Zinegin

'Maspalomas'

Estitxu Barbace
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maspalomas Kanarietan dagoen herri turistiko bat da; 2025ean Moriartik estreinatu zuen film berriaren izena ere bada. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta gidoilariek osatzen dute Moriarti. Marco (2024), Handia (2017), Loreak (2014) eta 80 egunean (2010) pentsatu eta sortu zituzten. 2026ko ekainean haien filma aurkeztu digute Iparraldeko zinemetan. Fikzio berri honetan Jose Ramon Soroiz eta Nagore Aranburu ditugu paper nagusietan. Soroizek aktore hoberenaren Goya saria lortu du film honekin. Bixente izeneko adineko gizon homosexual bat interpretatzen du, Euskal Herritik ihes egin duena, Maspalomas gayentzako oporleku famatuan bere sexualitatea askatasun osoz bizi ahal izateko. Baina osasun arazo batengatik, Donostiako zahar etxe batera itzultzera behartua da. Bere sexualitatea berriz kukutzeaz gain, harremanak moztu zituen alabarekin berriz mintzatzera behartua da.

Maspalomas zinema orokorki guztiz inarrosten ari da, orain arte oso gutxi ikusten ziren errepresentazioak eta gaiak eszena gainean jartzen baititu. Bixenteren pertsonaiari esker, homosexualitatearen ikusgarritasuna eta batez ere adinekoen ikusgarritasun eskasa agerian ezartzen du. Sentitzen da zuzendariaren ardatz nagusia hori izan dela. Ikusgarritasuna. LGBT filmak gutti dira astero estreinatzen den film masari konparatuz. Eta haien artean, are gutiago gazteak ez diren pertsonak agerian ezartzen dituztenak haien eguneroko arrangurekin, gure kasuan osasun arazoak.

Azpimarratzekoa da filma euskaraz dela eta on egiten duela gure hizkuntzaren entzutea edozein testuingurutan. Elkarrizketen hizkuntza irakurketa giltza oso interesgarri bat izan daiteke 20.000 erle espezie filmean bezala, zeinetan Coco neska trans ttipiak bere generoa azpimarratzeko euskara baztertzen duen «estoy cansada» bezalako esaldiak errateko.

Film honetan euskarak, testuinguru geografiko bat emateaz gain, ez du bestelako funtziorik edo irakurketa filtrorik eskaintzen. Naturaltasun osoz emana den hizkuntza da. Hori da ere fikzioaren boterea: utopiazko herri euskaldun baten sortzea. Azkenean, euskara ez-gai bat bilakatzea lorpen handia da, duela zenbait urte ezin zelako halako ekoizpen handirik pentsatu hizkuntza guttitu batean.

Maspalomas film oso ederra da, eta ikuspuntu berritzaile bat eskaintzen du. Hunkigarria, irrigarria, tentsioarekin ere, erritmoaren aldetik oso ongi landua izan den lana da. Eta goraipatzekoak dira batez ere Jose Ramon Soroizek eta Nagore Aranburuk egiten dituzten interpretazio oso hunkigarriak.

Gonbidatzen zaituztegu Maspalomas ikustera joatera hurbil duzuen zinemara, edo bere eskatzera programazioan, ez bada agertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA