Menopausiaren sintomak tratatzeko unitate berria

Baionako ospitalean menopausiaren inguruko sintomak artatzeko unitate bat sortu dute. Menopausiaren sintomak detektatuz eta tratatuz, eritasun kardiobaskularrak saihestu ditzakete.

13187882
Baionako ospitalea. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko irailaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsune bat betetzeko sortu zen, joan den ekainean, Baionako ospitaleko menopausia saila. Lea Lugbull ginekologian berezitu mediku orokorrak eta Jean-Baptiste Berneau kardiologoak eramanik, menopausiaren ondorioz sintomak dituzten emazteentzat arta bereziak proposatzen dituzte, eritasun kardiobaskularrak saihesteko, besteak beste. Aitzindaria da zerbitzua, oraino ere menopausiak ekarri sintomei kasu guti egiten baitiete mediku gehienek.

Ginekologian berezitua izanik, Lugbullen pazienteen artean anitz ziren menopausiak eragin sintomak zituztenak, bero bafadak anitz, baina gehiago ere zerrendatu ditu: «Umore eta sexualitate nahasmenduak, pixa arazoak, bagina idorteak, batzuetan pisu gorakadak ere bai». Europan, menopausiaren batez besteko adina 51 urtekoa da, eta medikuak zehaztu du ez dela beti sintomez lagundua izaten, nahiz eta, halere, emazteen %75ek menopausiari lotu sintomak ukan. Baina guti aipatzen da mediku kontsultetan ere. Alta, Lugbullen erranetan, sintoma horiek «haien bizi pribatua, intimoa eta profesionala andeatzen ahal dituzte».

Arrisku kardiobaskularrak

Sintoma horiek serioski hartzeko beharraz mintzatu da Berneau kardiologoa, ospitaleko sail berriaren beste gidaria; medikuak dolu du sintoma horiek ez direlako «kontuan hartuak, eta bazter utziak» direlako. Emazteak, haien bizi «aktiboan», hormonez babestuak dira, eta menopausiarekin babes hori galtzen dutela zehaztu du Berneauk: «Menopausia dutelarik, berriz, gizonen arrisku faktore bera izaten dute, arrisku kardiakoa ekartzen du. Bero bafada anitz dituzten emazteak, adibidez, arrisku handiagoan dira, segur aski hormona nahasmenduarengatik». Sintoma horiek ikusten dituzten mediku orokor anitzen ahotik entzun izan du Berneauk «bero bafadak ez direla munduaren bukaera». 

«Duela urte gutxi arte, zientzialari gehienak gizonak ziren; guti interesatu dira menopausiaz»

LEA LUGBULLMedikua, ginekologian berezitua

Baionako unitate berrian onartzen diren pazienteak, mediku orokorraren eskaerak aztertu ondotik, gehienik aurrekari kardiobaskularrak dituztenak dira: hipertentsioa dutenak edo hurbileko familian infartuak ukan dituztenak, adibidez. Kardiologoak eman datuaren arabera, zortzi aldiz emazte gehiago hiltzen dira eritasun kardiobaskularretatik minbizitik baino. Horren zergatia, Berneauren arabera, sentsibilizaziorik eza da: «Eskerrak badirela detekzioak bularreko minbiziarentzat; kontzientzia azkarra bada, eta beraz emazte guti hiltzen da horrengatik». Baina damugarri zaio menopausiarekin agertzen diren sintomen arrazoi batzuk ez detektatuak izatea, biziak salbatzea ekarriko bailuke Berneauren ustez: «Hipertentsioa, kolesterola edo arrisku faktore bat atzematen bada, hori tratatu, eta saihestuko da eritasuna», segurtatu du. Hamar eritasunetatik bederatzi detekzio goiztiar batekin saihesten ahal liratekeela gehitu du kardiologoak. 

14983789
Lea Lugbull medikua izan da Baionako ospitalean menopausiaren unitatea abiarazi duena. PATXI BELTZAIZ

Detekzioan diren arazoak esplikatzean, emazteen eta gizonen arteko desberdintasuna nabarmendu du Berneauk: «Maleruski, patologia kardiakoa ez da hain begi bistakoa emazteen kasuan; ez da sintoma argirik mediku orokorra alertatuko duenik; akitua izaten ahal da, adibidez. Beraz, sintomak ez dira berdin kontsideratuak gizonentzat edo emazteentzat», zehaztu du.

