Mauleko kaserna zena antzerki Günea bilakatu da

Tokia konpainiak baliatzen zuen egoitza Günea bilakatu da. Kudeatzaile berriak ditu, eta antzerkia irakasteko, sortzeko eta erakusteko eremu bat izanen da.

Günea egoitzaren estreinan, irailaren 25ean, Maulen. J. E.
Günea egoitzaren estreinan, irailaren 25ean, Maulen. J. E.
Joanes Etxebarria.
2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaserna ohia erraten zaio Maule erdiguneko antzokiari, suhiltzaileen segida hartu baitzuen Tokia antzerki taldeak. Euskalkien arteko joko bat egin dute orain Tokiaren segida hartuko duten lau antzerkilariek egoitza Günea izendatuz. Bonbon Beltz konpainiako Maika Etxekopar, K’atWoq konpainiako Cindy Gomez eta Jon Foucher eta Gaia Oilarj-Ines dira antzerki guneko eramaile berriak. Irailaren 25ean kabaret gaualdia antolatu zuten antzerkiz lekukoa hartzeko eta, gisa batez, kolektiboki eramaten duten dinamika berriaren aniztasuna agerian uzteko ere bai. 

Kabaret gaualdiak jende anitz bildu zuen artisten inguruan. Euskarazko antzerkiak, drag show-ak eta Cindy Gomezen parteak iragarri zuten Günea eramanen dutenen aniztasun artistikoa, Jurgi Ekizaren kontzertuarekin bukatu aitzin. Tokia konpainiako Michel eta Josy Foucheren ideia izan zen gunea eskuz aldatzea, eta ahalaz kolektiboki kudeatua izatea, Maika Etxekoparren erranetan: «Jon Foucherek K’atWoq konpainia sortu zuen Cindy Gomezekin; Tokiako Josy eta Michelen [Foucher] semea da, eta bazen halako ebidentzia bat».

P1130921
Titika Rekalt eta Maika Etxekopar, Mauleko Günean, irailaren 25ean. XIBEROKO BOTZA

K’atWoq konpainia berriki sortu da. Etxekoparren Bonbon Beltz konpainiak baditu urte gehiago, eta azken urteetan Zuberoan bizi da antzerkilaria. Gaia Oilarj-Ines Lyonen hasi zen antzerki ikasketekin, eta geroztik Frantziako Estatuko zenbait eskualdetan aritu da antzerkian, frantsesez. «Momentu onean izan da Tokia arra hartzeko proposamena» Oilarj-Inesentzat. Sinbolikoki aipagarri zaio, gainera, ohartaraztea haurra zelarik Tokian hasi zela antzerkian lehen aldiz: «Haiek zidaten lehen aldiz antzerkia transmititu, eta enetako inportantea da haien lekua hartzea eta ikustea nik nola transmititzen ahal dudan antzerkia ene maneran».

Elkarlanean

Administrazio lanak egin behar izaten dituzte sorkuntzaz gain, eta lan horiek «mutualizatzea» da haien ideia, Etxekoparrek erran duenez: «Bakoitzak langune bezala baliatuko dugu Günea lan administratiboen egiteko, baita sorkuntzen egiteko ere». Ez dute baztertzen, bestalde, elkarrekin proiektuak eraikitzeko ideia, eta soinu eta argi materiala komunean ezarri dute. 

Estreina egunean antolatu zuten kabaret gaualdian taldekideak izan ziren protagonista nagusiak, baina Günea antzoki gisa baliatzeko nahia agertu dute. Tokiak hala egiten zuen funtsean, eta Etxekoparrek dioenez haiek ere programazio bat antolatuko dute: «Guk maite duguna ekartzeko baliatuko dugu lekua». Antzokia, nola ez, beren sorkuntzen zerbitzuan ezarriko dute. Hala egin zuen Cindy Gomezek joan den astean bere lana gazteleraz plazaratuz, eta La primavera eterna (Betiko udaberria) obra frantsesez eta gazteleraz emanen du gaur, 20:30ean. Maialen Lujanbioren RR emanaldia ere ikusgai izanen da, Euskararen Urtaroaren barnean, azaroaren 21ean.

Horrez gain, irakaskuntza gune izanen da kaserna ohia. Orain arte Tokiak antzerki kurtsoak frantsesez eman baditu ere, talde berria euskaraz ere ariko da. Maika Etxekoparrek jadanik kurtsoak ematen ditu Günean; 6 eta 8 urte bitartekoentzat asteazken arratsaldez, eta 9 eta 11 urte bitartekoentzat ostegun arratsaldez. Cindy Gomezek ikastaro trinkoak eskaintzen ditu frantsesez, noizean behinka. Oilarj-Ines eskoletan eta ikastoletan ibiltzen da tailerrak ematen, euskaraz, eta ikastaroak eskaintzen hasteko ideia baluke, bestalde.

Antzerkiak ekartzen duen onuraz ez dute dudarik Güneako aktoreek; Etxekoparrentzat, sentsazio handia da «kolektiboki zerbait erakusteko» badutela ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.