Lizeotarren matxinada egonkortzeko erronka

Beren ikasbaldintzen alde karrikara atera dira lizeoko ikasleak, eta Poliziaren indarkeria gogorki jasan dute. Mugimendua denboran egonkortzea dute erronka, eta mugimendu orokorrago baten abiapuntu izatea.

Lizeotarren mobilizazioa, asteartean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Lizeotarren mobilizazioa, asteartean, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskatzen dutena argi dute lizeotarrek: ikasteko leku duinak, irakasle postu gehiago, ikasle gutiagoko gelak, ordutegi murritzagoak, eta orientazioa bermatzeko baldintzak. Oinarrizko eskubide bat da hezkuntza: ikasle orok hezkuntzarako eskubidea du, baita hezkuntza hori baldintza duin eta egokituetan jasotzekoa ere. Baina zerbitzu publikoaren kaltetzearekin batera, ikasleen ikasbaldintzak eskastu dira azken urteotan.

Ipar Euskal Herriko ikasleei beste oztopo bat gehitzen zaie ikasketa prozesuan: euskara hutsean ikasteko baldintzak Seaskak bakarrik bermatzen ditu, eta azterketak ezin dituzte oraino osoki euskaraz egin. Irakasleek azken urteetan hainbat aldiz salatu dute egoera: Blanquer erreforma, milaka posturen kentzea, lansarien izoztea, laguntzaileen eskasia, azterketak euskaraz ez pasatu ahal izana... Frantziako Gobernuak, oro har, entzungor egin die aldarri horiei, eta arrazoi berengatik piztu den lizeotarren mugimendua gogorki erreprimitu du orain. Baionan, 51 adingabe atxilotu dituzte urriaren 1etik gutienez ikastetxeetan izandako blokatze mugimenduen harira, eta ikasle batek salaketa ezarri du polizia indarkeriari lotutako kasu batengatik.

Beldurraren gainetik, beren eskubideen aldeko borrokan segitzeko prest agertu dira ikasleak, eta mugimendua gainerateko arlo sozialetara hedatzea dute xede. Preseski, bihar egitekoa duten manifestazioa mugarri izanen da gerora begira mugimenduak hartuko duen dimentsioari neurria hartzeko, betiere kontuan hartuta 2027ko Frantziako presidentetzarako bozen kanpaina dagoela atzeko planoan.

Rene Cassin lizeoko leheneko ikaslea da Tiago Serre Vazquez. Goizeko zortzietatik arratsaldeko seiak arte aritzen da, asteko egun oro. «Iruditzen zaigu ordutegi horren preso garela. Gaizki antolatua denez, hutsuneak ditugu, baina lizeoan egon behar dugu goizean goizetik arratsalde bukaera arte», salatu du. Bestalde, Parisko aldirietako lizeotan sortu zen mugimenduari elkartasuna adieraztea ezinbestekoa iruditu zitzaion: «Ordutegien presio hori jasateaz gain, baldintza izugarri txarretan ikastera behartuak dira». 

«Ikasbaldintzak katastrofikoak dira, eta hezkuntza sistema ez da ikasleen mesedetan pentsatua»

ARAITZ ETXEGARAI ARAKAMA Fakultateko ikaslea

Naroa Urrizaga Baionako Bernat Etxepareko ikaslea da, terminalean. «Baliabide gehiago behar ditugu. Ordezko irakasleen falta nabarmena da: hilabetez egon gara frantseseko irakaslerik gabe, eta fisika irakasle bat behartua da bere orduak halako bi egitera beste baten ordezkorik ez delako», salatu du. Araitz Etxegarai Arakama Ikasle Antolakunde Sozialistako (IAS) kidea da, eta Baionako fakultateko ikaslea. «Ikasbaldintzak katastrofikoak dira, eta hezkuntza sistema ez da ikasleen mesedetan pentsatua».

