Sorpresa sortu zuen Louis Labadotek duela sei urte, eta PCFko auzapeza du ordutik Zuberoako hiriburuak. Baina Beñat Elkegarai EH Baiko kideak argi du: «Mixel Etxebeste auzapezak galdu zuen; ez zuen Labadotek irabazi». Elkar enpresako burua da Elkegarai, eta ezkerreko zerrenda zabala eramanen du, besteak beste PS alderdi sozialistako kideekin. Badu esperantza aurten gailentzeko manera izanen duela. Alde guzietako herritarrak bildu dituztela baieztatu du Armanda Accocek ere, «etiketarik gabeko» zerrenda osatuta. 2008tik 2020ra Mauleko auzapez izan zen Etxebesten segida hartu du. Ez die erantzun BERRIAren galderei; Xiberoko Botzak antolatutako eztabaidan egin ditu adierazpen bakarrenetakoak.
Finantzen gaia izan da nagusi herriko bozen eztabaidan. Izan ere, Kontu Auzitegiak abisua eman zuen iazko apirilean, Zuberoako hiriburuak bost milioi euroko zorra baitu. «Mauleko zorren erantzukizun osoa» Etxebeste auzapez ohiak duela erran zuen orduan Labadotek. Bat dator Elkegarai, baina auzapez komunistaren kudeaketa ere zalantzan eman du, funtzionamendu gastua anitz emendatu duelako. «Egoera gaizkitu da, ez ditugu gastuak kontrolatu. 2016an, zorpetze tasa 16 urtekoa zen, nahiz eta baziren galera batzuk kukutuak zirenak. Gaur egun 22 urteko zorpetzea da».
Elkegaraik hitzeman du hautatua bada hautetsien sariak apalduko dituela: auzapezarena 2.400 eurotik 800era, eta axuantena 935etik 650era. «Sinbolikoa da bereziki, baina 180.000 euro aurrezteko modua emango luke». Horrez gain, Kontuen Auzitegiarekin «planifikazio bat» egin behar dela erran du, eta baieztatu du inbertsioak Euskal Hirigune Elkargoarekin finantzatu behar direla. «Beste dinamika bat ezarri behar da herrian». Erran du, halaber, Maulera biztanle gehiago ekarri beharko liratekeela. «Hemengo gazteria atxiki behar dugu lehentasunez, eta jende gehiago jinarazi». Accocek erran du «postuz postu» begiratu beharko dela non aurreztu daitekeen.
Etxebizitzak egiteko beharra aipatu dute hautagai guziek, eta bereziki bizitegi sozialak egitekoa. Hainbat proiektu abian dira jadanik. Merkatu estali bat eta ikusgarri gela baten proiektua aipatu ditu Elkegaraik, baita turismoaren erakarpena lantzeko beharra ere. Herriko bideetako obrak eta eskolak berritzeko beharra ere aipatu dituzte hautagaiek.
Ospitalea
Mauleko ospitalearen gaiak ere gorabehera anitz sortu ditu azken urteetan. Gaur egun, Paueko (Okzitania) lurralde ospitale elkargoari lotua zaio, baina Baionakoari lotzeko eskaera egina dute ezkerreko abertzaleek. Horri buruz ikerketa bat egitearen alde bozkatu zuen Euskal Hirigune Elkargoko Zuberoako poloak, baina geroztik ez da ezer aitzinatu. Elkegarairen iritziz, mediku eskasia da lehen arazoa. «Neke da hona jinaraztea, urrun baikara bai Pauetik eta bai Baionatik. Gogorra da landa eremuan zerbitzu publiko indartsuak ukaitea; hori da desafioa guretako, oro galtzen dugulako emeki emeki».
«Sare dinamiko baten» barnean hartzeko aukera defendatu du Elkegaraik. Donapaleu (Nafarroa Beherea) hartu du eredu gisa. «Lehen klinika pribatua zen; orain Baionari lotua da. Beti badira arazoak, Baionan ere bai, baina hori da egoera orokorra. Dinamika eta zerbitzu mailan badu erakargarritasuna, eta kanbiamen bat ikusten dugu». Besteren artean aipatu ditu amategia eta larrialdi zerbitzuak.
Lurralde logika defendatu behar dela iritzi dio Elkegaraik: «Ber eremuan gara. Baina politikoki Baionari lotuak gara, eta administratiboki Paueri. Bihar Mauleko ospitaleak berriz arazoak baditu, nork defendatuko gaitu? Oloroeko hautetsiek? Ez, Euskal Herriko hautetsiek defendatuko gaituzte». Oroitarazi du Euskal Elkargoaren laguntzarekin sortu direla Atharratze, Barkoxe eta Mauleko osasun etxeak. Baionako ospitaleari lotzea ez da xiberotarren «kezka nagusia», Accocen iritziz. Mediku gazteak hurbilarazteko diru laguntzak sortzea proposatu du.
Euskara eta elkargoa
Elkegaraik adierazi du euskararen aldeko «gauza praktikoak» egin behar direla «euskara gehiago» izan dadin zerbitzu publikoetan eta espazio publikoan. Hautetsi gisa ere gehiago erabiltzeko engaiamendua hartu du. «Euskara hor da, gure hizkuntza da. Ahal dugu baliatu, ez bakarrik maskarada eta pastoraletan». Kultur elkarteak laguntzeko beharra ere aipatu du. Accocek ez du ezer berezirik erran euskarari buruz, haatik, baditu hautagai euskarafoboak haren zerrendan. Duela zenbait hilabete, EEPren aitzinkontua salatzeko mezu iraingarria idatzi zuen Frederic Chaldu zerrendakideak Linkedin sare sozialean, «dirua leihotik botatzea» zela erranez. «Sustut ez ezazue zuen haurra frantsesez den aisialdi zentro batean eman, ez lirateke nahasi behar», bukatu zuen erranaldia.
Ezkerreko abertzaleek Zuberoan eta Ipar Euskal Herrian kokatu nahi dute Maule, eta horretan garrantzia berezia eman dio Euskal Elkargoko parte hartzeari. «Hau Euskal Herria da», erran du Elkegaraik. «Maule ez da fitsik Frantzian; Euskal Herrian, bai».
DATUAK
- Demografia. 2.775 biztanle.
- Boz zerrenda. 1.084.
- Herriko kontseilua. 23 hautetsi.
- Euskal Hirigune Elkargoa. Hautetsi bat.
- 2020ko emaitzak. Louis Labadot, %40,35 (17 hautetsi); Mixel Etxebeste, %38,24 (4 hautetsi); Beñat Elkegarai, %21,41 (2 hautetsi).
- 2026ko hautagaiak. Louis Labadot, Beñat Elkegarai eta Armanda Accoce.