dela langileendako».
Elkargora so
Pargadek bilan «biziki ona» egin du elkargoko kargualdiaz. Laborantzako eta Biharko Herri Ttipien Programaren segipenerako lehendakariorde izan da. Iruditzen zaio garraioaren arloan «sekulako aitzinamenduak» izan direla. «Elkargoari esker, sekula eskuratuko ez genituela uste genuen laguntzak ukan ditugu», segurtatu du. Gaur egungo eredua «oraindik ere garatu» daitekeela uste du, halere. «Deszentralizazio handiagoaren alde dira hautetsi batzuk, lurralde eremuek konpetentzia gehiago behar dituztelakoan. Ni konbentzitua naiz horretarako lurralde eremuak berriz definitu beharko liratekeela, dituzten behar eta erronken arabera». Elkargora berriz joateko «prest» agertu da, beraz.
«Deszentralizazio handiagoaren alde dira hautetsi batzuk, lurralde eremuek konpetentzia gehiago behar dituztelakoan. Ni konbentzitua naiz horretarako lurralde eremuak berriz definitu beharko liratekeela, dituzten behar eta erronken arabera»
ISABELLE PARGADE Hazparne Bihotzean zerrendako hautagaia
Hautatuak izatekotan, Ospitalen zerrendan auzapezaren eta elkargoko ordezkariaren kargua bereizi nahi dituzte: Anaiz Funosas joanen da elkargora. Ospitalek erran du EH Bai alderdiarekin landu nahi dutela bertan eraman beharrekoa. «Gure herriaren aldeko lanean segitu nahi dugu elkargoarekin».
DATUAK
- Demografia. 7.626 biztanle (2023). 2016an 6.757 ziren: %12 emendatu dira zazpi urtez.
- Bozka zerrenda. 5.612.
- Herriko kontseilua. 29 hautetsi.
- Euskal elkargoa. Hiru ordezkari.
- 2020ko emaitza. Isabelle Pargade: %56,5; Beñat Intxauspe: %35,5; Kristian Etxeto: %9,8.