Errepresio bortitza

Baionako Cassin, Louis-De-Foix, Paul Bert eta Etxepare, Angeluko Cantau, Donibane Lohizuneko Maurice Ravel, Hendaiako Aizpurdi eta Miarritzeko ostalaritza lizeoak blokeatu dituzte hainbat aldiz urri hasieratik, baita Baionako fakultatea ere. Errepresio bortitza pairatu dute hasi eta berehala, eta Pirinio Atlantikoetako prefetak hainbat neurri hartu ditu mobilizazioak debekatzeko. Frantziako Poliziaren indarkeriak irudi ikusgarriak utzi ditu, eta kezka eragin du adingabeen kontrako errepresioak.

Etxepareko ikaslea da Hegoa Dombal, bigarrenean. Poliziaren indarkeria gogor pairatu du. Manifestazio batetik landa, lagunen xerka abian zela, CRSko bi polizia hasi zitzaion galdezka, eta erantzun zienean haiekin ez zela frantsesez arituko, beregana abiatu ziren korrika. «Ene gibeletik arribatu ziren. Ostiko bat eman zidaten, eta matraka kolpe azkar bat belaunean. Segitzen zuten, eta ber momentuan, buruan gas negargarria botatzen zidaten. Joatean, zera erran zuten: 'beti berdin, euskaldunak dira arazoa'», kontatu du. Salaketa ezarri dute Dombalen gurasoek Baionako komisarian, baina hainbat oztopo eta traba izan dituztela gaitzetsi dute. 

«Baliabide gehiago behar ditugu. Ordezko irakasleen falta nabarmena da: hilabetez egon gara frantseseko irakaslerik gabe, eta fisika irakasle bat behartua da bere orduak halako bi egitera beste baten ordezkorik ez delako»

NAROA URRIZAGA Etxepareko ikaslea

Dombalen kasutik haratago, hamarnaka atxiloketa izan dira, eta zigorrak barra-barra banatu ditu Baionako prokuradoreak. «Errepresioak arrunt batu gaitu. Gure mugimendua kriminalizatu nahi dute, eta gainera, errepresio arrunt diskriminatorioa egiten dute», salatu du Urrizagak. Mugimendua itzaltzeko saiakera bat dela esplikatu du Etxegarai Arakamak: «Ikasleak bortitzak direla diote, baina guk argi dugu bortizkeria beste aldean dela».

Serre Vazquezen arabera, errepresioak ikasleengan duen eraginaz haratago gurasoei eragiten dien beldurra da mugimenduari kalte egin liezaiokeena: «Gurasoak kezkatuak badira, debekatzen ahal diete seme-alabei manifestatzera joatea». Haren ustez, gainera, errepresioa mugimenduaren momentu estrategikoetan baliatzen dute: «Ekintza batek zerbait ekartzen ahal duelarik edo gauzak aldarazteko gaitasuna duelarik, orduan gogorki jazartzen zaizkigu poliziak. Jendeak dio bortitzak baldin bagara polizia bortitza izanen dela. Baina ez dut uste gauzak horrela direnik. Polizia bortitza izanen da egoera iraultzen hasten garenenean, bortitzak ez bagara ere». 

«Jendeak dio bortitzak baldin bagara polizia bortitza izanen dela. Baina polizia bortitza izanen da egoera iraultzen hasten garenean, bortitzak ez bagara ere»

TIAGO SERRE VAZQUEZ Cassineko ikaslea

Orain, argi dute erronka nagusia mugimenduak irautea izanen dela. Etxegarai Arakamaren aburuz, ikastetxeak ez dira «gizartetik kanpo»: estatu «gero eta autoritarioagoen parean» bizi baldintzen kaltetzea ez dute ikasleek bakarrik bizi. «Beste sektoreek ere batu behar dute, borroka integrala izan dadin», defendatu du.

Serre Vazquezek uste du larrazkeneko oporrek dinamikari pausa bat inposatuko diotela, baina espero du horrek ez duela mugimendua «trend» bihurtuko. Erraterako, sare sozialetan arras «modan» da lizeoen blokeatze mugimenduan parte hartzea, eta beldur da gainerateko modak bezala pasatuko ote den. «Mugimenduak ez du Tiktok-eko trend bat bilakatu behar, eta espero dut hori gainditzen lortuko dugula». 