Hitza askatzen

Menopausia unitateak ginekologoa eta kardiologoa baino osasun profesional gehiago biltzen ditu, pazienteei detekzio eta arta zabalak eskaintzeko gisan: erizain, dietalari, sexologo, urologo edo sofrologoak ere badira lantaldean, besteak beste. Ginekologian dituen pazienteen hitzetan bermatuz, Lugbullek argi du sintoma batzuk besteak baino gehiago aipatu ohi direla: «Idorte baginala zaila da aipatzea, eta harreman sexualetako minak ere ez dituzte aipatzen ez badiegu galdetzen», argitu du. Hitzari «lekua ematea» ezinbestekoa zaio ondorioz, arazoak seinalatzeko lehen bidea delakoan. Lugbullek ukan zuen unitatea sortzeko ideia, bere pazienteen «parte zinez handi batek trabak zituelako menopausiaren ondorioz; bero bafadak bai, baina ez soilik».

«Bero bafada anitz dituzten emazteak arrisku handiagoan dira, segur aski hormona nahasmenduarengatik»

JEAN-BAPTISTE BERNEAUKardiologoa

Egin beharreko urratsak anitz badira ere, Baionako menopausia saileko sortzaileek eskertu dute iragan apirilean gaiaren inguruan Frantziako Gobernuak plazaratu zuen txostena; Stéphanie Rist parlamentariak gidatu ikerketarentzat, 2.000 emaztetik goitiren lekukotasunak bildu zituzten. Emazte anitzentzat menopausia «askapen» bat izan dela irakur daiteke txosten horretan, baita emazteen %20-25ek artean «bizi kalitatean ondorioak dituzten nahasmendu gogorrak» pairatzen dituztela ere. Sintoma batzuk tabu direla agerian gelditzen da; osasungintzako profesionalen partetik prestaketa guti dela ere bai. 

Aldaketa beharrez

Emazteen artan den eskasiaz badaki zerbait Lugbullek, berak abiarazi baitzuen Baionako ospitaleko endometriosiaren unitate berezia ere, hori ere aitzindaria. «Duela urte gutxi arte, zientzialari gehienak gizonak ziren, guti interesatu dira, eta guti aipatu izan da» menopausia, Lugbullen erranetan. Adibide gisa aipatu du menopausia goiztiarrarekin arrisku kardiobaskularra zinez goratzen dela, eta berant deskubritu dela hori, beste datuen artean. Bat egiten du Berneauk ere, eta gehitu medikuntza froga zientifikoetan oinarritua dela eta «usu gizonentzat badena ez dela egina izan emazteentzat». 

Beste diferentzia argi bat azpimarratu du Berneauk. 35 eta 60 urte arteko gizonak ez dira mediku kontsultara usu joaten, baina argi du emazteak are gutxiago joan ohi direla; haren erranetan, «haurrak zaintzen dituzte, eta gero gurasoak... Gutitan axolatzen dira beren buruaz». 

25 proposamen

 

Frantziako Gobernuari aurkeztu zitzaion, joan den apirilean, menopausiaren inguruko txosten parlamentarioa. 25 proposamen zehatz zerrendatu dituzte gaia hobeki lantzeko. Hauek, besteak beste: 

 

INFORMAZIOA

  • Sintomak. Menopausiaren sintomez emazteak hobeki informatzeko ahal publikoak baliatzea. 
  • Gazteak. Kolegiotik aitzina gizon eta emazteen bizi faseen inguruan informatzea.

ARTAK

  • Profesionalak. Menopausiaren inguruko oinarrizko formakuntza segurtatzea osasungintzako profesionalekin. 
  • Kontsulta. Mediku liberalen eta erien asurantzaren arteko hitzarmenaren negoziazioan, mahai gainean ezartzea kontsulta luze bat menopausia hastapenean diren pazienteentzat.
  • Arta zerbitzua. Emazteak artatzeko zerbitzua hobetzea menopausiaren inguruko ibilbide pertsonalizatu bat proposatuz, osasungintzako diziplina desberdinekin.

LAN MUNDUA

  • Ezagupena. Zerbitzu publikoetan eta enpresa handietan menopausia osoki integratzea giza baliabideetako politiketan. 
  • Estatistika. Sexuaren eta adinaren arabera ikertzea lan munduko osasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.