Miarritzeko auzapeza eta Ensemble-Vivons Biarritz zerrendako hautagaia

Maider Arostegi: «Sistema parte-hartzailea ez da lasaitasuna edo anarkia»

Bigarren agintaldirako kanpainan sartua da Maider Arostegi Miarritzeko auzapeza. EAJrekin aliaturik aurten, miarriztarren egunerokoan zentratzen ditu herriaren erronkak, baita etxebizitzan ere.

Maider Arostegi. GUILLAUME FAUVEAU
Maider Aroztegi. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errepublikanoetakoa da Maider Arostegi, baina «ez errepublikanoetako hautagaia», ezta auzapeza ere, funtsean. 2020an irabazi zituen lehen aldiz Miarritzeko (Lapurdi) herriko bozak bere zerrenda zabalarekin, zentro-eskuineko joerakoa, halere. EAJ ere joera horretakoa iruditzen zaio, erraterako; horregatik egina du aliantza haiekin, hain zuzen. Hala, herriko etxean bigarren agintaldi batez egotea espero du orain. 

Sei urtez egon zara auzapez, eta egin zaizun kritika nagusietarik bat kudeaketa bertikalarena izan da. Zer diozu zuk?

Egiazki, kontrakoa gertatu da. Demokrazia metodo arrunt desberdinekin iritsi ginen: parte hartzailetza sustatu nahi izan dugu, eta batzuek askatasun osoarekin nahasi dute hori. Sistema parte-hartzailea izateak erran nahi du entzun behar dela jendeak erraten diguna, eta gero norabide argi bat ezartzen duela nagusi batek; ez da lasaitasuna edo anarkia. Tokiko biziaren trukaketa kontseiluak antolatu ditugu —160 bilkura baino gehiago—; auzoz auzo ibili gara, etxez etxe; sekula ez du auzapez batek hain hurbiletik lan egin. Leporatzen zaidanaren kontrakoa gertatu da terrenoan.

Herritarrekiko harremana baino gehiago, herriko kontseiluko portaera leporatzen dizute aurkariek, oposizioko ideien entzuteko prest agertu ez zarelakoan...

Beste behin, elkarrizketa eta diziplina nahasten dituzte. Iragan agintaldia nahasmendu osokoa izan da, herriko kontseilua zapartatu den arte.

Kanpainan berriz sartu berritan, nolako bigarren agintaldia eskainiko zenieke miarriztarrei?

Ber lan ildo eta filosofiatik bide egiten segituko dugu, miarriztarren egunerokoaz arduratuz. Gu aitzin, lau hamarkadaz, azpiegituraz, obra handiez, gauza ikusgarriez axolatu dira... batzuk bai beharrezkoak, baina norabide horrek herritarren egunerokoa bazter utzi zuen. Horretan sartzen dira eskolak, haurtzaindegiak, aisialdi zentroak... Azken agintaldian hamar milioi euro eskaini genizkien, eta hamalau milioi proposatzen ditugu orain.

«Tokiko biziaren trukaketa kontseiluak antolatu ditugu —160 bilkura baino gehiago—; auzoz auzo ibili gara, etxez etxe; sekula ez du auzapez batek hain hurbiletik lan egin. Leporatzen zaidanaren kontrakoa gertatu da terrenoan»

Etxebizitzari dagokionez, biziki urrun duzue bizitegien %25 sozialak izatea agintzen duen SRU legea betetzea. Oposizioan, Ana Ezkurrak mila etxebizitza gehiago aldarrikatzen ditu datorren agintaldirako; Guillaume Barucqek uste du urbanizatzea gelditu behar dela; non kokatzen zarete zuek?

Ni orekaren auzapeza naiz: beharrezko ekoizpenaren eta kalitatearen arteko oreka; eraiki nahi dut, baina ez nolanahi. Ana Ezkurraren proiektuak aitzina eginen balu, adibidez, auzoei zinez kalte eginen lieke, ezin baitira mila etxebizitza eraiki Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoarekin erosi ditugun eremu hutsetan. Eta zer egin horiekin? Bai, etxebizitzak egin behar dira, eta jende guziak aterpetu, baina harmonian, auzoak orbaindu gabe, bizi baldintza duinak eta ingurune goxoak eskainiz. Bide horretan doa Aguileraren proiektua: errefusatu nuen etxebizitza proiektua Baionarako bide hegian eraikitzea; hobeki da parke barnealdean, ikuspegia kirol muntaduren gainera.

Hotel du Palaiseko kudeaketa ere leporatu izan zaizu, diru gehiegi xurgatzen diolakoan herriko etxeari. Zer diozu horretaz? Iraunkorra iruditzen zaizu kudeaketa sistema?

Herri batek kudeatu behar ote du halako egoitza bat? Erantzuna ezetza da. Lanak egin ditugu, lehen-lehenik, gaitasunak genituelako. Orain ikusiko dugu nola doan sasoia eta, segur aski, miarriztarrei tokiko ekimen erreferendum bat proposatuko diegu egoitzaren etorkizunari begira. Atxikiko bagenu, agerikoa da tokiko zergak goratuko liratekeela, beste obrarik bailitzateke egiteko, hogei milioi eurokoak, guti gorabehera. Miarriztarren dirua erabili behar dea horretarako? Nik, argiki, ez dut uste, baina utziko diet pentsatzen dutena adierazteko aukera.

