Bip. Ottoren Whatsapp-eko notifikazioa ikus dezaket. Mezua ireki eta argazkiak dena dio haren aldarteaz: zut-zuta, eskuan saskia mukuru betea duela, onddo bilketa fierki erakusten. Argazkiari erantsita onddo ta puntto etiketa. Probokazioa ote? Bai. Urteroko lehia abian da. Buruiletik azarora, euri pixka bat eta ondotik hego haizeak haritz peak lehortzen baditu, orduan, bilaketa hasten da. Onddoak urtero badira, baina aurten aspaldi ez genituela hainbeste ikusi eta horrek lehia areagotzen du.
Familia osoan, amaren otto adinekoa da lehiak gehien harrotzen duena. Azken aldian, Donamartirin gaindi ginela, harro jalgi zen oihanetik, zakua onddoz lepo, irria belarrietaraino. Oihaneko masa organiko artetik, sasi beti tinkoagoetan gaindi, begi zorrotzekin, nola atzeman zituen kontatzen ari zela, non atzeman zituen galdetzen ausartu nintzaion. Erantzuna: irri maltzurra. Ez zuen gehiagokorik salatu —aurreikus zitekeen—. Hark guri zer aurkitu genuen galdetzean, erdi ahalke, gure uzta urria erakutsi genion. Bazekien ez genituela berak bezainbat aurkituko.
Onddoen inguruan sor daitekeen euforia hori tradiziotzat dut; norgehiagoka, ea nork gehiago eta handiago atzematen duen. Gauza sinpleek oraino garrantzia dute mundu honetan. Horien artean, onddo bilketak eta batez ere bilaketak. Bilaketak sortzen duen esperantza hori, ibiltzea atzematea bezainbat baita, edo gehiago. Bila ditzagun, eta aurkituz gero jan, onddoak, ase arte. Onddo ta puntto.