Arantxa Idieder

Lurrean etzanik

2026ko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bakantzetan egon naiz duela pare bat aste. Ferry bat hartu behar izan dut, joan eta etorria bistan dena, oporrak horretara eramaten baitzaitu noizbait, lanera itzuli beharra. Gau osoa irauten duen itsaso trabeskatze horren txartelak hartzerakoan, aukera desberdinak dituzu. Lehena, bidaia bera, bigarrena pixka bat gehiago pagatuz, jarleku goxo eta eroso bat gune lasai batean, eta maila gorenekoa, gaua pasatzeko ganbera bat ohearekin eta bainugelarekin. Gure hautua lehena izan da, merkeena: gaua pasatuko dugu lurrean, ontziaren xoko batean. Gainera kanpineko matalaza eta lo zakua gurekin ditugu, maska begien gainean, tapoiak sakonki belarrietan sartuak; ontsa lo eginen dugu. Ontziaren barne antolaketa ohiturazkoa da, pasabide guneak, ostatuetako besaulki luzeak, eskailera ondoko moketa gune goxo horiek errekisionatzen ditu kabinarik pagatu ez duenak, gau bateko habia sortzeko helburuarekin, behar arkaiko bati erantzuten balu bezala. Eta hara oharkabean zer gertatu zaigun. Bere kabina eta ostatuaren artean joan-jinka ibilki zen jendearen zangoen heinean ginen; zolan etzanik, sentsazio berezi bat sentitu nuen, ttipiagotua izatearena. Gu lokartzen entseatzen, eta xutik ziren horiek gure ondoan pasatzen, etengabeko martxa batean, lasaiki mintzatuz, moketa eroso horren parte bagina bezala. Irudia sinbolikoa zen, klase sozialak agertzen balira bezala. Gainekoen mundua eta pekoena.

Zonbait egun berantago, hiri handi batean ibili gara. Turista klasiko baten gisan, gora eta behera, ezker eta eskuin begiratzen aritu naiz. Eta ikusi ditut pekoak. Lurrean etzanik egotea behartuak direnak, eguzki bero eta jasanezin horren pean. Ni ondoan ibiltzen, nire zapata bakanztiarrak erakusten. Eta hirian bizi denak, menperatzen duen eguneroko ezaxolakeriaren ohitura hautsi nahian, irriño herabe batekin zolan jarria dena zintzoki agurtu dut. Bere intimitatean sartuz ere bai. Nondik ari nintzen pentsatzen egon nintzen, azkenean egun horretako irriñoa ez zen hain hutsala izan. Distantzia hor zen eta desberdintasuna markatua, gainetik ari nintzelako.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE