Xaxi Erdozaintzi Etxart

Nora goaz

2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denek dakigun bezala uda biziki beroa ukan dugu. Beste laborariekin mintzatzean, ohartzen gara negu zaila dugula aitzinean eta urrunago so egiten hasten bagara, urte zailak ere bai. Irailean negua pasatzeko behar ditugun ekoizpenen lehen prezioen ukaiten hasten gara, eta beldurgarria da prezioak doblatzen baitira gehienetan. Nik ardiak eta behiak mendira igortzen ditut, eta hor ere aurten ezberdintasun handia nabari da, bortuak usaian baino goizago husten ari baitira.

Ene inguruko beste laborari batzuekin aipatzean denak beldurtzen hasiak gara: urik ez, belarrik ez, prezioak gora, baina zein da laborarien eta laborantzaren geroa? Hori guziari buruz ene burua galdekatzen ari nintzelarik, bideo baten gainen erori naiz. Bikote bat mintzo zen. 12 behi dituzte, 12 hektarea, bi SMIC ateratzen dituzte eta bost aste bakantza. Dena transformatzen dute eta biziki uros dira. Eta azkenean hau balitz geroa? Nahiz eta gure mendietako etxaldeak ttipiak diren aterabidea, ez litzatekea gure tropen oraindik gehiago ttipitzea, eta bakoitzak gure etxaldeetan ditugun baliabideak erabiltzea? Arto edo zuhainen prezioen doblatzen ari direnen sakelak betetzeko ordez?

Bakoitzak ahal duguna eginen dugu, horretan ez da dudarik. Kabalak menditik jausten ari dira, sasoi berria hasten ari da, ardi eta behiekin ari diren laborarientzat. Aterabideak atzematen ahal dira, elkar lagundu behar dugu horrelako garai zailetan, kuraia on laborari guziei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA