Okupazioak merezi zuen. Astelehenean, Donibane Garaziko Continental hotela izandakoaz jabetu ziren Gaga gaztetxeko kideak, lokal berri baten galdegiteko. Biharamun arratsalderako lortu zuten hitzarmena: gaurtik goiti irailera arte bederen, suhiltzaileen kaserna zaharrean jarriko dute gaztetxea. Erabakiaren berri ukan bezain laster, Continental hotel abandonatuaren okupatzeari utzi diote gazteek, haiena izango den kaserna zaharraren bisitatzeko. Eraikina Euskal Hirigune Elkargoarena bada ere, Donibane Garaziko Herriko Etxearen esku dago haren kudeaketa. Irailaren hondarrean berriz bildu beharrekoak dira elkargoa eta herriko etxea, gaztetxeari epe luzerako uztea trenkatzeko.
«Egun hauetan, argi gelditu da herriko etxeak ez zuela borondaterik gaztetxe baten beharrari aterabidea atzemateko. Hau da, presiopean bakarrik egin digu proposamen erreal eta konkretu bat, eskura zen lokal huts bat emanez», argitu zuten Gagako kideek, atzo arratsean egindako elkarretaratzean. Azaldu zuten herriko etxeak eta oro har instituzioek ez dutela «interesik etekin ekonomikoa ematen ez duten elkarteen beharrak asetzeko». Hortaz, «instituzioetatik kanpo antolatzearen eta kolektiboki defendatzearen indarra eta beharra» goraipatu zituzten.
Borrokak dirau
Bestalde, Gagako kideek bardako hitzaldia baliatu zuten beren aldarrikapenen azkartzeko. Berriro salatu zuten turismo masiboaren eragina Donibane Garazin, eta tokikoentzat eraiki nahi duten alternatiba azaldu zuten. Herritarrak eta gazteak elkartzeko eskaintza askotarikoa eta doakoa aurkeztu nahi dute: politizatzeko guneak sortu eta euskararendako arnasgune bat proposatu.Â
Azkenik, «aspaldiko» borroka izan dela azpimarratu zuten, gogoan atxikiz epe laburreko hitzarmena lortu dutela oraingoz. Gazteek oroitarazi zuten egoera egonkor bat ukan arte borrokatzen segituko dutela. Horretarako, gazte guziei dei egin zieten berriz ere «Garaziko herria biziaraztera eta onartzen ez dugun mundu injustu horri aurre egitera».