Irakasleak sostengu

Ikasleen mugimendua sostengatu dute sindikatu batzuek, eta grebara batzera eta manifestazioetan parte hartzera deitu zuten iragan asterako hezkuntza adarra duten hainbat sindikatuk, eta iragan astearterako berritu deialdia. FSUk, LABek, FOk, Sud-Hezkuntzak, eta CGTk parte hartu zuten deialdian. Cantauko irakasle da Lontzi Amado-Borthaire (LAB), eta haren ustez aurreikus zitekeen «haserrea aterako» zela. «Mugimendu sozial bat da, beraz ezin zen aurreikusi noiz, baina ikasleen aldarrikapenak aspaldi irakasleek aipatzen ditugunak dira. Ziklo handi batean kokatzen den kaskartze bat da, neoliberalismoaren emaitza, zerbitzu publiko guzietan gertatzen dena», argudiatu du.

Euskararen irakaskuntza lizeo publikoetan eskakizun izatera iritsi dela gehitu du: «Sail elebidunean euskaraz irakasten diren gai batzuk ez dira euskaraz irakasten irakaslerik ez dagoelako. Lehen aldia da arrangura hori ikusten dudala eskola publikoan: beti uzten da euskararen aldarrikapena Etxepareko ikasleen gain, baina eskola publikoan ere badago, diskretuago izanda ere».

Baionako lizeo publiko bateko irakaslea da Marie —izen asmatua da, anonimoki mintzatu nahi izan baitu—, eta hark ere salatu du azken urteetan irakasleen lan baldintzak arrunt txartu direla, eta horiekin batera ikasleenak. «Zortzi ministro izan ditugu, urtero erreforma berriak. Orain pairatzen ari gara azken urteetako erreforma guzien inposaketa, behin ere ez baitzaigu galdetu irakasleoi zer iritzi genuen». Protestei erantzuteko, Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak larrialdi plan bat aurkeztu zuen, eta iragarri beste 3.000 ordezko irakasle kontratatuko dituztela. «Nondik aterako ditu irakasle horiek?», galdetu du Mariek. 

Lizeotarrek jasan duten errepresioari begira, Amado-Borthaire kexu mintzatu da: «Militarizazioa gertatzen ari da argiki, eta poliziak ikastetxeetan oso armaturik ikustea oso kezkagarria da». Irakasleen artean, berriz, egoeraren inguruan desadostasunak badirela esplikatu du. «Mitoa da irakasleak ezkerrekoak direla, parte handiz Macronen alde bozkatu baitzuten irakasleek —%38—. Batzuek bortizkeria mota guziak salatzen dituzte, eta besteok ulertzen dugu ezin dela konparatu ate bat edo fotokopiagailu bat eta esku bat. Ezin da legearen izenean ate bat babesteko arriskuan eman ikasle baten geroa, hura mutilatuz: bizirako galtzen dira hortzak eta eskuak».

Ilazki Ortego, abokatua.

«Manifestazio eskubidea hainbeste zapaltzea da gazteei beren ideia politikoak adieraztea debekatzea»

Ilazki Ortego
Ilazki Ortego abokatua. NAHIA GARAT

SAF sindikatuko abokatua da Ilazki Ortego (Hendaia, 1995). Lizeotarren kontrako indarkeria hiru aldekoa izaten ari dela azpimarratu du: penala, poliziala eta administratiboa. Oroitarazi du adin horretan juridikoki haurrak direla. 

Lizeotarren mugimendua hasi denetik lizeotarrak defendatzen aritu zarete. Zein da egoera? 

Errepresioa izugarri bortitza izaten ari da hiru aldetatik: izan errepresio penala, poliziaren indarkeria eta errepresio administratiboa, prefetaren aldetik. Hiru horiek izugarri bortitzak dira, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuko beste lekuetan ere bai. 