Beste gai gatazkatsuetarik bat Miarritzeko errugbi taldearena da. Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko dirudunak inbertitu zuen klubean 2024an, eta akziodun nagusi bilakatu. Zuhaurek errana duzu klubaren aferak arlo pribatuari dagozkiola, baina, aldi berean, aitortua duzu harekin bildu zinela elkarrizketen garaian, «gai guziak pasatzen direlako herriko etxetik, maluruski». Orduan?

Hasieratik gauza bera diot: gai guziez hitz egiteko prest naiz dagozkien solaskide guziekin, gardentasun osoz. Kasu honetan, errugbi talde profesional eta amaturraren sostenguz mintzatu naiz dagozkienekin. Gaur egun klubaren nagusia Sterin jauna da, baina lehen Gave jauna zen, eta beste norbait izanen da bihar.

Beraz, arazorik ez diozu ikusten Sterinekin negozioa egiteari, ezta jakinik ere zein duen agenda politikoa? Hark bultzatutako Pericles planak «Batasun Nazionalari 3.000 herriren absolutuki irabazarazteko» helburua agertzen du herriko bozei begira. Bozetan ikusiko dugu, baina, Miarritzen sartua du eskua dagoeneko.

Nik ez nuen [haren proiektua] ezagutzen; ez dit halakorik aipatu. Prentsan irakurri dut. Baina ez naiz bakarrik mintzo politikoki bat egiten dudan jendeekin. Uste dut auzapez garelarik denekin hitz egin behar dugula.

Baita eskuin muturreko jendearekin ere? Ez dea babes hesirik altxatu beharrik?

Ez. Ez ezker muturraren parean baino gehiago. Melenchon izan balitz, tratamendu bera jasoko zuen ene paretik.

«Bai, etxebizitzak egin behar dira, eta jende guziak aterpetu, baina harmonian, auzoak orbaindu gabe, bizi baldintza duinak eta ingurune goxoak eskainiz»

Halere, ildo politikoak badu garrantzirik, aliantzak egitean, adibidez: zertan oinarritzen da EAJrekin plantatu duzuena?

Bi gauzatan. Lehenik, ene gogo pertsonal batetik abiatu zen, aspaldian lan egin nahi nuelako EAJrekin Miarritzen ere, [Pirinio Atlantikoetako] departamenduan egin izan nuen bezala mugaz gaindiko gaien ardura nuelarik kontseilari bezala. Bigarrenik, Hego Euskal Herrian EAJ egiten ari den lana inspirazio iturri bat da enetzat: dela kulturan, garapen ekonomikoan, demokrazia parte-hartzailean... Gainera, Europako alderdirik zaharrena da, zentro-eskuinekoa, eta, erran dezagun, biziki eraginkorki gobernatzen ari dena. Beraz, gogo partekatu horien biltzea izan da, Miarritzez harago ere, Euskal Herrian lan egiteko euskal alderdi nazionali [EAJren frantsesezko izenarekin trabatu da]... euskal alderdiaren ildotik lan egiteko.

Halere, erdarazko izenak dioen bezala, EAJ alderdi «nazionalista» da. Eta justuki, Frantziako 2024ko legebiltzarreko hauteskundeen harira, EH Baiko Peio Dufau hautagaiaren alde egitera deitu zuen. Arazorik sortzen dizu?

Batere ez. Politika nazionala nahiko ideologikoa da, eta tokikoa gehiago da pragmatismoan oinarritutakoa, hautsi-mautsietan, elkartzean. Peio Dufaurekin hitz egiten dut: ez dugu politikoki bat egiten, baina kalitatezko solaskidea da. Behin hautagaiak hautatuak direlarik, elkarrekin lan egiten dute, Euskal Hirigune Elkargoan egiten dugun bezala.

Justuki, Elkargoko hauteskundeak iritsiko dira herriko bozen segidan. Jean Rene Etxegarai gaur egungo lehendakaria eta EAJko Peio Etxeleku biak aurkeztuko balira lehendakaritzara, zer litzateke zure hautua?

Enetako, ez da gizon afera bat, proiektu afera bat baizik. Lehenik ikusiko dugu biak Euskal Elkargorako hautagai direnetz ere, eta, agian, elkarrekin lan egin dezakete. Ene ustez, goizegi da. Halere, bi gizonek badute ene errespetua.

Elkargoari begira, betiere, estatus bereziko lurralde elkargo baterako galdea berritu du Batera plataformak. Beti horren kontra agertu izan zara.

Beti erran dut gaur egungo Frantziako egoera instituzionala ez dela aski egonkorra, orain [Ipar] Euskal Herrian halako kolektibitate baten ezartzeko. Behin erreforma handi bat plantatuko dutelarik, agian... Ez dut berezko kontrakotasunik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA