Hiriburuk (Lapurdi) auzapez berria du. Mathieu Elgoihenek hartu du Alain Iriarten segida hura Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izendatu ondotik. Astelehen arratsean egin zuten herriko kontseiluan hautatu dute Elgoihen, aho batez. Iriart hautetsi gisa ariko da.
Elkargoko lehendakaritzara aurkeztu zenean, Iriartek hitzeman zuen hautatua bazen dedikazio osoa eskainiko ziola kargu berriari. Eta hala egin du. Apirilaren 11n Jean Rene Etxegarairi gailendu eta berehala idatzi zion Iriartek Pirinio Atlantikoetako prefetari, dimisioa aurkezteko.
2001ean hautatu zuten Iriart Hiriburuko auzapez. 25 urteren buruan, lekukoa pasatzeko asmoa adierazi zion BERRIAri herriko bozetarako kanpainan: «Taldea hor bada, balio du segitzeak. Hala ere ez da bizi guzian egon behar. Gazte batzuk sartu dira, eta pentsatzen dut prest direla segida hartzeko».