Atxiloketa anitz izan dira, eta atxilotu gehienak adingabeak dira. Ez da ohikoa...

Soziologo batzuk hasiak dira gaiari buruz idazten, eta erraten dute haurren kontrako hainbeste atxiloaldi ez direla inoiz ikusi. Ez baita ahantzi behar lizeotarrak juridikoki haurrak direla. 50 bat atxilotu izan dira Ipar Euskal Herrian, nahiz eta ez dugun datu zehatzik ukaiten lortu. Errepresio penala ere ikaragarria iruditzen zaigu, bereziki juridikoki haurrak direla kontuan hartuta: berez, proportzionaltasun bat beharrezkoa da adingabeei lege berezi batzuk aplikatzen zaizkielako. Iruditzen zaigu adinarekiko proportzionaltasun hori ez dela errespetatua izan, eta aski harrigarria da noraino erantzuna izan den atxiloketak egitea, eta berehala prokuradorearen aitzinera igortzea. Beldurra eragiteko estrategia bat da, mugimendua isilarazteko. 

Manifestatzeko eskubidea zalantzan ezartzen du, ezta? 

Manifestatzeko eskubidea ez da bermatua, ezta elkartzekoa ere, sistematikoki prefetak lizeoen aitzinean biltzeko debekuak hartu baititu. Manifestazio eskubidea hainbeste zapaltzea da gazteei beren ideia politikoak adieraztea debekatzea. Biziki larria da. Prefetaren jokamoldearekin, bestalde, errekurtso efektiboak egiteko eskubidea zapaldua da: berez, oinarrizko eskubideak defendatzeko aukera badago epailearen aitzinean, prefetaren erabakiei Auzitegi Administratiboan helegitea jarrita. Prefetek sekulako errepresio administratiboa ezarri dute martxan, egunero bost bat erabaki hartuz. Afera da erabaki horiek 24 ordurako egiten dituztela, eta horrek zailtzen duela guk errekurtsoak egiteko aukera: gazteek ezin dituzte beren eskubideak defendatu, eta epaileak ezin du prefeta zigortu. Prefeten estrategia hori zapalkuntza ikaragarri bat da zuzenbide estatuarendako. 

Nola bizi dute egoera defendatu dituzuen gazteek? 

Poliziaren partetik indarkeria handia pairatu dutela erran digute gazteek. Gazte bat atxilotua zegoen jadanik lurrean, eskuburdinekin, eta halere aurpegira gas negargarria bota diote. Gas negargarria haur ttipiak diren lekuetan ere baliatu dute, jakin gabe nora botatzen zuten, erabat neurriz kanpo. Irakasleek ere gauza bortitzak ikusi dituztela aipatu digute. Atxiloaldi arruntetan ez dugu hainbesteko indarkeria salaketarik ikusten, beraz, deigarria da. 

Erantzun penala gogorra dela aipatu duzu. Politikoa da? 

Prokuradoreak direktiba batzuk baditu, eta aplikatzen ditu. Adingabeen eskubideen inguruan botere handia du, berak erabakitzen baitu zer segida mota eman: auzitegira bidaltzen duen ala alternatiba baten bidez zigortzen dituen. Afera da alternatiba onartzen bada ez dela defentsarik egiten, baizik eta negoziazio bat. Anitz gazte pasatu dira bide horretatik, baina alternatiba batekin ez duzu benetan zeure burua defendatzen ahal. 

Adingabeak dira, eta oraino baitezpada ez dute beren eskubideen berri, ezta?   

Horrek zailtzen du prozesu judiziala: normala da oraindik beren eskubide guziak zein diren ez jakitea. Eta horrek errepresioa are bortitzagoa egiten du, eta egoera are larriago. Dena da berria haientzat, eta poliziaren aitzinean ez zara berdin defendatzen 15 urterekin edo 30 urterekin: ez dituzu tresna berak. Baina nahiz eta hori gertatu, indarrak badituzte beren borroka segitzeko, errepresioa jasaten duten arren. Egoera injustua dela ohartzen dira guziz. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA