Pantxix Bidart

Ni ez naiz hemengoa

2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haitzen arteko herri zahar batetik datorkit ondoko kondaira. 

Ika-mikak omen ziren herriko gazte euskaldun eta hautetsi ez hain euskaldunen artean. 

Bilkura gatazkatsu batean, hautetsiek gazteei: «Ez zarete hemengoak, auzo herrietakoak baizik!».

Gazte batek: «Ni hemengoa naiz!». 

Hautetsiaren erantzuna: «Hemen bizi haiz baina ez duk zergarik pagatzen».  

Eztabaidaren bukaera.

Istorio (ez hain alegiazko) horrek galdera ekarri dit gogora: zer da hemengoa izatea? Auzo herrietako gazte euskaldunak, urte osoan herria animatzen, libertimenduak antolatzen, gure eremuko euskaldun gisa euskaraz bizi direnak ez ote dira hemengoak? Hemengoago ote da Frantziako punta batetik etorri zaigun biztanle berria, gure hizkuntza ez badu ikasten ere, gure kulturaz ontsa «kakiten» badu ere? 

Ez hain alegiazko istorioko hautetsientzat, hemengoa zergak pagatzen dituena da, eta kito. Eta oraindik herri kolonizatua garela erran, eta batzuek erantzuten dizute diskurtso zahar hori bukatzeko: elkarbizitza, errespetua, komunikazio baikorra, hona bide bakarra.

Joseba Sarrionandia, Martutenetik ihes egin ondoan, haitzen arteko herri horretan egon omen zen denbora batez. Orduan idatzi zukeen Ruper Ordorikak ematen duen Martin Larralde poema. Erbestea hainbeste galdekatu duen hura, hemengoa sentitu ote zen, garai hartan?

Josebari pentsatzeak ohartarazi dit ez dudala oraindik irakurria garai berean plazaratu zuen Ni ez naiz hemengoa saiakera. Irakurri beharko!

Ez hain alegiazko ipuin hau sar dadila kalabazan eta atera dadila hangoa sentituko naizen amestutako herriaren plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.